Ataria

Ornitologia albistegia: 2017ko apirilaren 1etik 14ra

Udaberria lehertu egin da Salburuko hezeguneetan. Udaberriko egun beroak izan dira ohikoena aste osoan.  Goizetan behe laino sarria eta tenperatura hotzak (4 ºC) izan arren, egunak aurrera egin ahala tenperaturek ere gora egin dute (24 ºC) eguzkia nagusitzen zen bitartean. Goizaren erdialderako lainoa saretu eta zerua urdin-urdin agertu da.

 

Tenperatura horiei esker, Salburua paradisua izan da hegaztientzat. Egun eguzkitsuak baliatuz, asko ugaltzen hasi dira, eta beste asko habia prestatzen ari dira. Ugaltzeko goiztiarrenen artean antzarak ditugu. Arkautiko baltsan 3 bikote ikusi ahal izan dira, bakoitza 6 txita zituela, beraz, hegazti zaratatsu horiek berriro jarri dute etxea Salburuan. Betoñuko aintziran koartza hauskarek egindako 7 habietan ere txitak hazten ikusi ditugu.

 

Habia egiten ari direnen artean miru beltzak (2 bikote) nabarmendu ditzakegu, etengabe ari baitira lanean Arkautiko makaldiko adaburuetan. Zozoak hona eta hara dabiltza hegan zuhaixken artean, habia egiteko adarrak eta beste osagai batzuk garraiatzen. Migrazioan iritsi zirenetik, txinbo kaskabeltzek kantuz bete dute hezegunea, eta oso urduri dabiltza habia egiteko leku aproposaren bila. Aurten lehenengo aldiz bi euli-txori gris ikusi ditugu.

 

Arkautiko aintzira handian hiru ahate buztanluzek eta hogeita hamar mokozabalek jarraitzen dute, negu osoa hemen igaro ondoren. Ipar-ahateak (15 ale), koartzatxo handiak (5), kopetazuriak (45), koartza hauskarak (10), zingira-mirotzak (2) eta zikoina zuriak dira hegazti ohikoenak.

 

Bitxikeria gisa, aste osoan arrano txiki bat ibili da hezegunearen gainetik hegan, txita jaio berriak zelatatzen, eta koartza gorri batek izua eragin du anfibioen artean.

 

Astea albiste pozgarri batekin bukatu da, urtero Atariko baltsetan ibili ohi diren kopetazuriak berriro ugaldu baitira (6 txita). Txitek adi egon beharko dute, Arkautiko baltsako makaldian habia egin duten miru beltzen bikotea erdialdeko aintziren inguruan ibiltzen baita baten bat ahoratzeko asmoz.

 

Ez izan zalantzarik eta hurbildu hezegunera. Egun hauetan zoragarria da!

 

 

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude