Ataria

Salburuko ornitologia albistegia: 2016ko azaroaren 25etik abenduaren 1era arte

Arabako Lautadan giro ezegonkorra iragarri zen, Ozeano Atlantikotik borraska bat zetorrelako. Horrek euri ugari ekarri zuen, hego-ekialdeko haizeak –ez gogorregia– lagunduta, eta aste erdira arte iraun zuen egoerak. Horrenbestez, prezipitazioak izan ziren protagonista ia egunero, bai eta tenperatura baxuak ere (minimoak 3 ºC-koak eta maximoak 11 °C-ren bueltan), eta goizeko lehen orduetan behe-lainoa agertu zen. Asteburuan, berriz, eguraldi lasaiagoa izan zen, ez zuen euririk egin eta orduek aurrera egin ahala zeruak garbiago ageri ziren; hori dela eta, eguzkiaz gozatzeko aukera izan zen, tarteka zerua lainotu eta euri tanta ahulen bat erori arren, egunaren erdialdean.

 

Aste osoan espezie mediterraneo negutar ugari igaro dira, hau da, negua gurean pasatzen geratuko direnak, eta astearen bukaeran antzara eta kurrilo saldo handiak ikusi dira formazioan hegan. Europa erdialdean hozten hasi duenez, paseriforme txiki ugari iritsi dira, askotariko espezietakoak:  txio arrunta, erregetxo bekainzuria, txepetxa, karnaba, landa-txirta, txinbo kaskabeltza, txantxangorria, arabazozo pikarta,  birigarro arrunta eta birigarro txikia, zingira-berdantza, etab.

 

Arkautiko baltsan, miru gorria, belatz gorria, gabiraia eta zapelatza ikusi dira hegan, bai eta zingira-mirotz bikote bat ere. Lehorrean, espezie hauek maiz antzeman dira: zikoina zuria (2016/11/28an 124 ale), ubarroi handia (4 ale), koartza hauskara, koartzatxo txikia eta koartzako itzaina. Uretako espezieei dagokienez antzera gertatu da, hegazti ugari sartu baita: antzarak (2016/11/29an 83 ale), basahateak, ipar-ahateak (batez ere Betoñun), mokozabalak, buztanluzeak (11 ale), txistulariak (8 ale)) eta zertzeta arruntak (2016/11/27an 20 ale). Larido mota ezberdinak ere agertu dira: kaio iluna (3 ale), mokogorria (4 ale) eta hankahoria (2 ale). Limikoloetan, negutar ohikoak ibili dira: kuliska handia, istingor arrunta, eta hegabera saldoak (36 ale).

 

Bitxikeria gisa aipatu daiteke 2016/11/28an okil txiki bat begiztatu zela Arkautiko aparkalekuan; 2016/11/25ean martin arrantzale bat agertu zen Betoñuko aintziran, eta 2016/11/30ean koartzatxo handi bat. Betoñun ere ubarroi handi batzuk, koartzatxo txikiak,  txilinporta txikiak, basahateak eta kopetazuriak ikusi dira.

 

Atarian uretako hegaztien talde txikiak egonkortu dira: ipar-ahateak, basahateak, txilinporta txikiak eta kopetazuriak. Orobat, espezie hauetako aleak ikusi dira: zikoina zuria, zingira-mirotza, okil berdea, eta paseriforme ugari (kaskabeltza, zozo arrunta, txonta arrunta, errekatxindorra, buztangorri iluna, landa-txirta…).

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude