Prentsa Oharren banner

Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek ongietorria egin die Araba Ekinean-en barruko ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren finalistei

  • Tokiko 20 ekintzailek beren proiektuak defendatuko dituzte gaur arratsaldean, Europa jauregian
  • Aurtengo edizioan inoizko kopuru handiena lortu da, 64 ekimen aurkeztu baitira lehiaketara, 2020an baino 21 gehiago

 

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren finalistek beren ideiak defendatuko dituzte epaimahaikideen aurrean, eta haiek Arabako negozio-proposamen onenak aukeratuko dituzte. Gasteizko Udaleko Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek egin die ongietorria Europa biltzar jauregiko Francisco de Vitoria auditoriumean.

“Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailean badakigu ez dela gure hiriko ehun ekonomikorako gauza baliotsuagorik negozio-ideia berriak dituzten eta gauzak aldatzeko lanean hasteko gogoa duten ekintzaileak baino. Horrexegatik gaude Araba Ekinean-en ekosistemaren sustatzaileen artean, gure lurraldean eta gure hirian berritzaile direnei laguntzen baitie plataforma horrek. Ezberdin pentsatzen dakiten pertsonak behar ditugu, aurre egin beharreko erronka berriei erantzuteko“, nabarmendu du Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek bere mintzaldian.

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketak partaidetza-errekorra gainditu du 2021an, orotara 64 parte-hartzaile izan baititu. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez— eta Vital Fundazioak sustatutako Araba Ekinean aliantzaren barruan antolatzen da.

Epaimahaiak 20 finalista aukeratu ditu, zeinak hamar sarietako bat irabazteko lehiatuko baitira; orotara 11.000 eurotik gora banatuko dira. Gaurkoan, finalistek 5 minutu izango dute proiektuak aurkezteko eta epaimahaia zein publikoa beren kategorian onenak direla konbentzitzeko. Urriaren 5ean (asteartea) jakinaraziko da azken erabakia, Araba Ekinean-en barruko Ekin Day jardunaldi zentralean.

 

 

 

 

Share