ceagreenlab

Teknozoruak, lursail hutsak berreskuratzeko irtenbidea (artikulu zientifikoa)

GEODERMA aldizkariak artikulu zientifiko bat argitaratu du, Gasteizen hiri-lursailak berreskuratzeko teknozoruak tresna bideragarri gisa erabiltzeko egin diren esperimentoei buruz.

Lana hainbat urtetako lankidetzaren emaitza da, toki-administrazioaren (Gasteizko Udala), ikerkuntza-zentroen (Neiker), hezkuntza zentroen (Euskal Herriko Unibertsitatea EHU, Santiago de Compostelako Unibertsitatea) eta enpresa pribatuen (Biocompost, Echave, Ecofond, Edafotec). Erakunde horiek guztiek indarrak batu dituzte, Udalaren tratamendu-lantegietako zenbait azpiproduktu balioeste posibleari buruz, hots, horien konbinazioaren bitartez zoru naturalaren funtzio berberak beteko lituzkeen zoru artifizialak sortzeko aukera.

Esperimentua Gardelegiko zabortegian egin zen, bereziki 2014 eta 2016 bitartean, haren garapena dokumentatuz elarik bai Gardelegiko Teknozoruei buruzko blogaean, bai eta  Proiektuaren azken oroitidazkia.ean ere. Esperimentua sail ugariren eta prestatzen ari ziren zenbait unibertsitate-ikasleren parte-hartzeari esker garatu ahal izan zen. Artikuluak erakusten du bideragarria dela horrela proposatutako ideia, eta emaitzak komunitate zientifikoan hedatzea ahalbidetzen du, halako moduan non errepikatu ahal izango baita antzeko egoeren aurrean.

Jatorrizko artikulu zientifikoa (ingelesez idatzia) esteka honetan izango da eskuragai zenbait denboraz: gero, harpidetza bidez eskuratu ahal izango da soilik.  Hona hemen artikuluaren laburpen bat.

Argazkia: bisita teknikoa, esperimentuaren lehen urtean

Laburpena

Hiri-lursail abandonatu ugari aurkitzen dira gure hirietan, hirien urbanizazio-prozesu azkarraren eta haren osteko higiezinen krisiaren ondorioz. Lursail horietan berriro landaretza sartzea kostu urriko irtenbide egokia izan daiteke lursailok berreskuratzeko; alabaina, landare horiek substratu egokia eskatzen dute hazteko. Azterlan honetan eskala errealeko esperimentu bat egin zen, lursailak berreskuratzeko 6 teknozoru motaren (zein Udalaren lantegietan ekoitzitako 4 material desberdin uztartzearen emaitza diren: CDW, eraikuntza eta eraispeneko hondakinetatik eratorritako zoruak; BIO, hiri-hondakin solidoen material bioegonkortua; BENT, tokiko industria batetik eratorritako bentonita birziklatuak; TS: landare-zorua, lursail hutsetan utzia) gaitasunak aztertzeko.

Sei teknozoru moten hiruna ale ipini ziren 12 m2-ko esperimentu-laukitan, horrez, horrez gain, kontroleko 4 lauki ere erabili ziren, horietako bakoitzean soilik osagai bat bakarra baliatuta. Laukietako bakoitzean 4 landaretza-mota ipini ziren, koadrante banatan: larrea (gramineoen ea leguminosoak nahastuta), laboreen txandakatzea (koltza, garia, ekilorea), birlandaketa (zuhaitzak, zuhaixkak eta sastrakadia nahastuta) eta biomasa-landaketa (sahatsak).

Hiru urteko epean, zenbait parametro neurtu ziren (batez ere parametro fisiko-kimikoak) teknozoruaren beraren laginetan, baita haien eluatua eta laukitan paratutako txorroten bidez jasotako lixibiatua, eta horien analitikak indarreko legediarekin kontrastatu dira.

Esperimentu-aldian neurtutako parametro gehienak legedian ezarritako mugen barruan zeuden. Alabaina, teknozoruetako eluatuetako sulfato-kontzentrazioak «inerte» izeneko lege-muga gainditu zuen, nahiz eta ez «arriskurik gabe» izeneko muga.  Landaretza-tratamendu guztiek izan zuten garapen aparta, sahatsenak izan ezik, seguru asko udako ur-eskasiak eraginda. Egiaztatu zen teknozoruan zenbat eta materia organiko gehiago egon, orduan eta gehiago hazten zela larrean eta laboreetan. Teknozoruak oso heteregeneoak izan ziren, eta hori kontuan hartu beharreko muga izan zitekeen hiri-lursailak berreskuratzeko asmoz erabiltzerakoan. Alabaina, ondorioztatu daiteke industria- eta hiri-azpiproduktuen bidez sortutako teknozoruak erabiltzea alternatiba bideragarria izan daitekeela hiri-hondakin balioespena sustatzerakoan.

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *