ceagreenlab

Jardunaldia: Lurzoruen Kontserbazio Programaren Lehen Urteko Emaitzen Aurkezpena

 

Otsailaren 16an Gasteizko Lurzoruen Kontserbazio Programaren emaitzak aurkeztu ziren. Programa, Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarearen baitan kokatzen da eta bere partaideak Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroan (Atarian) bildu ziren, non, urte osoko laginketen ondorioak ezagutu ez ezik, lurzoruen kontserbazioari eta errestaurazio proiektuei buruzko hitzaldi bat ere  jaso zuten. Honekin batera, sarearen kideek burututako lanari buruzko hausnarketa egin ahal izan zuten eta era berean agroekologiaren inguruan iritziak elkartrukatu.

Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarea” 2013an hasi zen, Eraztun Berdean, “Orkideen Kontserbazioaren Programarekin” batera, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bultzatua. Urte batzuk geroago eta sarea zabalduz ateratako beste programen arrakasta ikusita, Lurzoruen Kontserbazio Programa hasi zen 2018an, nekazaritza-ekosistemen osasun-egoera eta eboluzioa diagnostikatzearen helburuarekin.

Gorka Belamendiaren (Atariako koordinatzailea) hitzetan sarea herritarron lankidetzan oinarritzen da, zientzia guztiontzat eskuragai utziz. Koordinatzaileak, jardunaldiari hasiera eman zion hitzaurrean, gure laboreen oinarria izateaz gain, sare biotiko gisa aurkeztu zuen lurzorua, eta hortaz, arduratzen gaituen programaren garrantzia azpimarratu zuen. Ongietorri honetan, urteko emaitzen laburpen txostena banatu zen partaideen artean, partzela bakoitzeko emaitzak islatzen zituen fitxarekin batera eta programaren izaera aurrendaria aldarrikatu zuen, estatu mailan horrelako programarik ez dagoela gogoratuz. Era berean, Natusfera plataforma digitala aurkeztu zuen, laginketen emaitzak on-line apuntatu ahal izateko.

Emaitzen analisia egiteko arduraduna Lur Epelde (Neiker-Tecnalia) izan zen. Ikertzaileak, jasotako datu kopurua ikusita, pozik agertu zen eta lurzoruaren osasunari buruz hitz egin zuen, bai eta Nekazaritza-ekosistemen Osasun Txarteleei (NEOT) buruz ere. Neiker-Tecnaliak garatutako txartel hauen laburpen sinplifikatua izan da, hain zuzen ere, partaideek erabilitako gida bereen partzelen ebaluazioa egiteko. Hauetan, zoruen diagnostikoa egiteko osasun adierazleak zeintzuk diren eta nola aztertu behar diren azaltzeaz gain, “ondo”, “erdipurdi” edo “txartzat” izan daitezkeen erreferentzia balioak agertzen dira.

Lurrek, ingurumen aldagaiak, adierazleetan duten eragina dela eta, apuntatzeko garrantzia azpimarratu zuen. Hau horrela izanda, udaberrian izurriteek eta inguruko landare-dibertsitateak gora egiten dute eta udazkenean berriz, materia organikoaren kantitateak, makrofauna-dibertsitateak eta infiltrazioak. Beste alde batetik adierazle ezberdinek azal dezaketen menpekotasuna edo elkar-eragina gogoratu zuen. Esate baterako, materia organikoa, makrofauna-dibertsitatea, zizare kopurua eta infiltrazioa positiboki erlazionatuak dauden bitartean, kontrako eragina daukate pHan edo izurriteetan erreparatuz gero.

Emaitzak ikusita, argi geratu zen lur-lantzearen eragina partzela ezberdinetan. Izan ere, uzta hondarrak gehitzean materia organikoaren kantitateak, makrofauna-dibertsitateak eta zizare kopuruak gora egiten dute, laborantza minimoak infiltrazioa errazten duen modu berean. Honekin batera, Lurrek diagnostiko positiboak aurkeztu zituen landare-dibertsitate eta parametro fisiko-kimikoen alorretan, lurzoruaren dibertsitatea eta materia organikoa, ez bezala, hobetu daitezkeenak. Horretarako, hainbat konponbide azaldu zituen, zomorro aterpeen instalazioak, rotokultibadoreen erabilera murriztea, kimikoak (ongarriak eta pestizidak) ekiditzea, kultibo hondarrak gehitzea eta ongarriketa biologikoa besteak beste. Amaitzeko, hurrengo programen laginketak erraztu edo eraginkorragoak egiteko hainbat proposamen egin zituen.

Atarian bildutako laguneei zuzendu zen hurrengoa David Gonzalez (Sustraiak Habitat Design) izan zen. Honek lurzoruek daukaten izaera ekosistemikoa kontuan izanda, hauen kudeaketa eta ikerketa edafologikoen garrantzia azpimarratu zuen, zeintzuk alor anitzeko ikuspuntu batetik egin behar direnak. Era berean jardunaldia bete zuen gaiaren inguruan hainbat kontzeptu azaldu zituen, hala nola, eraketa, testura, egitura, elikagaien eskugarritasuna, materia organikoa edo landare eta lurzoruaren mikrobiotaren arteko harreman sinbiotikoak. Bere hitzaldia lurzoruen degradazioa ekiditzeko baliogarriak izan daitezkeen hainbat jarduera adeitsu gogoratuz amaitu zuen.

Azkenik, Juan Vilelak, Cea-Green Lab-eko koordinatzaileak Gasteizko Udalak eremu hondatuen berreskurapenaren alorrean egindako lanen ikuspuntu orokorra eskaini zuen, Lasarte edo Lermanda bezalako eskualdeetan. Gainera, Gardelegiko Teknolurren Proiektuaren –material birziklatuaz eratutako lurzoruak- eta Jundizen PhytoSudoeren– lurzoruen errekuperazioa landareen erabileran oinarrituta (fitogestioa eta fitorremediazioa)- amaiera zela eta, memoriak aurkeztu ziren bideo batekin batera.

Jardunaldia amaitzeko, Atarian bildutako lagunek, bertako kafetegian prestatutako otorduan, urtean zehar egindako laginketeei buruz hitz egin ahal izan zuten eta baita nekazaritza ekologikoaren ildotik lurzoruarekiko adeitsuak izan daitezkeen ohitureei buruz ere.

Jarraian 2018 urteko Programaren Memoria agertzen da, Nekazaritza-ekosistemen Osasun Txartelekin (NEOT) batera, partzela bakoitzeko emaitzekin.

 

 

TSEA Arkaia (Aitor)

TSEA Huertas de Olarizu (Arantza)

TSEA Ataria

TSEA Basaldea (Bea y Javi)

TSEA Huerto Ecológico Campus Álava (Dani)

TSEA Huertas Olarizu (Hodei)

TSEA Rotonda Guillermo Elio Molinuevo (Iñigo)

TSEA Lermanda (Iñigo)

TSEA Escuela Hostelería Gamarra (Itziar)

TSEA Huerto Escolar Egibide (Julio Cesar)

TSEA Eribe (Laura)

TSEA Jardín Botánico Olarizu (Mauri)

TSEA Huertas Olarizu (Shanti)

Memoria Programa Ciencia Ciudadana Suelos 2018

 

 

 

 

 

 

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *