Prentsa Oharren banner

Ekainaren 19ko Udalaren osoko bilkura Goiuri jauregian egingo da

Covid-19 pandemia dela zio, eta zinegotzien arteko distantziak gordetze aldera, datorren osoko bilkura Goiuri jauregian egingo da, Martin de Salinas aretoan.

Komunikabideek bertatik bertara jarraitu ahal izango dute osoko bilkura hori, Goiuri jauregian kazetarientzako egokitutako tokian, edo streaming bidez esteka honetan.

Share

Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuek uztailaren 1ean hasiko dute udako kanpaina

  • Aldez aurretik udalaren webguneren bitartez edo 010 telefonoz erreserba egin beharko da sartzeko, eta lehenengo fasean udal kirol-instalazioetako abonatuak baino ez dira onartuko
  • Hasteko 1.500 pertsonako edukiera ezarri da kirol esparru bakoitzeko, goizeko eta arratsaldeko txandetan, eta handitu egin ahal izango da berme nahikorik bada

 

DOSSIER CAMPAÑA DE VERANO

Uztailaren 1ean hasiko da udako kanpaina Mendizorrotza eta Gamarrako kirol esparruetan. Sarbide-sistema bat diseinatu da instalazio horiek erabiltzeko eskaria COVID-19ren osasun-krisiaren ondoriozko segurtasun-betekizunekin bateragarri egiteko. Sistema horren bitartez, hasteko 1.500 laguneko gehieneko edukiera bermatuko da konplexu bakoitzean, eta baldintzek ahalbidetzen badute Mendizorrotzean 3.000 pertsona eta Gamarran 3.400 sartzera irits daiteke geroago. Orobat, prebentzio-neurriak hartu dira, bai bainurako bai berdeguneak erabiltzeko.

“Aurtengo udako kanpaina desberdina izango da nahitaez, aisia eta segurtasuna uztartu beharko baitira. Beharrezko neurriak hartu ditugu ahalik eta pertsona gehienek izan dezaten igerilekuak erabiltzeko aukera, osasun-gomendioak uneoro errespetatuz, baina oso gogoan izan behar dugu zer gertatu den eta hilabete hauetan osasun-egoerak zer bilakaera izango duen. Instalazioak zalantzarik gabe itxiko ditugu osasun-egoerak okerrera egiten badu edo gutxieneko segurtasun-baldintzarik ez dagoela ikusten badugu “, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

 

Fase pilotua uztailaren 12ra arte

Uztailaren 1etik 12ra bitartean fase pilotu bat egingo da, kanpainaren bilakaera ona den eta prebentzio-neurriek egoki funtzionatzen duten gainbegiratzeko. Lehenengo hamabi egunetan, udal kirol instalazioetako abonatuak bakarrik sartu ahal izango dira Mendizorrotzean eta Gamarran. Fase hori amaituta, eta okupazio-mailak ahalbidetzen badu, Gamarrarako eguneko sarrerak emateko aukera aztertuko da, eta Mendizorrotza, berriz, abonatuentzat utziko da.

Hasiera batean kirol esparru bakoitzaren edukiera 1.500 pertsonatara mugatuko da. Ahalik eta babes kolektibo handiena lortu nahian ezarri da muga hori, saturazio-aukera oro saihesteko. Muga hori egunero-egunero berrikusiko da fase pilotuan, eta segurtasun-baldintzek ahalbidetzen badute, pixkanaka handituko da, Mendizorrotzean 3.000 pertsona eta Gamarran 3.400 sartu arte.

Edukiera horiek kalkulatzeko esparru bakoitzaren edukieraren % 60 inoiz ez gainditzea izan da oinarria, bai igerileku-putzuetan, bai aisialdirako guneetan. Horretarako, kirol esparru bakoitzaren azalera hartu da kontuan, eta, Mendizorrotzaren kasuan, baita Autobabes Plana ere.

Udako kanpaina irailaren 6an amaituko da Gamarran, eta hilaren 20an Mendizorrotzean; dena den, bi data horiek alda litezke egoerak behartuz gero. Guztira 150 pertsonak lan egingo dute aurtengo kanpainan, gaueko zaintza eta kontrolerako, sorospenerako eta lehen laguntza eta garbiketarako kontratuen bidez.

 

Hitzordua eskatuta sartzea goizeko eta arratsaldeko txandetan

Instalazioak erabiltzeko aukera ahalik eta handiena izan dadin, eguneko bi txanda ezarri dira:

  • Goizez, 08:00etatik 14:30etara
  • Arratsaldez, 15:30etik 22:00etara

Bi txanden artean, beharrezko garbiketa-lanak egingo dira. Ordu-tarte horien bidez, halaber, sartze- eta irteera-uneetan pilaketak sortzea saihestu nahi da. Tornuak egokitu dira, erabiltzaileak egunean bi txanda horietako bakarrean sartu ahal izan daitezen.

Kirol-guneetara sartzeko, abonatuek aldez aurreko hitzordua eskatu beharko dute (eguna eta txanda erreserbatu beharko dituzte) Udal webgunearen bidez. Horretarako sarbide espezifiko bat jarriko da portadan bertan. Osagarri gisa, hitzordua 010 telefonoaren bidez ere egin ahal izango da.

Aldez aurreko hitzordu hori banakakoa izango da, eta ezin izango da taldeko inskripziorik egin. Bertan zehaztuko da zein instalaziotara joan nahi den (Gamarra edo Mendizorrotza).

Sarrera erreserbatzeko orduan, astea bi alditan banatuko da:

  •  “ASTEGUNAK”: astelehenetik ostegunera.
  •  “ASTEBURUA”: ostiraletik igandera.

 

Astegunetarako lekua aurreko ostiraletik erreserbatu ahal izango da. Asteburuaren kasuan, erreserba egiteko aukera aurreko asteartetik aktibatuko da.

Sistema horren bidez, erabiltzaile bakoitzak eguneko txanda bakarra erabili ahal izango du bi instalazioen artean. Txanda horiek aukeratzeko orduan, gehienez hiru goiz aukeratu ahal izango dira, eta gehienez ere bi arratsalde. Orobat, erreserba-sistema hori erabili beharko da Gamarrarako eguneko sarrerak erosteko aukera aktibatzen bada.

Adingabeen kasuan, bi urtera arte ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua hartzea, ezta instalazioetarako abonamendua izatea ere. 2 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiek abonamendua atera beharko diete, orain arte beharrezkoa ez bazen ere. Abonamendua nahitaezkoa da edukiera benetan kontrolatzeko, baina doakoa izango da, eta herritarrei laguntzeko bulegoetako batean izapidetu ahal izango da.

Sarrerak kendu dira, HUT ahaztu delako, udako kanpaina honetan edukiera kontrolatzeko berme gisa.

Instalazioetako sarrera-irteeretan maskara erabili beharko da. Eraikinen barruan eta komunetan ere beharrezkoa izango da. Sarbideetan markak jarriko dira lurzoruan, segurtasun-distantzia gorde ahal izateko. Igerileku-putzuetara sartzeko puntu bakarra egongo da, eta distantziak markatuko dira beteta daudenean itxaroteko.

 

Espazio eta zerbitzuen erabilera 

Igerileku-putzuetan, sartu eta irteteko bideak antolatzeaz gain, bainatzeko denbora mugatu egingo da ezarritako edukiera-mugara iristen bada. Bainatzeko muga hori 15 minutukoa izango da, gutxi gorabehera.

Ezin izango dira erabili ez kanpoko igerilekuetako txirristak, ez dutxa-perretxikoak ezta hidromasaje-eremua ere. Hartara, puntu zehatz horietan gerta litezkeen pilaketak saihestu nahi dira. Beti bezala, ez da baimenduko uretako jostailuak erabiltzea.

Gainerako instalazioei dagokienez, ezin izango dira aldagelak erabili, behar bereziak dituzten pertsonen kasuan izan ezik. Komunak eta kanpoko dutxak irekita egongo dira, eta barruko dutxak, berriz, ez. Armairutxoak ere ezin izango dira erabili. Gamarran, bestalde, ezin izango dira barbakoak eta erretegiak erabili, baina bai mahaiak eta eserlekuak.

Murrizketek haurren jolastokiei ere eragingo diete, ezin izango baitira baliatu, hareatzak izan ezik. Kirol-pistak ere ezin izango dira erabili, tenis eta padel pistak izan ezik; horiek zuzeneko erreserba eginda erabili ahal izango dituzte kirol esparruetara sartzeko hitzordua hartuta duten pertsonek.

Prebentzio arrazoiak direla eta, ez da hamaka zerbitzurik egongo, baina, salbuespen gisa, aurten aulkiak edo hamakak sartzen utziko da Mendizorrotzean. Elementu horiek solariumean bakarrik erabili ahal izango dira, horretarako egokitutako eremu bakarrean. Aukera hori udako kanpaina honetarako aurreikusitako ezohiko neurria da, batez ere adinekoen beharretan pentsatuta.

 

Lekuaren banaketa berdeguneetan

Aisialdirako guneen erabilera autobabeserako eta distantzia fisikoa mantentzeko neurriekin bateragarria izan dadin, lekuak markatuko dira lurzoruan, espazioa banatzeko, batez ere igerileku-putzuetatik hurbilen dauden eremuetan, horietan pilatzen baita jende gehien. Espazio horiek hainbat tamainatako zirkuluen bidez (bi eta lau metro artekoak) mugatuko dira.

 

Igerileku estaliak erabiltzea

Kirol guneekin batera, uztailaren 1ean hiru igerileku estali irekiko dira: Ibaiondo, Aldabe eta Hegoalde gizarte etxeetakoak. Igerileku horietara sartzeko, Mendizorrotzean eta Gamarran erabiliko den sistema bera erabiliko da edukiera kontrolatzeko, hau da, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da.

 

Kuotak itzultzea

Kirol-instalazioak berriz irekitzeko data ezagututa eta baliatu ezin izan diren zerbitzuen zenbatespena eginda, Gasteizko Udalak kalkulatu du kirol instalazioetara sartzeko urteko kuotaren % 25a inguru itzultzeko eskubidea izango dela. Laster iragarriko dira itzulketa hori nola gauzatuko den.

 

 

 

 

Share

Off Lokal programaren ekarpena Gasteizko konpainientzat 9.000 eurotik 26.400 eurora igoko da

2020an, Antzerki Jaialdiak deialdira aurkeztutako zortzi ikuskizun programatuko ditu; aurrekoetan, aldiz, hiru ziren

 

Hezkuntza eta Kultura Sailak handitu  egin du ezohiko espazioetan ari diren tokiko antzerki konpainientzako “Off Lokal” programarako ekarpena: 2019an 9.000 eurokoa izan zen, eta 2020an, aldiz, 26.400 eurokoa izango da. Sorkuntza eszeniko berria eta sorkuntza lokala erraztu eta faboratzea da deialdiaren helburua.

“Hasiera batean hiru lan aukeratzeko asmoa genuen, hautatutako artisten eta Udalaren Antzoki Sarearen artean ekoizteko, Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren bitartez.  Baina taldeek egindako lan handia eta aurkeztutako ikuskizunen goi maila ikusirik, programa zortzi funtziotara zabaltzea erabaki dugu“, iragarri du Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. “Hartara, tokiko konpainiei lagunduko diegu arte eszenikoek bizi duten egoera zailean, haien proiektuak kontratatuz“, erantsi du.

Udalaren Antzoki Sareko balioespen organoak emandako puntuazioaren arabera, konpainia eta lan hauek aukeratu dituzte: El Mono habitado, ‘Souvenirs’; Proyecto Larrua, ‘Muda’; Ekoma, ‘Con los pies por delante’, eta Mananas Fruti, ‘Acoples’.

Ondoren, talde eta lan hauek lortu dute puntu gehien: Trampola, ‘Txilin Hotsak’; Pez Limbo, ‘Marea baja’; Piszifaktoria, ‘Elkar ezagutu genuen eguna’, eta Hara Nori, ‘Ypárchoume’.

Zortzi proposamen horiek Gasteizko 45. Antzerki Jaialdiaren barruan antzeztuko dira, udazkenean.

 

 

Share

Herritarren Segurtasunaren Sailak web-mintegi bat antolatu du adingabeen arteko droga-kontsumoaren prebentzioan duen esperientzia azaltzeko

Herritarren Segurtasunaren Sailak web-mintegi bat antolatu du ekainaren 18rako (osteguna), zeinean hainbat alorretako adituek adingabeen arteko adikzioak, horien prebentzioa eta erakundeek ematen dioten tratamendua aztertuko baitituzte.

Gasteizek Drogei buruzko Tokiko Ekintza zerbitzuaren esperientzia azalduko du. Horren bidez, Herritarren Segurtasunaren Sailak drogekin lotutako egoeretan —pertsonei, familiei edo gizarte osoari dagozkienetan— arreta ematen du eta, bereziki, adingabeak drogak (legezkoak edo legez kanpokoak) hartzen hastearekin lotutakoetan.

Osasun publikoaren alorreko mediku Joseba Zabalak zuzentzen du Udaltzaingoaren zerbitzu hori, eta 2019an adingabeen kontsumoarekin lotutako 196 kasutan esku hartu zuen. Egoera horien tratamenduan “Pendrive kritikoa” deritzon baliabide psiko-hezitzailea erabiltzen da, adingabeek drogekiko esperientziari buruzko autokritika egin dezaten.

Drogei buruzko Tokiko Ekintzak bere lanean antzeman duenez, tabakoaren eta kalamuaren kontsumoa gutxitu egin da, eta alkoholaren kontsumoa normaltzat jotzen da gizartean; hori arazo handia da, gainditu beharrekoa, eta erronka handietako bat prebentzioaren alorrean.

Osteguneko web-mintegian, Joseba Zabala eta Joseba Pinedok “Pendrive kritikoa” tresnaren esperientzia azalduko dute, adingabeen artean prebentzioa lantzeko eta kontsumoengatiko isunak saihesteko aukera gisa —1.000 eurora irits daitezke berrerorleen kasuan—.

Beste aditu  hauek ere hartuko dute parte: Xavier Arana (Kriminologiaren Euskal Institutua), Elena Aldasoro eta Irune Urbitrate (Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza), Rubén Ramos (Gasteizko Udaltzaingoaren Adingabeen Taldeko arduraduna), María Avila (Euskadiko Birgizarteratze Institutua) eta Montse Bartola (Bartzelonako Osasun Publikoko Agentzia).

Herritarren Segurtasunaren zuzendari Javier Saez Lanasek irekiko du web-mintegia. Esperientziak partekatzeaz gain, beste helburu batzuk lortu nahi dira horren bidez, hala nola esku hartzeko irizpideak adostea eta herritarrak eta erakundeak sentsibilizatzea lege-arauek prebentzio-tresna gisa duten garrantziaz.

Share

Udaltzainek abiadura kontrolatuko dute Salburuan eta Zabalganan

Datozen egunotan, Udaltzaingoak arreta berezia jarriko dio Salburuan eta Zabalganan dabiltzan ibilgailuen abiadurari. Horretarako, ohiko puntuetan eta abiadura handiak detekta daitezkeen beste bide batzuetan radar mugikorra instalatuko dute.

Covid-19aren ondoriozko deseskaladaren ondoren, lekualdaketetarako ibilgailu partikularraren erabilera berriz ere handitu den unean iritsi da neurria.

Egoera hori ikusita, Udaltzaingoak auzo horietan zirkulazioaren abiadura-igoera posiblea eragotzi nahi du. Izan ere, iaz egindako ikerketa baten arabera, gidarien % 30ek 70 km/h-ko abiadura gainditzen zuten.

Gogorarazi beharrekoa da hiri-bideetan 60 km/h-tik gorako abiadura-muga gainditzea bideko segurtasunaren aurkako delitu gisa tipifikatuta dagoela eta zigorra 3 eta 6 hilabete arteko espetxea edo isuna edo komunitaterako lanak izan daitezkeela, baita 1 eta 4 urte artean gidabaimena kentzea ere.

Esku-hartzeak

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak hamabost zirkulazio-istripu erregistratu ditu; horietan, hiru pertsona, bizikleta-gidari, zauritu dira.

 

Share

Udalbatza 2020-06-19

Webgunean Udalbatza ekainaren 19an (ostirala), 9.00ean, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda

Share