Ataria

2016: “Urte bisistua, latza eta estua”

Nork ez du atsotitzik erabiltzen gauzak azaltzeko? Izan ere, gaztelaniaz “Año bisiesto, ni casa, ni viña, ni huerto, ni puerto”, “Año bisiesto, difíciles doce meses para el cesto” edo “Año bisiesto, ni aquello ni esto” esaten bada, zerbaitegatik izango da.

Orain elurra ari du, gero 20 graduko tenperatura dugu, hurrena euri zaparrada… eta, zergatik ez? zuhaitzak loretan! Badirudi atsotitzek badutela arrazoi puska bat.

Ez dakigu ziur zergatik jotzen diren bisurteak aiurri txarrekotzat, baina ziur dakiguna da planeta aldatzen ari dela: egunero ikusten dugu albistegietan herrixkak suntsitzen dituzten tifoiak, etxeetan gainezka egiten duten uholdeak, istripuak eragiten dituzten elurteak, lehorteak pobretutako nekazariak eta beste zoritxar asko. Eta izango  da esaten duenik: “hori beti gertatu da”.  Eta ez dio inork ukatuko. Aldea da orain, esan ohi denez, “eguraldia zoratu” egin dela: Lurraren tenperaturak 0,85 ºC-ko igoera globala izan du (horregatik daude hain aztoratuta zuhaitzak), eta horrek eraldaketa handiak eragin ditu ekosistemetan, fenomeno meteorologikoen maiztasun eta erasokortasunean eta –zergatik ez?– pertsonen umorean.

Hala ere, joan den abenduan, munduko 195 herrialdetako ordezkariek alde batera utzi zituzten haserrea eta umore txarra, eta Parisen bildu ziren Klima Aldaketaren kontrako Mundu Gailurrean, irtenbideak bilatzeko asmoz. Bereziki negutegi efektuko emisio globalak murriztea erabaki zuten, tenperatura globalaren igoerarako 2 ºC-ko muga ezarrita, baina 1,5 ºC ez gainditzen saiatuko direla hitz eman zuten. Hitzarmen sinple batek ez du miraririk egingo, baina nonbaitetik hasi behar da.

Agian bisurte hau ez da hain beldurgarria izango azkenean, ez?

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude