Ataria

Albistegi ornitologikoa urtarrilaren 13tik 20 ra arte

Astea elur prezipitazioekin hasi dugu, eta hezegunea zuriz estali zen. Asteak aurrera egin ahala, hotz polarreko bolada batek tenperaturak bat-batean jaitsiarazi zituen. Hori dela eta, izozte handiak izan ditugu, neguko irudi ikusgarriak utzi dizkigutenak. Muturreko hotza (-9 ºC-raino iritsi da) eta Salburuko goizeko ohiko lanbroa direla kausa, antzigarrak zuriz estali zuen parke osoa.

Egoera meteorologikoak babestera behartu ditu hegaztiak, izoztuko ez baziren, eta ahoratzeko moduko zerbaiten bila mugitzera. Hala ere, Ataritik hurbil hegazti hauek ibili dira: txonta arrunta, okil berdea, amilotx urdina, buztanikara zuria, kaskabeltza, buztanluzea, zozoa, txantxangorria, txepetxa eta txio arrunta. Gainera, egunero landa-txirtak (20raino) eta birigarro arruntak (12 inguru) ikusi dira. Bitxikeria gisa, hilaren 14an mirotz zuri bat begiztatu zen Atariaren ondoko belardien gainean zelatan.

Parkean barrena hegazti hauek entzun eta ikusi ahal izan ditugu: erregetxo bekainzuria, gerri-txori arrunta, txonta arrunta, amilotx urdina, kaskabeltza, buztanluzea, landa-txirta, birigarro arrunta, zozoa, txantxangorria, txepetxa, buztanikara zuria eta txio arrunta.

Arkautin, antzara-saldo handiez (100 ale) gozatzen jarraitu dugu, hezegunea izoztuta egon arren labaindu gabe mugitzeko moduan konpondu baitira. Antxeta mokogorriak, kaio ilunak eta kaio hankahoriak ere agertu dira, ohi bezala, bai eta ubarroiak ere, makalen adaburuetan pausatuta. Gainera, gero eta kopetazuri gehiago ikusten da. Anatidoei dagokienez, basahateek jarraitzen dute ugarienak izaten (36 ale), mokozabalekin (30)  eta ipar ahateekin batera, azken horiek gero eta errazago ikusten baitira. Harrapari batzuk ere ibili dira Arkautiko baltsaren gainean hegan, esaterako, zingira-mirotza, gabiraia eta belatz gorria, harrapakin errazen baten bila. Urtarrilaren 18an aipatzeko moduko agerpena egin zuten bi okil handik, Las Zumas behatokitik gertu jolasean ibili baitziren.

Zikoinak, beti bezala, parke osoan dabiltza etengabe aireratzen eta lurreratzen. Horietako asko Arkautiko makaldian iaz eraikitako habietan babesten hasi dira.

 

 

 

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude