Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 uztaila 2019 11:28

Kronika Herald Stanley-gaztelera

Gasteizek eta Santikurutze Kanpezuk Henry Morton Stanley esploratzaile eta abenturazalea Araban lehen aldiz egon izanaren 150. urteurrena ospatuko dute. ‘La Exploradora’, ‘Africanista Manuel Iradier’ eta ‘Asociación Histórica 2013’ elkarte gasteiztarrek zenbait ekintza antolatu dituzte efemeridea gogoratzeko, Gasteizko eta Kanpezuko udalekin batera. Bihar eta etzi, uztailak 3 eta 4 izango dira ekitaldiak, eta horietan Henry Morton Stanleyren birbilobak, William Stanleyk, hartuko du parte.

“Gasteizek eta Henry Morton Stanleyk harreman estua dute. Zegokionean, Manuel Iradier gasteiztarrarekin izan zuen topaketa ospetsuaren 125. urteurrena ospatu genuen. Garai batean Pallarés ostatua izan zen lekuan, Posta eta Independentzia kaleen artean bada egonaldi hura gogoratzen duen xafla bat. Eta Zabalganean Henry Morton Stanley izeneko kalea dugu. Stanley Araban egon izanaren 150. urteurrena bete delarik, omenezko ekitaldietan parte hartu beharra genuen”, azaldu du alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik. “Gainera, The New York Heralde egunkarian argitaratutako kronikan gure lurraldeaz egiten duen deskribapena errealitatearekin bat dator oraindik, eta izan ginena eta izaten jarraitzen duguna gogoratzeko balio du. Arazorik gabe irudikatu dezakegu gaur egungo esploratzaile bat gure ingura etorri eta haren hitzak idazten:ez dago munduan beste lekurik hainbesteko garirik edo bestelako zerealik duenik; beste inon ez da hain landaredia sarri eta oparorik; beste herrialderik ez da hain makal, gereziondo eta belardi ederrik duenik, hain landetxe aberatsik’…” Alkateordearekin batera, Kanpezuko Udaleko zinegotzi Javier López de Luzuriagak eta kazetari eta idazle Ramón Jiménez Frailek hartu dute parte aurkezpenean; azken horrek Henry Morton Stanleyri buruzko zenbait azterlan egin ditu. 

“Stanleyren egonaldia Santikrutze Kanpezun ez da oso ezaguna, ezta New York Herald egunkariarentzat aztertu zuen 1869ko alkate liberalaren hilketa. Gauzak horrela, urteurren hau abenturazale eta esploratzaile handi hau gure herrian izan zela ezagutu eta aztertzeko baliogarria izango da”, aipatu du López de Luzuriagak.

Henry Morton Stanley (1841-1904) abenturazale eta esploratzaile handienetakoen artean igaro da historiara, besteak beste, Nilo ibaiaren iturburuaren enigma argitu zuelako, eta Kongo ibaiaren ibilgu osoan barrena ibili zen lehen mendebaldarra izan zelako.  Kazetari gisa, Livingston doktorea Afrikaren bihotzean aurkitu izanak (hortik “Livingston doktorea, ezta?” esaldia) ospe handia eman zion mundu osoan.  Gasteizek harreman berezia du Stanleyrekin, 1873ko uztailean Manuel Iradierrekin elkartu baitzen bertan, eta Gineako golkoa esploratzeko aholkatu baitzion. Livingstone doktorea Afrikan aurkitu eta bi urtera bildu zen Stanley Iradierrekin, zeinak Espainiako lehen elkartea geografikoa, “Asociación Eúskara La Exploradora”, fundatu baitzuen 1868an.

Zegokionean, Gasteizek Stanley eta Manuel Iradierren arteko topaketaren 125. urteurrena gogoratu zuen, Pallarés ostatua izandako lekuan (Posta eta Independentzia kaleen arteko izkinan) xafla bat jarriz Udalaren ekimenez, han elkartu baitziren. Stanleyren bi birbilobak hartu zuten parte ospakizun hartan. Ondoren, Gasteizko Udalak erabaki zuen Henry Morton Stanley izena jartzea Zabalgana auzoko kale bati. Nolanahi ere, 1873ko uztailaren aurretik ere izana zen Stanley Arabako hiriburuan.

 

Ramón Jiménez Fraile gasteiztarrak egindako ikerketei esker dakigu Stanley 1869ko uztailaren 3an eta 4an izan zela lehen aldiz Araban, hau da, duela 150 urte zehazki.  Gasteizen eta Araban egindako lehen egonaldi haren ondorioz, kazetariaren kronika luzea argitaratu zuen “The New York Herald” egunkariak 1869ko uztailaren 26an, “Graphic Description of the Basque Provinces and People” izenburuaz. “Euskal probintziez zerbait ezagutzen duten bidaiari amerikarrak gutxi direnez, horretaz ilustratzeko asmoa dut” hasten du Stanleyk bere kronika. Alderdi hauek aipatzen ditu bertan:

Euskaldunen kultura eta historia berezitasunak.

Gerra aurreko giroa, matxinada karlista gertu baitzegoen.

Kanpezuko alkate liberala erailtzera eraman zuten gertakarien ikerketa.

Gasteizko Batailaren agertokira egindako bisita, gertaera historiko horren aztarnen bila.

Arabako Lautadaren mirespenezko deskribapena (“Ez dago munduan beste lekurik hainbesteko garirik edo bestelako zerealik duenik; beste inon ez da hain landaredia sarri eta oparorik; beste herrialderik ez da hain makal, gereziondo eta belardi ederrik duenik, hain landetxe aberatsik”).

Orain agerian jarritako kronika luze horretaz gain, Gasteiz eta Araban egindako egonaldia beste modu batez ere utzi nahi izan zuen jasota: Zadorra ibaian bainua hartu ondoren bere inizialak  ibai ertzeko zuhaitz batean grabatuz, bere egunerokoan idatzita utzi zuenez.  Zuhaitz horren kokapen zehatza ere jaso zuen egunerokoan. Eraztun Berdeko ibilbideetako batean, Abetxukuko zubiaren ondoan dagoen motzondo bati dagokio lekua.

 

Stanley Gasteizen eta Araban lehen aldiz egon izana gogoratzeko ekitaldiak

‘La Exploradora’, ‘Africanista Manuel Iradier’ eta ‘Asociación Histórica 2013’ elkarte gasteiztarrek, Gasteizko eta Kanpezuko udalekin batera, zenbait ekintza antolatu dituzte Henry Morton Stanleyren lehen egonaldia gogoratzeko 150 urte geroago.

 

2019ko uztailaren 3a (Stanleyren etorreraren 150. urteurrena)

Goizean, elkarteetako ordezkariek bisita egingo dute Gasteizen Stanleyren ondorengo William Stanleyrekin batera —hedabideek ere jarraitu ahalko dute bisita—.

Arratsaldeko zazpietan, mahai ingurua Santikurutze Kanpezun. Zenbait adituk Arabako Mendialdeko herri horretan gertatutakoa azalduko dute, Stanley kazetaria Gasteizera etortzeko zio izan baitzen: alkate liberalaren hilketa.

Kanpezuko Udalaren omenaldia Stanleyren ondorengoari.

 

2019ko uztailaren 4a (Stanleyren egonaldiaren bigarren egunaren 150. urteurrena)

William Stanley gonbidatuak bisitak egingo ditu bere birraitonari eskainitako kalera eta Eraztun Berdeko lekuetara.

13.30ean Gorka Urtaran alkateak harrera egingo dio Stanleyren ondorengoari Gasteizko Udalean, elkarte antolatzaileetako kideek eta Gasteizko herritarrek lagunduta.

18.00etan bisita Abetxukuko zubira, Stanleyk Zadorran hartutako bainua eta inizialak zuhaitz batean grabatu izana gogoratzeko; izan ere, Persepolisen eta Kongon baino ez zuen horrelakorik egin.

 

Harremanetarako telefonoa: Ramón Jiménez Fraile (+32 476503608 eta 686019830)

Share