Ataria

Jada aztergai ditugu Gasteizko gau-harrapariak!

2020an, beste proiektu bat inauguratu da Gasteizko Herritarren Zientzia Sarearen barruan, eta baditugu jada haren emaitzak. Gau-harraparien kontserbazio-programaz ari gara.

Emaitzetan, sei espezie garrantzitsuren presentzia antzeman da, neurri handiagoan edo txikiagoan: urubi arrunta, hontz ertaina, apo-hontza, zata arrunta, hontz zuria eta mozolo arrunta. Azken bi horiekin kezka handiagoa dago, oso ale gutxi aurkitu baitira (Herritarren Zientziaren webgunean eskuragarri dago txosten osoa).

Iñigo Zuberogoitiak koordinatu du proiektua, eta bertan 34 parte hartzailek lagundu dute; proiektua baliagarria da aztertzeko nolako bilakaera duten denborarekin eta nolako jokabidea duten gure hiriko gau-harraparien populazioek, zeinak oso urritu baitituzte azken hamarkadetan. Hegazti horientzako mehatxurik handiena euren habitaten eraldaketa eta suntsipena da, baina beste faktore batzuek ere eragiten diete, hala nola ehizak, ibilgailuek jotzeak, azpiegiturekin talka egiteak, elektrokuzioek, pestizidek… Gainera, haien kontserbazioa oso garrantzitsua da, haien egoera biodibertsitatearen kontserbazio-egoeraren adierazle garrantzitsutzat jotzen baita Europan.

Laster hasiko da bigarren edizioa, eta animatzen zaituztegu denok parte hartzera. Ez dago ezaguera tekniko handiren beharrik, eta, areago, eskura jarriko dizuegu doako prestakuntza-ikastaro labur bat. Zuen laguntzarekin baino ezin dute aurrera egin horrelako proiektuek; naturaren kontserbazioa zure esku dago… Zeren zain zaude parte hartzeko?

Oso erraza da programaren funtzionamendua: Parte-hartzaile bakoitzak laginketa-gune bat aukeratuko du erroldak egiteko, koordinatzaileek eskaintzen dizkiotenen artean. Laginketak hilean behin egingo dira bost hilabetetan zehar; ilunabarrean egingo dira, meteorologia-egoera lasaiko egunetan, espezie bakoitzerako egokia den apeua erabiliz (Atarian emango dizkizuegu), eta emaitzak idatziko dira.

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude