Ataria

Ornitologia albistegia: 2017ko ekainaren 24tik uztailaren 2ra

Aste honetan zehar atzean utzi dugu aurreko egunetako uda mina. Itzuli dira euria, haizea eta tenperatura hotzak, eta horiek zaildu egiten dute batzuetan hegaztiak behatzea. Argi dago pixkanaka urtaroak lausotzen ari direla. Gehieneko tenperaturak 15 eta 25ºC gradu artean ibili dira, beraz, tenperatura tarte oso zabala sortu izan da. 2017ko ekainaren 26 izan zen gehieneko tenperatura: 25,3ºC; gutxieneko tenperatura, berriz, 10,6ºC, 2017ko ekainaren 30ean izan zen. Haizeari dagokionez, gehieneko abiadura 59,3 km/ordukoa izan zen. Hezetasuna beti balio altuetan ibili izan da, batez bestekoa % 79,5ekoa izan da.

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroaren inguruan ardeidoen bi ale hegan antzeman izan dira, esate baterako: koartzatxo pare bat eta koartza gorri bat. Gure patioko belarrean ere okil berdearen ale bat ikusi ahal izan da, oso ondo kamuflatuta eta landaredian nahastuta, seguruenez jateko zerbaiten bila zebilela. Honako paseriforme hauen koloreak goza ditzakegu zentroko behatokira hurbiltzean: buztanikara zuria (ale bat), kutturlioak (bi ale), buztangorri iluna (ale bat), eta karnaba (ale bat). Behatoki horren atzealdean dagoen aintziran, landaredian ezkutaturik, basahatearen 7 bat ale ikusi ahal izaten dira. Sorbeltzak (ale bat) ere egin du agerpena gure ondoan, haren hego-luzera handia, planeatzeko era eta hegoen forma bereziekin. Azkenik, murgilari europar bat (ale bat, emea) dagoela nabarmentzea, kumeak lagunduta, eta horrek gozamena ekarri die bisitatzen diguten haurrei.

Arkautin antxeta mokogorri (20 aletik gora) ugari izaten jarraitzen duela azpimarratzea. Harrapariei dagokienez, miru gorrien bikote bat, buztanean muxarradura berezi eta arina dutela, hegaldi baxuak egiten, seguruenez harrapakina ehizatzeko prestaketan. Murgilariak kumeekin paseatzen dute aintziran zehar. Zehazki, murgilari mottodunen sei kume haien amek lagunduta ikusi ahal izan dira. Halaber, enara azpizuriaren eta uholde-enararen ale kontaezinen etengabeko hegaldiak gozatzen ditugu.

Murgil handia (ale bat), koartzatxoa (ale bat) eta hegabera europarra (bi ale) inspirazio iturri izan dira hezeguneko argazkilari bat baino gehiagorentzat.

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude