Prentsa Oharren banner

Gorka Urtaranek proposatuko du TUVISAk udal aparkaleku guztiak kudeatu ditzan, eta azpiegitura horiek erakargarriagoak eta errentagarriagoak bihurtzeko plan bat azken

-Lehen neurria izango da udalaren garraio-agentziak Santa Barbarako, autobus-geltokiko eta Europa jauregiko aparkalekuak kudeatzea

-Udal gobernua hiru jarduera-eremutan ari da lanean: azpiegiturak onik zaindu eta mantentzea, horiek optimizatu eta berritzea, eta lekuak dinamizatu eta merkaturatzea

-Alkateak proposatuko du “aparkatzeko lekua emakida erregimenean duten herritarrei aukera ematea baldintza erakargarrietan erosterik izan dezaten

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, udal gobernua proposamen bat azkentzen ari da Gasteizko aparkaleku publikoak errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak izan daitezen, eta ingurumena gehiago errespetatu dezaten. Aparkalekuen plan integrala udal taldeei zein TUVISAko Administrazio Kontseiluari aurkeztuko zaie laster, eta ekarpenak egiteko aukera izango da. “Agintaldiko lehen egunetik, gobernu-taldeak TUVISAren aldaketa sakona sustatzeko asmoa izan du, eta udalaren garraio sozietatea mugikortasunerako agentzia integrala bihurtzea, aparkalekuak kudeatu eta garraio publiko ezberdinak (autobusetatik BRTra) antolatuko dituena eta gero eta protagonismo handiagoa izango duena Udalaren ildo estrategikoetan, esaterako, bizikleta edo oinezkoen mugikortasunean eta mugikortasun elektrikoan“, azaldu du Gasteizko alkateak. Estrategia horren barruko lehen neurria izango da TUVISAk udalaren aparkaleku guztiak kudeatzea, Santa Barbarakoa, autobus-geltokikoa eta Europa jauregikoa barne. Gaur egun, hiri-garraioen enpresak Molinuevo, Zaldiaran, Artium eta Iradier Arenako azpiegiturak kudeatzen ditu.

Udal aparkalekuen plan berriaren helburua da azpiegitura horiek errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak bihurtzea. Okupazioari buruzko martxoko datuen arabera, TUVISAko lau aparkalekuek 1.161 leku okupatu zituzten, 2.064 lekutatik. Hots, okupazioa % 56,25 da. “Uste dugu zenbaki horiek hobetu ditzakegula”, adierazi du alkateak.

Horretarako, Urtaranen gobernuak neurri zehatzak proposatuko ditu hiru jarduera-eremutan:

1-      Mantentzea eta onik zaintzea

2-      Optimizazioa eta berrikuntza

3-      Dinamizazioa eta merkaturatzea

Alkateak azaldu duenez, lehen eremuan dagoeneko eman dira pausu batzuk. Izan ere, TUVISAk hobekuntzak egin ditu Artiumeko aparkalekuan, eta aspalditik bertako hormetan sortzen diren hezeguneak partzialki kendu, iragazpenak kanalizatuz. Hezetasunak hormetako pintura ere hondatu zuen, beraz, hori ere konpondu da azken hilabeteetan. Hala ere, “prebentziorako mantentze egokiagoa egin beharra dago, eta aparkalekuetan inbertsioak egiteko gida-plana landu“, azaldu du Gorka Urtaranek.

Optimizazioari eta berrikuntzari dagokienez, teknologia berriak (telefono adimentsuentzako aplikazioak) erabiltzea bultzatuko litzateke, Urtaranen gobernuak beste alor batzuetan sustatzen dituen smartcity politikei jarraituz. Esatea baterako, TUVISAk Artiumeko aparkalekurako autokudeaketa sistema baten instalazioa kontratatu du duela gutxi, eta laster Iradier Arenan ere jarriko da. Kudeaketa sistemak eguneratzeaz gain, teknologia berriak lekuak erreserbatzeko edo ordainketak formalizatzeko erabil litezke.

Azkenik, aparkatzeko lekuen merkaturatzeari eta dinamizazioari dagokienez, okupazio-ratioa handitu nahi da zenbait formula baliatuz. Hauxe da garrantzitsuena: prezio politika erakargarri eta malgua, zeina TUVISAko Administrazio Kontseiluari aurkeztuko baitzaio laster. Urtaranen gobernuak proposatuko dituen neurrien artean “aparkatzeko lekua emakida erregimenean duten herritarrei hori baldintza erakargarrietan erosteko aukera ematea” aurreikusi da, alkateak azaldu duenaren arabera. Orain erabili gabe dauden lekuak erostea sustatuko luke horrek.

TUVISA modernizatzea

Hain zuzen ere, duela ia bi urte hasi zen lanean TUVISA mugikortasun agentzia modernoa bihurtzeko. Esate baterako, TUVISAk flota berritzeari ekin dio, eta 10 autobus erosi ditu; horiek dagoeneko hirian daude, eta hemendik gutxira hasiko dira Gasteizko kaleetatik zirkulatzen —orain kudeaketarako sistema instalatzen ari da, eta hori prozesu konplexua da—. “Kontuan izan behar da hirian erositako azken ibilgailuak 2009koak zirela, beraz, funtsezkoa zen flota berritzeko prozesua sustatzea”, esan du Gorka Urtaranek. Agintaldi honetan beste hamar ibilgailu erosteko konpromisoa hartu da.

Horretaz gain, udalaren garraio-enpresak kotxetegiak lekuz aldatzeko eta berdimentsionatzeko zein lantegiak eta bulegoak berritzeko proiektua garatzen jarraitzen du. Itziar Gonzalo buru den sozietateak garabi eta uniforme berriak erosi ditu, eta zenbait azpiegitura hobetu.

DOSSIER PLAN DE APARCAMIENTOS

Share