Ataria

Salburuko ornitologia-albisteak. Ekainaren 8tik 15era

Aste honetako eguraldi freskoa eskertzekoa da, hegoaldeko beste leku batzuetan jasaten den beroa ikusita. Hezetasuneko ur-maila oso egokia da eta habiak egiteko eta txitak elikatzeko prozesuak oso aurreratuta daude. Basa-ahate, ipar-ahate, murgilari arrunt eta kopetazurien txita ugari ageri dira, baita oilagor eta txilinportenak ere, eta zenbait murgil-bikote ere ikus daitezke haien kumeekin.

Lertxuntxo txiki bat eta eztei-lumajeak agerian dituzten lau koartzatxo itzain ere begiztatu ditugu. Bestalde, Serafín Alarcónek eraztunik gabeko mokozabal bat eta lau ahate gorrizta ikusi dituela esan digu.

Bitartean, anatido askori beren lumajeak iluntzen hasi zaizkie.

Zangaluze batzuk daude ikusgai: kuliska handiak,  txirritxo handiak eta txirritxo txikiak; azken horien bikote bat txitatzen ari da eta beste bat estaltzen. Bi zeregin horietarako berandu da. Bikoteetako bat Los Fresnos behatokitik oso ondo ikus daiteke; legarrez estalitako uharte berrian dago, behatokiaren ondoan. Espero dezagun txitatzeak atarramentu ona izatea eta Salburuan jaiotako espezie horretako txitak hegaz egiteko aukera izatea, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea baita.

Salburuko pasealekuetan barrena uroilanda handiaren txita iheskorren bat gurutzatzen da, korrika batean. Txepetxak, kaskabeltzak, zozoak, errekatxindorrak, txantxangorriak kantari dabiltza, baita lezkari karratxin zalapartatsu eta monotonoa ere.

Miru beltzak erraz ageri dira larrean eta arrano txikia ere gero eta ohikoagoa da. Aste honetan egiaztatu dugunez, zingira-miruen bigarren bikoteak habia egin du Betoñuko Urmaelean, susmatzen genuen bezala.

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude