ceagreenlab

Eztabaida «Agroelikadura Sistemara sarrera» – 2017.11.16 [Olarizuko Etxaldea]

IGI-ko Green Lab-ean agroelikadura sistemari buruz solasean aritu ginen zenbait informazio oinarri hartuaz. Horretarako, Esther Vivas, agroelikadura ereduan aditua den kazetaria eta zenbait libururen egilea, agertzen den bideo bat ikusi genuen, Agroelikadura sistemaren mitoen inguruan begirada zabal bat eskainiz. Egile berdinaren iritzi artikulu bat ere irakurri genuen, CETA Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko itunaren ingurukoa eta azkenik, José Esquinas Alcázarri egindako elkarrizketa bat, 30 urtetik gora FAO-n lanean aritutakoa. Honekin guztiarekin, zenbait gai desberdin ukitu genituen eztabaidan; jarraian horien inguruko aipamen laburrak egingo dira.

Hasteko, adibidez, elikagaien prezioetan kanpo-efektuak kontuan hartu beharko liratekeela aipatu zen. Honekin erabat harremandurik, geroz eta gehiago dira elikagai osasuntsuei BEZa kentzeko eskatzen dutenak. Gaur egun esaterako, VSF-k lideratuta “IVA 0” kanpaina martxan dago, zeinak fiskalitate politika berri bat eskatzen duen elikagai osasuntsuei %0ko BEZa eta ez osasuntsuei %21a jartzeko, elikagai osasuntsuak pertsona guztien eskura daudela ziurtatzeko helburuarekin. Zenbait buelta eman genizkion ea elikagai ekologikoak denon eskura zeuden ala ez eta kasu honetan iritzi kontrajarriak zeuden, interesgarria ikuspuntu anitzak elkarbanatzeko.

Jarraitzeko, Euskal Herriko gizartean behintzat tokiko elikagaien inguruan geroz eta gehiago hitz egiten dela agerikoa dela aipatu zen. Politika publikoetan, ordea, ez da erritmo bera jarraitzen, nahiz eta badauden asmo edota neurri lotsati batzuk. Dena den, askotan hauek elkarren artean kontraesankorrak direla dirudi. Esaterako, 2015ean ekonomia zirkularraren inguruko neurri batzuk hartu zituen Europako Komisioak eta aldi berean, TTIP edota CETA bezalako itunak inposatzen dira. Enpresa handiek gobernuek (eta zer esanik ez, gizarteak) baina botere handiagoa dutenean hasiera batean, zer egin dezakegu? Nola liteke Europatik neurri batzuk adostea eta aldi berean itun hauek onartzea?

Nekazari txikien desagerpena ere kezkatzeko moduko afera da, arrazoietariko bat politikek nekazari handien alde egiten dutela izanik. Osasun araudi zorrotzak ikusi bakarrik ez dira egin behar norengan pentsatuz sortuak diren antzemateko, eta nortzuk alde batera utziz.

Eztabaida bukatzen zihoan heinean, sentsazioa geneukan orokorrean bidegabekerien eta zentzugabekerien datuak egon badaudela, informazio saturazio bat dagoela zenbait alorretan gutxienez, baina nondik heldu beharko genioke Agroelikadura sektorearen inguruko munstro honi? Aldaketa norbanakoaren esku dago, gizarte antolatuarenean, gobernuenean..? Udalerritik zer egin dezakegu? Zenbaitek diote hiritarren gehiengo batekin aldaketak gerta litezkeela, baina gehiengo bat beharrezkoa da ala kontzientziatua dagoen gutxiengo batekin nahikoa ote? Badirudi, udaletxe askotatik agroelikadura sektorearen inguruko gaiak jorratzeko erreparo edota aitzakia asko dagoela. Enpresa handiekin gertatzen den bezala kasu askotan, udaletxe beraren barnean ere botere kontu bat dagoela esan dezakegu. Udaletxeko sail batzuk besteek baina botere handiagoa dutela nabarmen sumatzen da. Honen inguruan hausnartu daiteke zenbait galderari erantzuna topatzen saiatuaz: ba al dago udaletxean espresuki agroelikadura sektorearen inguruan lan egiten duen sail edota zerbitzurik? Zenbat langile dedikatzen dira horretara? Zenbateko aurrekontua dago horretara bideratuta? Udaletxetik hartzen diren erabaki marduletan, honetara dedikatzen direnen presentzia dago?

Orain, proposatzen dizuet galdera berdinei erantzutea pisu gehiago duen sail bat aintzat hartuaz. Desberdintasunik nabari duzue?

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *