Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 martxoa 2019 12:04

Kaleko kirola sustatzeko kanpaina hori aurkezteko, erakustaldi handi bat egingo da Foru plazan apirilaren 7an

Kirol Park kanpainaren helburua kirolaren eta ariketa fisikoaren praktika bultzatzea da, kaleko kirolaren bitartez autonomia, harreman sozialak eta aisialdia modu osasungarrian betetzea sustatzeko, bai eta hiritarrak hiriko espazio publiko eta berdeguneak erabiltzera animatzeko ere. Lehen edizio honek “UDA” izena izango du, eta maiatzetik uztailera bitartean garatuko da.

Gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu da kanpaina, eta apirilaren 7tik aurrera Kirol Parkek sustatu nahi dituen balioak promozionatu eta ikustarazteko ekintzak egingo dira. Apirilaren 7an Foru plazan egingo den inaugurazio-festan, adibidez, hautatuko kirol batzuen erakustaldiak egingo dira 12:00etatik 14:30era.

Kanpainaren beste xede bat horren ezagunak ez diren kirolak ezagutaraztea da, bai eta kirola era espontaneo eta informalean praktikatzeko topaguneak sortzea ere. Formatuari dagokionean, urteko bi alditan banatuko da kanpaina, lehen fasea maiatza-uztaila aldian egingo da –hori da orain aurkeztu dena–, eta bigarrena, uda ostean (UDAZKENA).

Bestalde, bai udako faseak bai udazkenekoak bi ildo izango dituzte.

Alde batetik, hiri-kirolari loturiko programa bat, non hiriko zenbait elkarte Kirol Zerbitzuarekin elkarlanean arituko diren, indarrak batuz, haien jarduera ikustarazi eta hiri-inguruetako kirol praktikak indartzeko egutegi bat sortzeko. Udako fasean 14 jarduera egingo dira maiatzetik uztailera bitartean, eta horien datak, lekuak eta elkarte antolatzaileak txostenean erantsita ageri dira. Udazkeneko fasea aurrerago aurkeztuko da.

Bestetik, parkeetako ariketa sustatzeko jardunaldi bat antolatuko da. Salburun egingo da, parkeak familian zein lagunartean aisialdiaz gozatzeko jolasgune apartak direla nabarmentzeko. Ariketa fisikoa jardunaldiaren oinarria izango denez, hainbat joko eta kirol praktikatzeko aukera egongo da; hori bai, azpiegitura handirik baliatu gabe, asmoa hiritarrek gerora ariketa horiek lantzen jarraitzea baita. Aurreikuspenen arabera, ekainaren 23an egingo da jardunaldi hori, udako fasearen barruan, baina esleipen-kontuak direla eta, ez da data oraindik zehaztu.

Share