Prentsa Oharren banner

PNV, PSE, Bildu eta Elkarrekin taldeen adierazpena, Juana Ruizen atxiloketari buruz, zein Palestinako Helth Work Committees (HWC) osasun-elkartearen proiektu-koordinatzailea baita

Health Work Committees (HWC) gobernuz kanpoko oinarrizko erakunde palestinarra da, 1985ean sortua, irabazi askorik gabea, osasunaren alorrean diharduena. Elkartearen lana funtsezko xede batera bideratzen da: diagnostiko-zerbitzuen eta lehen arretako zerbitzu terapeutikoen bitartez Palestinako osasun-egoera hobetzen laguntzea, bai eta programa komunitarioak abiaraztea ere. Kontuan hartu behar da, gainera, euskal erakundeek sarritan aritu izan direla elkarte horrekin lankidetzan.

Apirilaren 13an Israelek atxilotu eta espetxeratu egin zuen –batere kargurik gabe– Juana Ruiz Sánchez, 35 urtetik gora Palestinan bizi delarik, HWCren proiektu-koordinatzaile lanetan ari dena. Elkarteak elkartasunezko zereginetara bideratzen du bere lana, hartara egoera ahulenean dauden palestinarren osasunarekiko eskubidea bermatze aldera, batez ere haur eta emakumeen osasun-prebentzioaren eta haurren txertaketaren alorretan.

Gauez atxilotu zuten: 20 soldadu israeldar baino gehiago indarrez sartu ziren haren etxebizitzan (Beith Sahur udalerrian, Zisjordanian), galdeketa egiteko aitzakia hutsarekin.

Horren aurretik, 2021eko martxoaren 8an Israelgo armadak Juanak lan egiten duen osasun alorreko HWC erakundearen bulego nagusian sartu ziren bortxaz, Al Bireh hirian, eta Kontabilitate Saileko arduradun Tayseer Abu Sharbak atxilotu zuten; horrez gain, ekipo informatikoak eta nazioarteko erakundeekin eta dohaintza-emaileekin lankidetzan egiten duten lan humanitarioari buruzko dokumentazioa eraman zuten. Atxilotuta dago baita Saeed Abbad, gaur egun HWCrekin lan-harremanik ez duen arren, 2 urtez Kontabilitate Saileko arduradun izan dena.

Hasiera batean, gorabehera horiek pentsarazi zuten (gero horrela dela egiaztatu ahal izan da) atxiloketen arduradunek HWCren proiektuen finantziazioarekin loturiko delituren baten inguruan osatu nahi zutela salaketa, eta Juana saltsa-maltsa horretan nahasi.

Azpimarratu behar da Juana Ruizek hiru aste pasa eman dituela leporatzen dizkioten karguen berri jakin gabe, tarte horretan Israelgo auzitegi militarrek teoria sinesgaitz bat osatu dutela, eta Juanaren lankideak kargurik gabe geldiarazi zituztela. Israelgo agintarien artean ohikoa den jokamolde horrek Nazioarteko Zuzenbidea urratzen du, eta horixe salatu dute –giza-eskubideen alorreko nazioarteko erakunde batzuen artean– tortura-egintza eta tratu krudel, anker edo iraingarriei buruzko, eta Palestinako lurralde okupatuetako giza-eskubideen egoerari buruzko NBEko Errelatore Bereziek.

Hartara, israeldar agintariek osasun-arreta bermatzeko dagokien (potentzia okupatzailea diren aldetik) erantzukizunari uko egin diotelarik, urte askoan Zisjordanian osasun-prebentzio eta -arreta lanetan aritu direnak atxilotu ditu Israelek.

Horrekin batera, arlo humanitarioan eta palestinarren eskubideen aldeko lanean dihardutenen jazarpenean jarraitzen du Israelek.

HWCk osasun- eta gizarte-proiektu ugari egin ditu nazioarteko, Espainiako eta Euskal Herriko lankidetzaren babespean, esaterako: Ekialdeko Jerusalemgo adingabeei txertoa jartzea, Israelgo gobernuak uko egin ondoren; jaio aurretiko osasuna Zisjordaniako emakumeen eskura jartzea, osasunarekin, osasun-ohiturekin edo ohiko gaixotasunen prebentzioarekin zerikusia duten arlo ugaritan informazio- eta prestakuntza-kanpainak egitea; HWCk Palestinako Aginte Nazionalaren menpeko lurraldeetan dituen hamalau ospitaleetan pazienteen % 40 doan artatzea, eta gisako beste jarduera batzuk, inolako delitu izateko batere susmorik gabeak.

HWCk izaera osasun-humanitarioa izan arren –edo agian horrexegatik–, Israelgo gobernuaren jazarpena pairatzen du tarteka-tarteka, hartara Palestinako gizarte zibileko erakundeak erreprimitu, higatu eta eraisteko politika gauzatzen duelarik.

Gainera, Juanaren kasuan kezkagarriak dira baita bere osasun-arazoak, zer nolako ondorioak eragin diezaiokeen Israelgo agintariek pairarazten dizkion galdeketa-saio ezin luzeagoek, zeren kontura, eta, soil-soilik, palestinarren giza-eskubideen alde jarduteagatik.

Gure aburuz, Euskal Herriaren zein Espainiako Gobernuaren kooperazio publikoek finantzatutako proiektuek ez dute delituren zantzurik batere, hori ezinezkoa da, zein jarduerarako dirulaguntza eskatu eta jarduera horietan baliatzera behartzen baitute, bai eta finantziazioaren justifikazio oso-osoa aurkeztera ere.

Horren guztiaren aurrean, PNV, PSE/EE eta Elkarrekin udal-taldeek adierazpen hau aurkezten dute:

Gasteizko Udalak adierazten du ezen Israelgo armadak eskubide zibil eta politikoak babesteko nazioarteko gutxieneko arauak urratu dituela, atxilotu dituelarik Juana Ruiz Sánchez eta haren lankide Tayseer Abu Sharbak eta Saeed Abbad, hiruak ere Health Work Committees (HWC) osasun erakunde palestinarreko kideak.

Gasteizko Udalak Israelgo agintariei formalki eta premiaz Juana Ruiz Sánchez eta haren lankide Tayseer Abu Sharbak eta Saeed Abbad askatzeko eskatzeko eskatzen die Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari, hartara euren eskubide zibil eta politikoak bermatzeko.

Gasteizko Udalak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta palestinarren giza-eskubideak errespetatzeko exijitzen dio Israelgo Estatuari.

Gasteizko Udalak ondasun kaltetu eta konfiskatuen –tartean lankidetza publikoak finantzatuak ere bai– erreparazioa exijitzen dio Israelgo Estatuari.

Gasteizko Udalak Juan Ruiz Sánchez laster aske izan dadin egin beharrekoak egiteko eskatzen dio Espainiako Gobernuari.

 

Share