Ataria

Ornitologia albistegia maiatzaren 19tik 27ra

Aste zoragarria izan da. Udaberriko egunak iritsi dira Salburuko hezeguneetara, eta nola! Tenperaturak nabarmen igo dira aurreko astekoen aldean: maiatzaren 25ean (osteguna) 37 ºC-ra heldu ziren. Asteko azken egunak bereziki beroak izan dira, hainbesteraino non abuztuan geundela ematen baitzuen. Hori dela eta, Salburuko faunak nahiago izan du leku freskoenetan babestu, esaterako, lezkadietan eta oihanpean. Hala ere, hainbat espezie ikusi ahal izan ditugu.

Atarian, badirudi uholde enarak dagoeneko lekutu direla. Ia bi hilabetez zentroaren gainetik hegan ibili ondoren, hiru bikotek baino gehiagok aukeratu dute eraikinaren ondoko etxola habia jartzeko. Sorbeltzek inguruetan jarraitzen dute, eta bitxia da nola jaisten diren aintziraraino eta nola edaten duten hegan egiteari utzi gabe. Ohiko kaskabeltzek, amilotx urdinek, zozoek eta errekatxindorrek ere bertan segitzen dute, behatokian jarritako bazkalekuetan erraz lortzen baitute janaria. Gainera, bi kutturlio bikotek zentroko patioa zelatatzen dute, sarkinen bila. Horretaz gain, Betoñuko makaldira etorritako lepatxuli bikote bat arratsaldero hurbiltzen da Atarira, haien irrintzi delikatuaz gure belarriak goxatzera.

Arkautiko aintzira ezin ederrago dago, ostargi-belarrez apainduta. Tenperatura altuak direla eta fauna gutxiago ibili da, baina agertu da espezie bat edo beste.  Basahate txitek lumatxa horiaren ordez luma arre dotoreak dituzte dagoeneko, lezkadietan mimetizatzeko ezin hobea. Orobat, koartza gorria, koartza hauskara, kopetazuria, uroiloa, koartzatxoa, koartzatxo itzaina, koartzatxo handia, amiltxoria eta zikoina zuria eta horien txitak egunsentian eta ilunabarrean agertzen dira, tenperatura zertxobait jaisten denean; kukua eta lezkari karratxina arduratzen dira soinu bandaz, beti bezain alai.

Azkenik, Betoñuko aintzirak ardeidoen lurralde izaten jarraitzen du. Aintziraren erdiko sahastiaz jabetu dira, eta koartza gorriek eta hauskarekkoartzatxo txikiek, koartzako itzainek eta amiltxori ederrek bertan jarri dituzte habiak. Laumurgilari europar bikote, sei kopetazuri bikote eta murgilari mottodun bikote bi ere ikus daitezke, ia denak txitak ondoan dituztelarik.

Zatoz hezegunean paseatzera eta ez zaitez etxean beroak jota geratu. Salburuko itzalean oso fresko gaude!

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude