Prentsa Oharren banner

Gazteria Zerbitzuaren Instagrameko kontuak 1.000 istorio baino gehiago bildu ditu, eta 195.000 bistaratzetik gora lortu

Gazteria Zerbitzuaren @vitoriagazteok Instagrameko kontuak, zeina Gasteizko 16 eta 35 urte bitarteko gazteek kudeatzen baitute, 1.000 istorio baino gehiago bildu ditu, eta 195.000 bistaratzetik gora pilatu ditu jardueraren lehen urtean. Ekimen hori aitzindaria da Estatuan, eta Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landak adierazi duenez, “gazteei ahotsa ematea ahalbidetzen du, udalaren sare sozial bat eskura jarriz eta, aldi berean, ikusgarritasuna emanez”. Zinegotziak tresna berritzaile horren balorazioa egin du gaur goizean Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan (OMIJ), profila kudeatu duten pertsona batzuekin batera: Adriana, Mikelats, Bea eta Santiago.

Lehen urte honetan, 26 erabiltzailek kudeatu dute profila. Bi astetan zehar, beren gustuak eta interesak islatu dituzte, erronkak eta galderak proposatu, egunero egiten zutena kontatu, eta era guztietako gaiak mahai gainean jarri: musika, idazketa, kirola, elikadura, dibertsitate funtzionala…

Profilak jarduera handia izan du bizitzako lehen urte honetan: dagoeneko 758 jarraitzaile ditu, 1.000 istoriotik gora argitaratu dira, eta 195.000 bistaratze baino gehiago lortu dituzte.

Urteurrena ospatzeko, eta Gasteizko gazteak VitoriaGazteok ezagutzera animatzeko, Gazteria Zerbitzuak hainbat ekimen antolatu ditu.

Hamabostaldi honetan, Gazteria Zerbitzuak berak kudeatuko du profila, eta jarraitzaileen artean inkesta bat egiteko aprobetxatuko du, aurten profila kudeatu duten pertsonen artetik zein gustatu zaien gehien jakiteko. Inkestan parte hartzen duten pertsonen artean argazki-kamera bat zozketatuko da, eta inkestan gehien aipatzen den pertsonak profilean jardun ahal izango du beste bi astez.

Gainera, zenbait bideo argitaratu dira, profilaren kudeatzaile aritu diren gazte batzuen esperientziak jasotzeko. Bideo horiek Udalaren kanal ezberdinen bidez zabalduko dira.

 

Erakusketa-gunea OMIJen

Azkenik, erakusketa bat prestatu da 12 hilabete hauetan profil horretako argitalpenetako batzuk ezagutarazteko. Erakusketa martxoaren 16ra arte egongo da ikusgai, Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan. Bulegoa eraberritu egin da, eta irudia ere eguneratu, Gasteizko gazteei irekitako erakusketa-gune bihurtzeko.

Hemendik aurrera, hiriko gazte guztiek izango dute beren argazkiak, marrazkiak eta abar erakusteko lekua.

Informazio gehiago eskuratzeko eta VitoriaGazteok profila kudeatzeko izena emateko: v-g.eus/vitoria-gazteok. Aipatutako gunean erakusketa egin nahi duten gazte oro gazteentzako informazio-bulegoarekin jar daiteke harremanetan, infojoven2@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz edo 945161330 telefonora deituz.

 

 

Share