Ataria

Abuztuaren 1eko albistegi ornitologikoa

Goiz lasaia eta epela izan dugu gaur Salburuako parkean, 18-19 ºC-ren bueltan, zerua erdi hodeitsuarekin, hodeiak eta eguzki uneak tartekatuz. Goiza egokia izan da, beraz, hezegunea ezagutzeko eta bertako aberastasun ornitologikoaz gozatzeko.
Espezieei dagokienez, azken asteotan ez da aldaketa handirik izan; izan ere, garai honetan elikagaien eta klimaren beharrak direla-eta gurekin denbora konkretu bat egoten diren espezieak aurkitzen dira, bai eta ugaltzen ari direnak edo dagoeneko egin dutenak, zenbait kasutan familia ugarirekin.

Ikus dezagun zein espezie ikusi diren behatokitik eta zenbat alerekin: kopuruari dagokionez, espezie nagusi gisa, amiamoko zuriak, kopetazuri arruntak eta basahateak nabarmendu ditzakegu, 20 ale ingururekin bakoitzeko, horiek guztiak arrakastaz ugaldu direnak azken hilabeteotan. Era berean, ugaldu den eta xarma oso berezia duen beste espezie bat murgil handia da (7 ale ikusi dira, horietako bat kume bat izanda). Espezie hori bakarra da gorteiu-metodoari dagokionez, bai eta familiaren biziraupen-estrategiari dagokionez ere; izan ere, jaiotzean, gurasoek kumea bizkarretara eramaten dute, eta, horrela, hegazti handiagoen harrapakina izatea ekiditen dute, hala nola miru beltz zein zingira-mirotzena, oso ohikoak diren hegazti harrapariak baina, zoritxarrez, gaur ikusi ez direnak urmaeletik.

Bestalde, ikusitako ardeida desberdinak nabarmendu behar dira ere, batez ere 2 lertxun hauskara eta koartza gorri bat, lertxuntxo txiki bat ahaztu gabe, aurrekoak baino txikiagoa dena baina edertasun berezia duena ere.

Azkenik, eta gaurko harribitxi gisa, hegaz behatutako 9 erlatxoriak aipatu behar ditugu, beren kolore bereizgarriekin, Salburuako hezeguneari edertasun handiagoa ematen diotenak, paradisu bat bihurtuz.

 

Share

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude