Ataria

“Sexubiko” tximeletak

Kaixo, lagunak! Dakizuenez, gure udalerriko tximeleten biodibertsitatea ere aztertzen dugu Gasteizko Herritarren Zientzia Sarean. Izan ere, haientzako bi kontserbazio-programa ditu Sareak: bata, egunekoentzat, eta bestea, gauekoentzat.

Gaur, programa horietan parte hartzen dutenek topa dezaketen oso fenomeno bitxi bat komentatu nahi dizuegu: erdia emeak eta erdia arrak diren tximeletak. Anomalia horri “ginandromorfismo” izena ematen zaio (“gyne”, emea, eta “andro”, arra).

Ginandromorfoen ezaugarria da aldi berean edukitzea eme-ezaugarriak eta ar-ezaugarriak. Ezaugarri hori gutxi-asko ohikoa izan daiteke animalien artean (esaterako, animalia hermafroditen kasuan), baina kasu honetan, berezitasun deigarri bat dute: ezaugarri femenino eta maskulinoek aldebiko banaketa dute; hau da, gorputzaren erdi bat erabat maskulinoa da, eta beste erdia, erabat femeninoa.

Egia da anomalia arraro hau beste zenbait animaliatan ikusi dela (beste intsektu batzuk, araknidoak, krustazeoak, hegaztiak…), baina, gehienbat, tximeletetan gertatzen da. Zenbait ikerketak aleen % 0,01ean zenbatesten dute fenomenoa; bestela esanda, 10.000 tximeletatik batean gertatzen da.

Tximeletako ginandromorfismoa

 

 

Bitxitasun horrek honako azalpen zientifiko hau du: kromosomak oker banatzen dira zigoto ernalduaren lehenengo zelula-zatiketan. Kromosomen banaketa okerra lehenengo zelula-zatiketan gertatzea ezinbestekoa izateak azaltzen du zergatik den hain bakan eta berezia ginandromorfoak agertzea. Seguruenik, orain arituko zarete zeuen buruari galdetzen ea izaki horiek ugal daitezkeen. Erantzuna ezetz da; ale horiek antzuak dira, zati femeninoaren eta maskulinoaren arteko bereizketa oso perfektua baita, eta ondorioz bi genitalak osatu gabe baitaude.

Bidenabar, egokiera aprobetxatu, eta gonbidatzen zaituztegu Tximeletak Kontserbatzeko gure programetakoren batean parte har dezazuen. Ez kezkatu intsektu hauei buruz ezer ez badakizue; izan ere, programen helburuetako bat da zuek kuxkuxeatu eta ikas dezazuen oso jende profesionalaren eskutik, hala nola EAEko Entomologia Elkarteko edo Zerynthia elkarteko kideen eskutik.  Identifikaziorako hastapen-ikastaroa ere eskaintzen dizuegu, praktikan jar dezazuen zuen lehenengo irteeretan. Argazki-kamera eta ikasteko gogo handia besterik ez duzue behar.

Zuek bezalako jendeari esker jarrai dezakegu biodibertsitatea kontserbatzeko hain beharrezkoak diren horrelako proiektuak egiten!!

krustazeoko ginandromorfismoa

Photo by Richard Palmer

Pikogrueso txortatuko ginandromorfismoa

Photo by Annie Lindsay

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude