Ataria

Bertan dira zeruko bihurriak!

“Enarak goizean txio txioka, eguraldi ona” edo gaztelaniaz “Si quieres saber cuándo es abril la golondrina te lo vendrá a decir” nahiz “Ni primavera sin golondrina, ni alacena sin harina” entzunda, erraz antzeman dezakegu hegazti ausart horrekin batera iristen dela udaberria. Landareak loratzearekin batera, Afrikatik bidaia luzea egin ondoren ikusten ditugu enarak gure zeruak ziztuan zeharkatzen.

Kulturan sustrai sakonak egin ditu txori horrek, gizakiarengandik oso hurbil baitago. Beti bizi izan da gugandik gertu, beste auzoko bat bihurtuta: etxeetako teilatu edo fatxadetan, herrietako mandio edo pilotalekuetan… Hori dela eta, atsotitz, kondaira eta ipuin ugaritan da protagonista hegazti bizkor hori. Hala ere, ez dugu behar bezala estimatu.

Ugaria dela dirudien arren, haren egoera ez da hain zorionekoa. 2014an urteko hegaztia izendatu zuen SEO/BirdLifek, haren populazioa gainbeheran doalako nekazaritza eremuan eta alor horretako politika eta jardunbideetan izandako aldaketen ondorioz. Bestetik, intsektizida kimikoen erabilera dela kausa nabarmen gutxitu dira intsektuen komunitateak, eta horiek enaren elikadura osatzen dutenez, oso zaila gertatzen zaie bizirik irauteko egunean behar duten janari kopurua lortzea. Hori guztia dela eta, enaren populazioa azkar murrizten ari da: azken hamarkadan, % 30.

Intsektuen komunitateak kontrolatu litezke enaren eta beste espezie batzuen bidez (saguzarrak, esaterako). Izan ere,  espezie horien dietaren oinarria intsektuak dira, beraz, egoera onean baleude eta ugariak balira produktu kimikoen muturreko erabilera eragotziko genuke, oker “izurri” deitzen ditugun espezie horietako batzuen intsektizida naturalak eta kontrolatzaile biologikoak baitira.

Denok nahi dugu enaren hegaldi ausartez gozatzen jarraitu, eta atsotitz, kondaira eta ipuinetako protagonista izaten segi dezaten. Horretarako, nekazaritza politikak aldatu beharko lirateke, eta enaren garrantzia eta balio ekologikoa zabaldu. Zoritxarrez, migrazio bidaia luzeen ondoren ez dute saririk jasotzen, eta hori aldatu egin beharko da. Gure zeruetan nahi zaituztegu, bihurri horiek!

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude