Prentsa Oharren banner

Udalak COVID-19ren eragina murrizteko prebentzio-neurriak handitu ditu

Gasteizko Udalak prebentziozko hainbat neurri ezarri ditu herritarren osasuna zaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren erakunde arteko mahaian parte hartu ondoren. Mahai horretan koordinatu dira zerbitzu eta ekipamendu publikoetan hartu beharreko jarraibideak. Neurri horiekin batera, udalaren menpe dauden ikasketa zentroen jarduera etetea erabaki dute gaur eguerdian, Lakuako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza sailek ezarritako jarraibideari jarraituz. Etete hori martxoaren 24ra arte izango da, asteartea, eta beste agindurik izan ezean ohiko jarduerara itzuliko da.

 

Martxoaren 10etik martxan jarriko diren neurriak:

 

– Gizarte-etxeetan jarduera etetea, bi zerbitzutan izan ezik: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Herritarren Arretarako Bulegoetan. Kirol instalazio guztietan ere jarduera etengo da.

 

– Bertan behera utzi da aurrez aurreko prestakuntza-jarduera guztia: udal hezkuntza-zentrotan jada hartu den neurria enpleguaren arloko prestakuntza-zentroetara hedatzen da (CETIC eta Ignacio Ellacuría), hala, gizarte-etxeetan eta adinekoen zentro soziokulturaletan emandako ikastaroen bloke osora.

 

– Eskola-kiroleko jarduera eta Udal instalazioetan egiten diren jarduera fisikoko ikastaro guztiak eten dira.

 

– Pertsona asko biltzen diren kirol eta kultura ekitaldiei dagokienez, zuzenean erantzungo zaio Eusko Jaurlaritzak esandakoari eta parte hartzaileen kopurua, ekitaldiaren lekua eta esparruaren gehieneko edukiera zehatz-mehatz aztertuko da.

 

– Adingabeen gizarte eta hezkuntzazentroen jarduera ere eten egin da.

 

Neurri horiek guztiak arautzen dituen funtsezko irizpidea adingabeak espazio itxietan elkartzea saihestea da. Koronabirusak bereziki ez die eragiten, baina gaixotasuna nahiko erraz transmititu dezakeen biztanleria-sektore bat da adingabeena.

 

Adinekoentzako zerbitzuen arloko neurri espezifikoak ere indartuko dira:

 

-Gizarte zerbitzuen kasuan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zentro soziosanitarioei zuzendutako gomendioak eguneratzeko ardura hartu du Udalak. Horrek esan nahi du, familiek eta zentroetako erabiltzaileen bisitariek ezingo dutela bisitarik egin sukarra edo arnasketa-sintoma akutuak badituzte. Era berean, ospitaleratutako paziente bakoitzeko senideen bisitak murriztea gomendatzen da. Laguntzaileek ezin izango dute sukarrik edo arnasketa-sintoma akuturik izan.

 

Eskuen higienerako eta arnas higienerako neurriak ere zorroztuko dituzte, gainazalen garbiketak indartzeaz gain.

 

Neurri horiek guztiak hartzen badira ere, datozen egunetan zehaztapen gehigarriak egin ahal izango dira. Udal giza baliabideen arloan, bestalde, Udal langileen ordezkariekin bilera bat egitea aurreikusi da biharko (asteartea) ezarri beharreko neurri zehatzak aztertzeko.

 

Azkenik, Gasteizko Udalak eskatzen die familiei ulertu ditzatela ezarritako neurriak. Eta jarrai ditzatela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ematen dituen prebentzio-jarraibide orokorrak.

Share