Ataria

Salburuko ornitologia albistegia: 2016ko azaroaren 4tik 10era arte

Euria, haizea eta hotza iragarri zituzten aste honetarako, hau da, negu-neguko baldintza atmosferikoak. Azkenean, zazpi egun horietako erdiko aldian presio altuak eta antizikloi giroa izan ziren, eta ondorioz, Salburura aire hezea eta freskoagoa iritsi zen. Aste hasieran ipar haizea ibili zenez, tenperaturek beherantz egin zuten, eta maximoak 20 graduen bueltan mantendu ziren. Asteburuan euria egin zuen berriro, eta haizea ipar-mendebaldera aldatu zen; horrek tenperaturaren bat-bateko jaitsiera eta euriteak ekarri zituen. Elurra ere agertu zen mendi gailur garaienetan, Gorbeian, esaterako.

 Giro baldintza horien eraginez, Sahararen iparraldera doazen hegaztiak edo migratzaile mediterraneoak iritsi ziren gurera, eta espezie batzuetako azken aleak ere begiztatu ziren, kuliska buztanbeltza, esaterako. Astean zehar neguan bertan geratuko diren espezieak iritsi ziren: txantxangorriak, zozoak,  buztanikara zuriak, arabazozo pikartak, kaskabeltzak, landa-txirtak, birigarroak, garraztarroak, zingira-berdantzak, errekatxindorrak, erregetxo bekainzuriak, txepetxak, etab.

 

Arkautin ere joera horri jarraitu zioten uretako hegaztiek, eta ale ugari sartu zen: basahateak, ipar-ahateak, ahate buztanluzeak (10 ale), txistulariak (6 ale), mokozabalak (30 ale) eta zertzeta arruntak (40 ale). Ez da ia murgilari europarrik geratzen, baina antzaren saldo txikiak ikusi ziren hezegunearen gainetik hegan eta inguruan egonkortzen (2016/11/09an 10 ale ikusi ziren).

 

Astean zehar, hezeguneko espezie tipikoetako ale solteak ibili ziren, hala nola hegaberak (12), istingorrak, uroiloak (11 ale batera 2016/11/07an), antxeta mokogorriak (40 ale 2016/11/03an), kaio hankahoria (1), ubarroi handiak (5 ale 2016/11/09an), murgilak (2) eta txilinporta txikiak (3).  Koartzatxo handi bat aldian behin agertu izan da garai honetan, eta amiamokoek dagoeneko osatu dute neguko etzauntza, 73 ale inguru bildu delarik. Zingira-mirotzak eta miru gorriak zeruaren jaun eta jabe izaten jarraitu dute.

 

Atarian bertan, hegazti negutar ohikoak ibili dira: kaskabeltzak, amilotx urdinak, txantxangorriak, buztanikara zuriak, buztangorri ilunak… Bitxikeria gisa, hilaren 8an eta 9an belatz gorri bat agertu zen, eta 8 zikoina zuri igaro ziren. Orobat, bertako aintziretan txilinporta txikiak, kopetazuriak, ipar-ahateak, eta uroilanda europar batzuk ibili dira egunero.

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude