Ataria

Erabili eta botatzeko edalontziak edo berrerabilgarriak?

Kirol-ekitaldi gehienek plastikozko edalontziak erabiltzen dituzte, bai kirolariei ura emateko, bai ikusleen kontsumorako.

Adibide argi bat maratoi bat da, non antolatzaileak 5 km-tik behin ziurtatu behar duen parte-hartzaileen ur-hornidura. 40.000 korrikalari inguru baditugu, Berlingo maratoian bezala, teorian gutxienez 320.000 edalontzi beharko genituzke, helmugako ur-hornidura garrantzitsua kontuan hartu gabe.

 

2016ko irailaren 25eko “Berliner Morgenpost” egunkarian argitaratu zen Berlingo maratoiaren logistikari buruzko artikulu harrigarri batean, antolatzaileak urte hartako edizioan erabiltzen zuen materialari buruzko informazioa ematen zen: erabilera bakarreko plastikozko milioi bat edalontzi.

Goiz bat irauten duen kirol-ekitaldi baterako milioi bat baso behar badira, erraz uler daiteke kirol-proba bat antolatzeko erabiltzen dugun materialari eta ontzi-motei buruzko erabakiak ondorio oso garrantzitsuak dituela ingurumenerako.

 

Bi ontzi mota erabili ohi dira:

  • Erabili eta botatzeko edalontziak: nagusiki poliestirenoz (PS) edo polietilenotereftalatoz (PET izenaz ezagunagoa) eginak. Edari beroetarako, polietilenozko (PE) geruza batez estalitako kartoizko edalontzi bat erabili ohi da.
  • Edalontzi berrerabilgarriak: polipropilenoz (PP) eginak. Normalean, aukeratutako edaria gainkarga batekin ordaintzen da, edalontzia itzultzean berreskura daitekena.

Azken urteotan, gehiagotan erabili izan dira erabili eta botatzeko edalontzi biodegradagarriak, azido polilaktikoz (PLA) eginak gehien bat. Azido polilaktikoa nagusiki arto-almidoitik lortzen den termoplastikoa da eta, teorian, biodegradagarria da egoera jakin batzuetan.

 

Erabili eta botatzeko edalontzi biodegradagarrien gorakada ikusita, “Deutsche Umwelthilfe” erakundeak lanari ekitea erabaki zuen, eta bi aukeren balantze ekologikoaren azterketa konparatiboa eskatu zuen. Konparaziozko azterketa hau nahiko konplexua izan zen; izan ere, hainbat aldagai hartu behar ziren kontuan, hala nola energia-kontsumoa eta hura fabrikatzeko baliabideak, horiek birziklatzea, edalontzi berrerabilgarriak garbitzean sortzen den energia-kontsumoa, eta abar. Hala ere, ondorioa oso argia izan zen: edalontzi berrerabilgarriak erabili eta botatzekoak baino ekologikoagoak dira, baita azken horiek biodegradagarriak badira ere.

Beraz, badakizue, kirol-ekitaldi bat antolatu nahi baduzue eta erabili eta botatzeko edalontzi edo edalontzi berrerabilgarrien artean zein erabili nahi duzuen argi ez baduzue, azken aukera da ekologikoena!

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude