Prentsa Oharren banner

Gasteizek turismo-helmuga iraunkorraren Biosphere Destination ziurtagiria lortu du


  • Basquetour eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin lortutako zigiluari esker Gasteiz turismo iraunkorraren alorrean aitorpena duen Euskadiko lehen udalerria da

 

  • Biosphere ziurtagiriak erreferentzia bihurtuko du hiria 30 milioi bezerotik gora duen turismo merkatu batean

 

 

Gasteizek Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria lortu du; ITR-Turismo Arduratsuaren Institutuak ematen du ziurtagiri hori, zeina turismo-helmuga iraunkorraren izaera ziurtatzen duten nazioarteko erakunde nagusietako bat baita. Gasteiz izan da Euskadin izendapen hori lortu duen lehen udalerria, eta horri esker, Gasteizek ikusgarritasun handiagoa izango du nazioarteko turismoaren merkatuan, 2012ko Europako Hiriburu Berde gisa eskuratu zuen kokapena sendotuko du, eta turismo berde eta iraunkorrarekin lotutako bisitak erakartzeko aukera gehiago irekiko ditu.

 

Biosphere ziurtagiria lortzeko, funtsezkoa izan da Basquetourren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza. Prozesua 2015eko urrian abiatu zen,  Gasteizko Udalaren Turismo Arduratsuaren aldeko Konpromiso Gutuna sinatu zelarik. Ziurtagiria emateko, ITRk alderdi hauek balioetsi ditu: kudeaketa iraunkorra, garapen ekonomiko eta soziala, kultura-ondarearen kontserbazioa eta hobekuntza, ingurumen kontserbazioa, kalitatea, eta bisitariaren segurtasuna eta inplikazioa.

 

Guztira 21 arlo aztertu dira, eta Udaleko zein udal enpresetako 29 pertsona elkarrizketatu dituzte. Aurretiazko analisia egin ondoren, 16 neurri zituen ekintza plan bat landu zen urtarrilean eta otsailean, udal sail, erakunde eta enpresa ezberdinen inplikazioarekin. Maiatzaren bukaeran, berriz, ziurtagiria lortzeko azken auditoretza egin zen. Nabarmentzekoa da ziurtagiria lortzean ITRk ez diola inolako eragozpenik jarri aurkeztutako dokumentazioari.

 

ITRk Gasteiz turismo-helmuga iraunkor gisa aitortzeko kontuan izan dituen indarguneen artean nabarmengarrienak udalerrian klima-aldaketaren kontrako borrokatzeko planak, konpromisoak eta ekimenak ditugu, bai eta Eraztun Berdea osatzen duten hiri parkeen sarea zein biodibertsitatea babesterakoan zenbait lekuk –Salburuko hezeguneak, esaterako– duten egitekoa ere. Aintzat hartu dira, halaber, herritarrak ingurumenaz sentsibilizatzeko ekintzak, kirola praktikatzeko erraztasuna, ekipamendu sarearen kalitateari esker, edo Gasteizek garapenerako lankidetzaren alorrean duen konpromisoa.

 

Turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria UNESCOk 1995ean bultzatutako Turismo Jasangarriaren Mundu Konferentzian sortu zen, eta Gasteizi lehiatzeko abantaila emango dio 30 milioi bezerotik gora duen turismo merkatu batean. Gainera, ziurtagiriak Nazio Batuen garapen jasangarrirako 17 helburuak barne hartzen ditu, bai eta  Parisko Klimaren Gailurretik sortutako jarraibideak ere. Enpresak eta helmugak batuta, orain arte hiru kontinentetako ehun bat entitatek eskuratu dute Biosphere ziurtagiria. Bartzelonak eta Gijónek dagoeneko lortu dute ziurtagiria, eta hori hainbat arlotan islatzen da, hauetan besteak beste: garraio sistemak, eskaintza inklusiboak, energia alternatiboen aldeko apustua, berdeguneen sustapena, bertako eskulangintzaren babesa, kultur ondarearen promozioa eta eskaintza gastronomikoan bertako produktuen erabilera sustatzea.

 

Biosphere ziurtagiria duen helmuga gisa, Gasteizek aitorpena lortzeko ezarritako betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen du, eta urtero egiaztatzeko auditoretza egingo du. Uztailean bertan egingo da Gasteizi Biosphere ziurtagiria emateko ekitaldi ofiziala.

 

Prentsa oharraren PDF inprimatzeko bertsioa

Share