Prentsa Oharren banner

Gaitasun digitaletan prestatzeko programa bat jarri du martxan Udalak

 

Hiriko hamar ikastetxetako 200 pertsona inguruk hartuko dute parte

Gaitasun digitaletan prestatzeko programa bat jarri du martxan udalak, unibertsitateaz kanpoko ikasleen familiei zuzenduta. Udal gobernuak Elkarrekin-Podemosekin adostutako aurrekontu-akordioak ahalbidetu du ekimena.

 “Hainbat prestakuntza modulu prestatu ditugu antzemandako edo planteatutako premien arabera, eta ikastetxeetako irakasle eta zuzendariekin aritu gara elkarlanean. Modulu horien bitartez, geldiarazi egin nahi dugu hezkuntza arloko eten digitala, nabarmenagoa bihurtu baita covid-19ak sortutako krisi soziosanitario honetan. Azaroaren 9an hasi da programa, eta hiriko 10 ikastetxetako 200 lagun inguru ari da parte hartzen. Lehenetsi egin dira familiek seme-alaben heziketan parte hartzea zailtzen duten inguruabar bereziak biltzen dituzten zentroak. Edizio honetan, ikastetxe guztiak sare publikokoak dira” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok programa aurkezteko prentsaurrekoan.

Bestalde, Elkarrekin Vitoria-Gasteizeko zinegotzi Gema Zubiaurrek gaineratu du “Elkarrekin taldean oso positibotzat jotzen dugu aurrekontu akordioaren emaitza den proiektu hau, pandemiak larritutako eten digitala desagerrarazteko benetako konponbideak jartzen dituelako mahai gainean. Akordio honi esker, unibertsitatez kanpoko ikasketak egiten ari diren haur eta nerabeen gurasoek gaitasun digitalak eskuratu ahalko dituzte, seme-alaben hezkuntzan parte hartu ahal izateko. Adituek ohartarazi dutenez, korrelazioa dago ahultasun-egoeran dauden familien eta gaitasun digital eskasagoa duten familien artean, eta hori da horrelako programa baten beharra planteatzearen arrazoietako bat, funtsezkoa iruditzen baitzaigu eten digital hori murrizten joateko”.

Lantegi hauei esker, “Oinarrizko alfabetatze digitala”, “Posta elektronikoaren kontuaren erabilera”, “Egunerokotasunerako tresnak” eta “Google classroom” arloetan presta daitezke gurasoak.

Hezkuntza Zerbitzuak Sartu Álava elkartearen laguntza du ekimen honetarako, eta bera arduratzen da familiei prestakuntza emateaz. Erakunde honek, Saregune proiektuaren bitartez, nahikoa instalazio eta ekipamendu informatiko du jarduera bere lokaletan emateko, baldin eta hiriko ikastetxeetako osasun-araudiak eskola-guneetan prestatzeko aukerarik ematen ez badu.

Taldeetan hamar pertsona izango dira gehienez, ahal dela ikastetxe berekoak, eta hainbat prestakuntza-saio egingo dituzte astean zehar, une oro ezarritako osasun-araudira egokituta.

Ekimen hau Hezkuntza Zerbitzuak 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan zehar garatzen duen proiektu baten baitakoa da, zeinek hezkuntzan ekitatea lortzea baitu xede. Hauexek ditu ekintza adierazgarrienetako batzuk:

  • Guraso elkarteak bideratzea eta dinamizatzea, horiekin lankidetzan aritzeko eta zailtasun handienak dituzten eskoletan elkarteak eratzen laguntzeko.
  • Guraso elkarteen eta hezkuntzako beste eragile batzuen jardunbide egokiak aztertzea, ezagutza, transferentzia eta aintzatespena lortzeko.
  • Hezkuntzan familien partaidetza sustatzeko kanpaina, izan ere funtsezkoa da hezkuntzaren kalitatea bermatzeko eta hezkuntza hobetzeko.

Horiek guztiak Gasteiz hiri hezitzailearen jardueretan sartuta daude.

 

 

 

 

 

 

Share