Ataria

Salburuko ornitologia albistegia: 2017ko apirilaren 14tik 20ra arte

Aste honetan, egun estaliak  eta zeru urdin eta garbiko egunak tartekatu dira. Tenperaturak ez dira gehiegi aldatu: altuena apirilaren 17an izan zen (19,6 ºC), eta baxuena, apirilaren 20an (5,2 ºC). Gauak hotz samarrak izan dira, baina eguerdi aldera tenperaturak oso atseginak izan dira, altuak gauden garairako. Haizea, berriz, ez da gogorregia izan: gehieneko abiadura apirilaren 19an neurtu zen, 48.7 km/h-koa. Batez besteko abiadura 39.81 km/h ingurukoa izan da. Horrek ez du eragotzi hegaztien behaketa.

Oskarbi egon den egunetan, haize gogorrik ibili ez denez, handia izan da jarduera ornitologikoa. Atarian, apirilaren 18 eta 20an, hainbat paseriforme ikusi ziren, hala nola buztangorri iluna (ale 1), kaskabeltza (6) eta buztanikara zuria (1). Orobat, kopetazuriak (8 ale) eta txitak ikusi ahal izan ziren, eta haien kolore biziez gozatzeko parada izan genuen ATARIA-Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroko baltsetako landareek ematen dieten babesetik irteten zirenean. Txilinporta batek ere baltsa hori aukeratu du janari bila murgiltzeko. Airean, koartzatxo txiki zuri bat antzeman da, bai  eta okil berdea ere, gure zelaietara jateko bila hurbiltzen  baita. Gainera, enara dozena bat hara eta hona ibili da, aireko akrobaten antzera, ustekabeko biraketak eta  lur-arraseko hegaldiak eginez zentroko patioan. ATARIAn dagoen habia okupatu eta bertan arrautzak jarri dituen zikoina zurien bikotea ahaztu gabe. Irikan gaude txitek arrautza nola hausten duten ikusteko

Betoñuko aintziran, berriz, apirilaren 20an kopetazuriak (6), basahateak (4), murgilari europarrak (10) eta murgil handi bat ikusi ziren. Errekatxindorren (4) kantu ezaguna ere entzun zen, nahastezina baita parkea betetzen duten askotariko kantuen artean. Egun berean, beste hegazti hauek ikusi ziren: enarak, koartza hauskara (1), koartzako itzainak (3), zikoina zuriak (2), kaioak eta zozoak (8).

Azkenik, Arkautiko aintzirara joan ginen,  eta bertan ale hauek zenbatu genituen: murgilari mottodunak (4) eta europarrak (10), ipar-ahateak (15), murgil handia (1), mokozabalak (10) eta antzarak (2), txitekin. Ardeidoek ere ez zuten huts egin: koartzatxo txikia (1) eta koartza hauskara (1). Parkeko beste leku batzuetan bezala, hezeguneko aintzirarik handienean ez ziren falta okil berdea (1), txilinporta (1), enara azpizuriak eta enarak.

 

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude