ceagreenlab

«Baso jangarriak» ikastaroa – 17.10.16-19 [Zizurkil, Gipuzkoa]

Urriaren 16tik 19ra baso jangarrien inguruko ikastaro bat eman zuten Sustraiak Habitat Design-eko kideek Fraisoro Eskolan (Zizurkil, Gipuzkoa). 20 orduko ikastaroa motz geratu zen horrenbeste informazio interesgarri partekatzeko, baina oso konpletoa izan zen aldi berean, mundu honetara sarrera indartsu bat egiteko aproposa.

Ikastaroan, permakultura diseinatzeko tresnatzat hartuta, baso jangarri bat sortzeko orduan eman beharreko pausoak eta kontuan hartu beharreko gauzak azaldu zizkiguten. Hasteko, permakulturaren oinarriak azaldu zizkiguten:

1) Behatu eta elkarreragin.

2) Energia harrapatu eta gorde.

3) Etekina lortu.

4) Autoerregulazioa eta retroelikadura.

5) Zerbitzu eta baliabide berriztagarriak erabili eta baloratu.

6) Ez sortu hondakinik.

7) Ereduetatik zehaztasunetara diseinatu.

8) Banandu baina gehiago, integratu.

9) Konponbide motel eta txikiak erabili.

10) Aniztasuna erabili eta baloratu.

11) Ertzak erabili eta marjinala baloratu.

12) Aldaketa erabili eta sormenarekin erantzun.

Oinarri hauek uneoro presente izanik, baso jangarri bat diseinatzerako orduan lursailaren kudeaketa hidrologikoaren garrantziaz aritu ziren. Honekin zeharo lotuta doaz sestra kurbak, “keyline”-aren eta puntu klabeen bitartez estanke bat egiteko gune aproposena bilatzen jakiteko trikimailuak erakutsi zizkiguten.

Landare-komunitateen segida ere landu genuen, baso batek zer nolako garapena eduki ohi duen jakiteko, espezie aitzindarietatik climax-era iritsi arteko prozesu luzea.

Bestalde, lursail bat diseinatzerako orduan eman beharreko pausoekin ere ordu dexente pasa genituen. Hauek dira jarraitu beharrekoak:

1) Daukagunaren azterketa sakona egin.

2) Helburuak zehaztu.

3) Lursaila eremutan banatu.

4) Lurtzorua birsortu.

5) Landaketak egin.

Argazkia Sustraiak Habitat Design-en facebooketik hartua

Ikasgelatik kanpo ateratzeko aukera ere izan genuen, bertan lurraren azterketarako pare bat esperimentu txiki eginez. Ez ziren oso azterketa sakonak, ideia bat egiteko besterik ez zuten balio baina oso eskuragarriak dira edonorentzat, baliabide handirik gabe egin daitezke eta. Lehenengoa azidotasuna neurtzeko izan zen, ozpina eta sodio bikarbonatoa erabiliz, eta bigarrena mikrobiologia masa aztertzeko, ur oxigenatuarekin.

Ikastaroan abeltzaintzak ere bere tartea izan zuen, baso jangarri bat egiterako orduan animaliak eduki ala ez ere pentsatzekoa delako. Gai honekin, beste irteeratxo bat egin genuen kanpora behien kaka aztertzeko, honen bitartez bai lurtzorua bai behien osasuna antzemateko.

Azkeneko egunean, ikasitako guztia praktikan jartzeko asmoz, baso jangarri baten diseinua egin genuen taldeka, lursail zehatz batean egin daitezkeen eredu desberdinak agerian jarriz talde bakoitzak bere proiektua aurkeztean.

Orain, ikastaroan jasotako informazio guztia asimilatzeko garaia da, eta gutxinaka-gutxinaka lur eremu bat ikusterako orduan permakulturaren ikuspegitik begiratzen hasteko momentua.

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *