ceagreenlab

Jardunaldiak: Elikaduraren XI. Gizarte Topaketa – 8-9.11.17 [Vitoria-Gasteiz]

Elikaduraren XI. Gizarte Topaketen baitan, pasa den azaroaren 8 eta 9an jardunaldi batzuk antolatu zituen Ingurumen Gaietarako Ikastegiak, Green Lab-aren laguntzarekin.

Zenbait ekimen ezagutzeko parada izan genuen bi arratsaldetan zehar. Nahiz eta elkarren artean oso desberdinak izan, antzekotasun bat, behintzat bazeukaten: gaur egungo agroelikadura sisteman dauden hutsuneetako bat betetzen saiatzen direla, eraldaketa eta merkaturatze prozesuetan daudenak hain zuzen ere. Hori dela eta, jardunaldien lehenengo egunean gai hauekin harremana duten hiru proiekturen aurkezpena izan genuen, eta bigarrenean, hutsune honi erantzuteko asmoz sortutako nekazaritza parkeen ingurukoa.

Arrate Corres-ek Spiga Negra aurkeztu zigun zigun, Igor bere anaiarekin sortutako proiektua. Humilladeron (Malaga) tokiko aleekin pasta eta irin ekologikoak egiten dituzte beraien errotan. Ekologikoan pasta asko egiten dela iritzi du, baina denak modu industrialean. Beraz, eskala txikian lan egiten duten esperientziak aurkitzea nahiko kostatu zaie, hauetatik ikasi ahal izateko. Bestalde, beste zailtasun bat topatu dute merkaturatzean, batez ere, ekoizpenaren mundutik datozelako bi anai-arrebak, eta ez merkaturatzearen mundutik.

Ekoizpenean espezializatuta daudela, eta ez merkaturatzean, dio Aitorrek ere. Jauregia Esnekiak proiektuko kide da, beste bost pertsonekin batera, Anizen (Baztan). Behiak dituzte eta esne ekologikoarekin jogurtak eta gaztak egiten dituzte. Merkaturatzeko, dena den, ez dituzte arazo gehiegi, bai ordea aholkularitza zerbitzu eskasa edota araudi sanitario gogorrari dagokienez.

Arratsaldea bukatzeko Josune Arkaiagak Bertatik Bertara proiektuaren nondik norakoak kontatu zizkigun, nekazaritza-produktuen ekoizpenerako eta kontsumorako ekimen integrala. Urola Garaiko 7 udalerrik parte hartzen dute, bertako nekazari, ostalari, merkatari eta jangelek, hain zuzen ere. Proiektuko agente guztiekin taldean lan egitearen garrantzia azpimarratu zuen, baita komunikazio plan on bat edukitzearena ere.

Bigarren egunean, zenbait proiektu barnebiltzen dituzten nekazaritza parkeen txanda izan zen. Ana Zazo Moratallak egin zuen figura honetara hurbilpena, nekazaritza parkea hiri eta landa eremua berkonektatzeko eta agroelikadura sistema indartzeko elementu gisa ulertuta.

Fuenlabradako Nekazaritza Parkearen zuzendari teknikoa den Carolina Yacaman-ek hartu zion erreleboa. Parkearen funtzionamendua azaltzearekin batera, zenbait galdera jarri zituen mahai gainean: agroelikadura sistema iraunkor baten alde lanean ari da benetan? Muga asko daude arlo honetan, bai administrazioen konpetentziengatik, bai araudiarengatik, eta abar.

Arratsaldea amaitzeko eta jardunaldiak ixteko, Gallecs-eko Proiektu Agroekologikoa azaldu ziguten Gemma Safontek eta Albert Garcíak. Gemma Gallecs-eko Parkeko gerentea da, eta parkearen jarduerak azaldu zituen. Agroekologiaren aldeko apustu garbia egiten dute, besteak beste, eraldatze zentro kolektibo bat daukate eta baita errota txiki bat ere, bertan ekoizten den zereala eraldatzeko. Bere azalpen eta hausnarketekin, argi geratu zitzaigun zeinen garrantzitsua den dinamizatzaile agroekologikoaren papera lurralde batean benetan agroekologiaren alde egin nahi bada. Albert, berriz, Mollet del Vallés-eko Udaletxean Europako proiektuen arduraduna da eta hiri hau Gallecs-eko Nekazaritza Parkearekin nola konektatzen duten adierazi zigun. Europako proiektu batzuetaz baliatuz egiten dituzte gauza dexente. Eskola jantokien inguruan egindako lana azpimarragarria da, oztopo guztien gainetik gaur egun 7 jantokietan hobekuntza nabariak egin baitituzte.

Antzeman daitekeen moduan, ekimen interesgarriz betetako bi egun izan ziren, Gasteizen oraindik ere hausnartzeko eta pentsatzeko zenbait kontu ditugula azaleratuz alde batetik, eta ideia asko jasoaz gure lurralderako, bestetik.

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *