ceagreenlab

EHU Udako Ikastaroa “Zientzia eta berrikuntza ekoizpen ekologikoan” – 2017.06.26-27 [Agurain]

Ekainaren 26 eta 27an, EHUko udako ikastaroen baitan, “Zientzia eta berrikuntza ekoizpen ekologikoan” ikastaroa izan zen Agurainen. Hizlarien gehiengoa NEIKER-eko ikerlariak izan ziren, baina horretaz gain, EHUko Farmazia fakultateko bi ikerlari, Biolurreko albaitaria, Salamankako Unibertsitateko ikerlari bat eta Eusko Jaurlaritzako Hazien zerbitzuko ordezkari bat ere egon ziren hizlari moduan. Lau gai-multzo nagusi jorratu ziren, guztiak ekoizpen ekologikoaren barruan: lurtzorua, plagak eta gaixotasunak, abeltzaintza eta haziak (hemen ikastaroko egitaraua). Jarraian, ikastaro honen ondorioz sortutako hausnarketa edota zalantza nagusi batzuk adieraziko ditut, baita ikastaroko mahai inguruan hitz egin ziren zenbait kontu ere.

Hasteko, ikastaroan zehar behin eta berriz atera zen sentsazio bat aipatuko dut: ikerlari eta nekazarien arteko harreman eza. Komunikazio harreman eskasa dago bien artean. Hasteko nekazaritza ekologikoa egiterako orduan gutxitan hartzen dira hauen beharrak kontuan. Eta dauden ikerketen emaitzak nekazarien artean zabaltzeko ere zailtasun nabarmenak igartzen dira.

Finantzaketari dagokionean, nekazaritza ekologikora zuzendutako ikerketa proiektuetara diru gutxi bideratzen da. Ezinbestekoa da finantziazio gehiago arlo honetan aurrerapausoak eman nahi baditugu. Gainera, gaur egungo ikerketa gehienetan nekazaritza ekologikoa konbentzionalarekin alderatzen da. Nire ustetan abiapuntu akats bat dago. Azken urteotan garatutako “Nekazaritza konbentzionala” deritzogun hori ez da iraunkorra, eta agortuta dagoen eredu bat den heinean baztertu egin beharko genuke, ez dauka zentzu handirik harekin konparaketetan sartzeak. Argi daukagu nekazaritza ekologikoa dela etorkizuneko eredua, horregatik, ikerketak egiterako orduan, nekazaritza ekologikoaren barruan egon daitezken praktika desberdinen alderaketa egin beharko litzateke, gure lurraldearekin bat datorren ekoizpenaren eraginkortasunean aurrera egiteko helburuarekin.

Bestalde, ikerketa holistikoen hutsunea nabari da. Gaur egun, epe motzeko proiektuekin lan egiten da, galdera edota arazo oso zehatzei erantzunez. Ikerketa hauek, normalean, oso teorikoak izaten dira eta ikerketa aplikatu edota esperimental gehiagoren beharra ere nabari da, bai nekazaritzan eta baita abeltzaintzan ere.

Azkenik, nahiz eta ikastaroa zientzia eta berrikuntzan oinarritu, ezin ahaztu ditzakegu lehenengo sektoreko langileak. Dituzten baldintzak eta zailtasunakkontuan hartu behar ditugu, baita elikagaiak ekoizteko eta ingurumena babesteko egiten duten lana ere. Ekoizpen hutsari begiratzeaz gain, gizarte ikerketak ere egin beharko lirateke sektore honen baldintzak hobetzeko asmoz.

Laburbilduz, ikastaro honetan ekoizpen ekologikoaren inguruko ikerketen aurrerapenak ikusi ahal izanditugu baina argi dago oraindik bide luzea dugula aurretik.

 

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *