Prentsa Oharren banner

Gasteiz Antzokiaren proiektuaren idazkuntza eta obra esleitu ditu gaur udal gobernuak

 

Egun historikotzat jo du Gorka Urtaran alkateak, “hirian euskararen alde lan egiten dugun guztiontzat”

Audioa Alkate Gorka Urtaran

GASTEIZ ANTZOKIAREN DOSIERRA

Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea eraikitzeko proiektuaren idazkuntza eta obra Zikotz SA enpresari esleitzea erabaki du gaur udal gobernuak, 2,6 milioi euroan.

Egun historikotzat jo du Gorka Urtaran alkateak, “hirian euskararen alde lan egiten dugun guztiontzat” Gasteizen euskara maite eta gozatzen duten ororen etxea izango da, eta gure hizkuntzaren arnasgunea hiriaren erdi-erdian”.

Ruiz de Bergaratarren jauregia eraberrituko da, eta bertan lau solairu egokituko dira, sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak.

Udalak eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia. Gorka Urtaran alkateak oso positibotzat jo du aurreikusitako esku-hartzea. “XVI. mendeko eraikin jatorriz errenazentista berreskuratu eta birgaituko dugu, Ruiz de Bergaratarren jauregia, aldaketa, handitze eta eraiste ugari jasan dituena. Topaketa, prestakuntza eta kultur sorkuntzarako gunea bihurtuko dugu, bizitzaz betea”, azaldu du.

Gasteizko alkateak hainbat alderdi azpimarratu ditu: “eraikinaren balio historikoa, kokapen apartekoa, eta planteatutako banaketa, ezin hobea baita horrelako proiektu baterako“; nabarmendu du, halaber, “prebentzio akustikoaren, intsonorizazioaren eta ebakuazioaren alorretan egindako lana, segurtasuna bermatzeko eta bizilagunei enbarazu ez egiteko asmoz“.

Aurreproiektuak Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro eraiki izango dute guztira, lau solairutan banatuta. Espazio moldagarriak proposatu dira, tamaina txiki eta ertaineko kultur jarduerak egin ahal izateko: zutik entzuteko kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak. Taberna bat ere aurreikusi da, Antzokiaren ‘agertokian’ mahaiak jartzeko aukerarekin.

Enpresa esleipendunak lan hauetaz arduratu beharko du: behar diren aurretiazko azterlanak (3 asteko  epea), oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idaztea (8 aste), gauzatze proiektua idaztea (16 aste) eta lanak gauzatzea. Obra gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango da.

 

Sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetatik

Higiezinaren konfigurazioa ulertzeko modurik onena Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztea da. Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokiak, berriz, Zapatari kaletik izango du sarbidea eta lehen solairua hartuko du funtsean, bigarren solairuarekin ere lotuta egon arren.

Zapatari kaletik lehen solairura, Gasteiz Antzokira, sartzean, 75 metro koadroko taberna aurkituko dute erabiltzaileek, eta 11 metro koadroko sukaldea. Ondoren, Antzokiaren areto nagusia ikusiko dute: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuren garaiera duena, konfigurazio ezberdinetako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko duena.  Elkartzeko gunea izango da, eta gehienez 660 pertsona sartu ahalko dira zutik; ez du agertokirik izango. Antzerki emanaldietarako 150 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da, edo 90 pertsonarentzako lekua kontzertuetarako. Jantoki gisa erabiltzen denean 170 pertsonarentzako lekua izan ahalko du aretoak. Bigarren solairuko ‘balkoietatik’ ere ikusi ahalko da agertokia, zeinetan jatorrizko adreiluz egindako bi arku ikusgarri nabarmenduko baitira. Lehen solairuak 359 metro koadro izango ditu orotara. Solairu zabalena da.

Beheko solairua Euskararen Etxera sartzeko bide naturala izango da, Errementari kaletik; orotara 195 metro koadroko azalera erabilgarria hartuko du, eta 100 pertsonarentzako lekua izan lezake. Funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan, erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko. Proiekzio eta itzulpen kabinak jartzea aurreikusi da, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere. Bigarren eta hirugarren solairuetara igoko da bertatik, eskailera edo igogailua baliatuz.

Bigarren solairuak 256 metro koadroko azalera erabilgarria izango du; lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira han, 21 Zabalgunearen jabetzako etxebizitza batzuk dauden lekuan. Errementari kalera ematen duen zatian, bestalde, 103 metro koadroko erabilera askotarako gunea (erakusketak, ludoteka…)  geratuko da, zeina Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko ‘balkoitzat’ erabili ahalko baita.

Hirugarren solairua da jauregiko leku argitsuena: 253 metro koadro ditu, eta Euskararen Etxerako erabiliko dira. Patio nagusia estaliko du, eta lanerako guneak hartzeko baliatuko da. Hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela (klimatizazioa, exutorioak…) jarriko dira solairu horretan.

 

Share

Gasteiz Antzokia eraikitzeko kontratua urtea bukatu baino lehen esleituko dela iragarri du Euskara zinegotziak

 

Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik iragarri du, gaur goizean, Gasteiz Antzokiaren eta Euskararen Etxearen proiektua eta obra egiteko enpresa hautatzeko kontratua urtea bukatu baino lehen esleituko dela. Gehienez 2.945.853,90 euroko aurrekontua baliatuko du Urtaranen gobernuak horretarako. Ruiz de Bergaratarren jauregi eraberrituan jarriko da Gasteiz Antzoki berria, lau solairu izango ditu, sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak.

Euskararen alorreko agintaldi honetako gobernu-programa xehatu du Gurtubaik. Sei ardatz ditu bide-orriak: Euskara Biziberritzeko Planaren garapena, Euskararen erabilera  normalizatzeko barne plana, Gasteiz Antzokia, Euskaraldia, euskararen ordenantza posible baten azterketa elkargunearen barruan eta Euskaltzaindiak etorkizunean Arabako hiriburuan izango duen egoitza. Orobat azpimarratu du Euskara zinegotziak hizkuntzaren normalizazioan inplikatutako eragileekin lan egiteko premia; bai beste administrazioekin, bai Euskara elkargunearekin. “Erronka bat dugu: euskararen erabilera areagotzea kaleetan”, laburtu du Gurtubaik.

Zentzu horretan, gogora ekarri du joan den urtean onetsitako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatu beharra dagoela, euskararen erabilera sustatzeko hainbat esparrutan, hala nola kirolean eta aisialdian, kulturan, hedabideetan, sektore sozioekonomikoan, familian, gazteen artean, etorkinen artean nahiz adinekoen artean.

Orobat da funtsezkoa euskararen erabilera areagotzea Udalean bertan, herritarren eskubideak bermatze aldera. Horretarako, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2018-2022) lantzen jarraituko da.

Gasteiz Antzokia izango da Euskara Zerbitzuaren erronketako bat agintaldi honetan. Ildo horretatik, Gurtubaik iragarri du proiektua abian dela, eta urtea bukatu aurretik esleituko dela, baldin eta errekurtsorik ez badago. Ondoren, sei hilabete hartuko ditu eraikuntza-proiektuak. Eta obrek, berriz, 18 hilabete iraungo dute. “Erreferentziazko espazio bat izango da, euskaraz bizi nahi dugunon kulturarako eta aisialdirako”, nabarmendu du zinegotziak.

Era berean, 2020ko Euskaraldiko eragile aktiboa izateko konpromisoa hartu du Udalak, ekimen horren azken edizioan bezalaxe, baita Euskadiko erakundeen hizkuntza ofizialaren erabilera normalizatzearen inguruko dekretu-proiektuaren markoan euskararen ordenantza posible batek lukeen lekua aztertzekoa ere, eta Euskaltzaindiarekin batera lan egitekoa, erakunde horrek egoitza finkoa izan dezan Euskadiko hiriburuan.

Share

Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak lau solairu hartuko dituzte Ruiz de Bergaratarren jauregian, eta Zapatari eta Errementari kaleetatik izango dute sarbidea, Udalak 2,9 milioiko inbertsioa eginda

– Urtaranen gobernuak proiektuaren idazkuntza eta obra esleitzeko lehiaketa onetsi du; lanek 18 hilabete iraungo dute

– Alkateak euskaltzale taldeekiko lankidetza azpimarratu du, “hiriaren erdiguneko espazio hori euskararen alde ari garen guztion etxea” bihur dadin

– Areto nagusiak 660 pertsonarentzako lekua izango du, eta horretaz gain kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak jarriko dira

 DOSSIER GASTEIZ ANTZOKIA

Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea errealitate izango dira. Izan ere, Urtaranen gobernuak horri dagokion kontratua esleitzeko lehiaketa onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrean, enpresa bera proiektua idazteaz eta obra gauzatzeaz arduratu dadin. Bi faseetarako gehieneko aurrekontua 2.945.853,90 euro da, BEZa barne; finantzaketa bermatuta dago, dagoeneko onetsi baitira horretarako konpromiso-kredituak. Ruiz de Bergaratarren jauregia eraberrituko da, eta bertan lau solairu egokituko dira, sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak.

Azken asteetan, Udalak aurreproiektu oso landua zehaztu du, eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera. Gorka Urtaran alkateak oso positibotzat jo du aurreikusitako esku-hartzea. “XVI. mendeko eraikin jatorriz errenazentista berreskuratu eta birgaituko dugu, Ruiz de Bergaratarren jauregia, aldaketa, handitze eta eraiste ugari jasan dituena. Topaketa, prestakuntza eta kultur sorkuntzarako gunea bihurtuko dugu, bizitzaz betea. Gasteizen euskara maite eta gozatzen duten ororen etxea izango da, eta gure hizkuntzaren arnasgunea hiriaren erdi-erdian”, azaldu du. Gasteizko alkateak hainbat alderdi azpimarratu ditu: “eraikinaren balio historikoa, kokapen apartekoa, eta planteatutako banaketa, ezin hobea baita horrelako proiektu baterako“; nabarmendu du, halaber, “prebentzio akustikoaren, intsonorizazioaren eta ebakuazioaren alorretan egindako lana, segurtasuna bermatzeko eta bizilagunei enbarazu ez egiteko asmoz“.

Aurreproiektuak Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro eraiki izango dute guztira, lau solairutan banatuta. Espazio moldagarriak proposatu dira, tamaina txiki eta ertaineko kultur jarduerak egin ahal izateko: zutik entzuteko kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak. Taberna bat ere aurreikusi da, Antzokiaren ‘agertokian’ mahaiak jartzeko aukerarekin.

Gaur goizean onetsitako baldintza-agirien arabera, enpresa esleipendunak lan hauetaz arduratu beharko du: behar diren aurretiazko azterlanak (3 asteko  epea), oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idaztea (8 aste), gauzatze proiektua idaztea (16 aste) eta lanak gauzatzea. Obra gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango da.

 

Sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetatik

Higiezinaren konfigurazioa ulertzeko modurik onena Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztea da. Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokiak, berriz, Zapatari kaletik izango du sarbidea eta lehen solairua hartuko du funtsean, bigarren solairuarekin ere lotuta egon arren.

Zapatari kaletik lehen solairura, Gasteiz Antzokira, sartzean, 75 metro koadroko taberna aurkituko dute erabiltzaileek, eta 11 metro koadroko sukaldea. Ondoren, Antzokiaren areto nagusia ikusiko dute: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuren garaiera duena, konfigurazio ezberdinetako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko duena.  Elkartzeko gunea izango da, eta gehienez 660 pertsona sartu ahalko dira zutik; ez du agertokirik izango. Antzerki emanaldietarako 150 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da, edo 90 pertsonarentzako lekua kontzertuetarako. Jantoki gisa erabiltzen denean 170 pertsonarentzako lekua izan ahalko du aretoak. Bigarren solairuko ‘balkoietatik’ ere ikusi ahalko da agertokia, zeinetan jatorrizko adreiluz egindako bi arku ikusgarri nabarmenduko baitira. Lehen solairuak 359 metro koadro izango ditu orotara. Solairu zabalena da.

Beheko solairua Euskararen Etxera sartzeko bide naturala izango da, Errementari kaletik; orotara 195 metro koadroko azalera erabilgarria hartuko du, eta 100 pertsonarentzako lekua izan lezake. Funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan, erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko.  Proiekzio eta itzulpen kabinak jartzea aurreikusi da, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere.  Bigarren eta hirugarren solairuetara igoko da bertatik, eskailera edo igogailua baliatuz.

Bigarren solairuak 256 metro koadroko azalera erabilgarria izango du; lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira han, 21 Zabalgunearen jabetzako etxebizitza batzuk dauden lekuan. Errementari kalera ematen duen zatian, bestalde, 103 metro koadroko erabilera askotarako gunea (erakusketak, ludoteka…)  geratuko da, zeina Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko ‘balkoitzat’ erabili ahalko baita.

Hirugarren solairua da jauregiko leku argitsuena: 253 metro koadro ditu, eta Euskararen Etxerako erabiliko dira. Patio nagusia estaliko du, eta lanerako guneak hartzeko baliatuko da. Hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela (klimatizazioa, exutorioak…) jarriko dira solairu horretan.

Gasteizko alkateak proiektuak orain arte egindako bidea laburtu du gaur goizean: 2017. urtearen hasieran ideia-lehiaketara deitu zen, Gasteiz Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian jartzeko, eta ondoren akordio batera iritsi zen, pilotalekua bertan uzteko, adostasun sozial eta politikoa lortze aldera; geroago, ordea, fuel depositu bat agertu zen lorategian, eta hori kendu beharra zegoen, lurra deskutsatu eta ingurunearen alderdi arkeologikoak aztertu. Eskoriatza-Eskibelen inguruan beste bi depositu agertu dira azken urteetan: bata gasarena zen, eta 2014an atera zen; bestea Harategi kantoiaren eta Frai Zacarias Martinez kalearen arteko bidegurutzean agertu zen, eta aparrez inertizatu zen. Azaldutakoaren ondorioz, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea jartzeko beste leku bat bilatu behar izan zen, eta Euskara Elkargunean Ruiz de Bergaratarren jauregira aldatzea erabaki zelarik bertan kokatuko dira azkenean.

Share

Gasteiz Antzokiaren proiektua abiaratzear da, eta agintaldia amaitu baino lehen lizitatzea aurreikusi da

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Gasteiz Antzokiaren proiektua “abiatzear da” eta gauzatu egingo da, agintaldia amaitu baino lehen lizitatuko baita. Une honetan, Euskararen Etxea jartzekoa den Ruiz de Bergaratarren jauregiaren egoeraren azterlan teknikoa azkentzen ari da Udala, baita akustikari buruzko txostena ere. Bi agiri horiek bukatutakoan zehaztuko da aurreproiektua, proiektua eta obra lehiaketara atera ahal izateko.

Euskaltzale taldeekin batera taxututako beharren programaren zenbait xehetasun azaldu ditu Gasteizko alkateak. Adostutakoaren arabera, Gasteizko Kafe Antzokia 1.250 metro koadroko espazioa izango da, lau solairutan banatuta. Osagai hauek izango ditu: sarrera nagusia, Zapatari kaletik (jantzitegi eta sarrera-saltegia barne); erdiko espazioa, agertokiarekin (274 metro koadro); aldagelak; kontrol teknikorako kabina; ostalaritza espazioa (103 metro koadro); ekitaldi aretoa; erakusketa aretoa; lantegiak; lan egiteko espazioak (bulegoak, bilera gelak), eta bestelako espazioak (komunak, biltegiak…).

“Gasteiz Antzokia gero eta hurbilago dago, gainditu behar izan ditugun eragozpenak gorabehera. Agintaldi osoan egindako lanari eta Elkargunea osatzen duten euskaltzale taldeen konpromisoari esker, proiektua abiaratzear da”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Gasteizko alkateak proiektuak orain arte egindako bidea laburtu du gaur goizean: 2017. urtearen hasieran ideia-lehiaketara deitu zen, Gasteiz Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian jartzeko, eta ondoren akordio batera iritsi zen, pilotalekua bertan uzteko, adostasun sozial eta politikoa lortze aldera; geroago, ordea, fuel depositu bat agertu zen lorategian, eta hori kendu beharra zegoen, lurra deskutsatu eta ingurunearen alderdi arkeologikoak aztertu. Eskoriatza-Eskibelen inguruan beste bi depositu agertu dira azken urteetan: bata gasarena zen, eta 2014an atera zen; bestea Harategi kantoiaren eta Frai Zacarias Martinez kalearen arteko bidegurutzean agertu zen, eta aparrez inertizatu zen.

Azaldutakoaren ondorioz, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea jartzeko beste leku bat bilatu behar izan zen, eta Euskara Elkargunean Ruiz de Bergaratarren jauregira aldatzea erabaki zelarik bertan kokatuko dira azkenean. Une honetan ez dago inolako erabilera zehatzik aurreikusita Eskoriatza-Eskibel jauregiarentzat, baina egitura sendotzeko eta estalkiak iragazgaizteko proiektu teknikoa kontratatu beharko da, baita dagokion lana gauzatu ere; horrek milioi euro inguruko kostua izango du.

Share

Alkateak ateak ireki dizkio Gasteiz Antzokia Ruiz de Bergaratarren jauregian kokatzeko posibilitateari

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek proposatu du, gaur arratsaldean, Gasteiz Antzokia Ruiz de Bergaratarren jauregian kokatzeko posibilitatea, Eskoriatza-Eskibelen etxadiaren alternatiba gisa. Azken asteetan arazoak sortu dira Gasteiz Antzokirako proposatu zen bigarren kokapenean proiektua garatzeko, batez ere lorategian agertu den fuel-oil biltegia, zeinak epeak asko luzatuko lituzkeen deskontaminazio-prozesu bat eskatuko lukeen. Horrek bultzatu du Gasteizko alkatea proposamen berri hau planteatzera, alde guztien artean aztertu dadin. Ikasketa arkeologikoa ere beharrezkoa da oraindik baztertuta ez dagoen kokapen horretan, Eskoriatza-Eskibelen.

 

Ruiz de Bergaratarren jauregia Errementari kaleko 32.an kokatzen da (Zapatari kaletik ere sarrera dauka), lau planta ditu eta 1.300 metro karratu eraikita guztira. Haren edukiera nahikoa da barnean Gasteiz Antzokia hartu ahal izateko. Elkargunea amaitu ostean, alkateak eta bere lan-taldeak jauregia bisitatu dute, Elkarguneko kideen ordezkariarekin batera.

 

“Udal gobernuarentzat funtsezkoa da Gasteiz Antzokiaren proiektua aurrera ateratzea. Eta Eskoriatza-Eskibelen azaldu diren arazoen aurrean, alternatiba berri bat planteatzen dugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Share

Udal gobernuak kalkulatu du 34 hilabete beharko direla Gasteiz Antzokia egiteko proiektua lantzeko eta obrak gauzatzeko

Udalak azpiegitura kokatzekoa den etxadiaren azterlan arkeologikoa egingo du laster, eta horrek hiru hilabete hartuko du

Urtaranen gobernuak pausoak ematen jarraitzen du Gasteizek etorkizunean Gasteiz Antzokiaz gozatzerik izan dezan, hau da, euskarari eta euskal kulturari osorik eskainitako espazio batez, gobernu-taldearentzat estrategikoa baita. Gorka Urtaran alkateak gogoratu duenez, “agintaldi honen hasieratik adierazi dugu proiektuan aurrerapauso garrantzitsuak egiteko asmoa genuela. Lehenengo, eraikitzeko leku aproposena bilatu genuen, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia; ondoren, ideia-lehiaketara deitu genuen, higiezinaren espazio antolaketa eta diseinu posibleak aztertzeko, eta orain ekimena garatzen jarraitzen dugu”.

Horrekin lotuta, Gasteizko alkateak prozesuan jarriko den beste mugarri bat iragarri du. Udal gobernuak gauzatze-proiektua idazteko eta obra bera egiteko eskuartean duen kronogramaren berri eman du Gasteiz Antzokia garatzeko lan-taldean —talde politikoek, udal teknikariek eta euskararen arloko taldeek parte hartzen dute horretan—. Horren arabera, gutxi gorabehera 34 hilabete beharko dira proiektua lantzeko eta obrak gauzatzeko. Aurretik etxadiaren azterlan arkeologikoa egin behar da, eta horrek hiru hilabete hartuko du.

Horrenbestez, udal zerbitzu teknikoen aurreikuspenen arabera, orain hiru fase ditugu aurretik: lehena, aginduzko azterlan arkeologikoa  egitea, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin; horrek hiru hilabete iraungo du. Ondoren, gauzatzeko proiektua egiteko lehiaketara deituko da. Prozesu horrek 10 hilabete hartuko duela kalkulatu da: hilabete baldintza-agiria lantzeko, lau hilabete lehiaketa eta esleipen administrazio prozesurako, eta bost hilabete proiektua idazteko.

Azkenik, lana bera egiteko lehiaketak eta gauzatzeak 24 hilabete inguru hartuko dute. Zehazki, hilabete beharko da baldintza-agiria lantzeko; bost hilabete, lehiaketa eta esleipen administrazio prozesurako, eta 18 hilabete, lanak burutzeko. Beraz, Eskoriatza-Eskibelen etxadiaren azterlan arkeologikoa idazten denetik 34 hilabeteko epea izango da guztira.

 

 

Share

Gorka Urtaranen gobernuak Gasteiz Antzokia diseinatzeko ideia-lehiaketa arautzeko baldintza-agiria onetsiko du, 36.000 euroko sariekin

 

 

 

 

 

 

 

Urtaranen gobernuak pausoak ematen jarraitzen du Gasteizek etorkizunean Gasteiz Antzokiaz gozatzerik izan dezan, hau da, euskarari eta euskal kulturari osorik eskainitako espazio batez, gobernu-taldearentzat estrategikoa baita. Gorka Urtaran alkateak gogoratu duenez, “agintaldi honen hasieratik adierazi dugu proiektuan aurrerapauso esanguratsuak egiteko asmoa genuela. Ez bakarrik kokalekua hautatzeari dagokionez, bai eta proiektu arkitektonikoa landu eta ekipamendua eraikitzeari dagokionez ere”. Bihar bertan Udalak proiektuaren fase berri eta garrantzitsu bati ekingo dio, hiriko euskaltzaleen ametsa betetzeko xedez. “Aukera ezinhobea daukagu proiektua egi bihurtzeko”, esan du alkateak.

Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian kokatzekoa den ekipamenduaren espazioak antolatu eta diseinatzeko ideia-lehiaketa arautzeko baldintza-agiria onetsiko du. Saritan 36.000 euro banatzeko aurreikuspenarekin.  Irabazleari 20.000 euro emango zaizkio, bigarren sarituari 10.000 eta 3.000 euroko bi accesit ere aurreikusita daude.

Udan aurkeztu zuen txostenean, Santa Maria Katedrala Fundazioak espazio hori jo zuen egokientzat antzokia kokatzeko. Adituen ustez leku hori da aproposena Gasteiz Antzokia jartzeko, “Erdi Aroko hirigunearen motor kultural, sozial eta ekonomikoa” bihurtuko bailitzateke, Gorka Urtaranek azaldu duenaren arabera.

Etxadiak bi lursail ditu: batetik, pilotalekua, garai bateko ostatua eta haren aurreko lorategia barne hartzen dituena; bestetik, Eskoriatza-Eskibel jauregia bera dagoen lursaila, bai eta horren aurreko espazio librea eta lurpea ere. Proiektua ere bi zatitan garatuko litzateke, hasiera-hasieratik iragarri zen bezala.

Lehenengo Gasteizko Kafe Antzokia eraikiko litzateke, aipatu den lehenengo lursailean. Bigarren fasean, Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza berria egingo litzateke, jauregia eta aurreko espazio librea eraberrituz eta egokituz. Bi faseen arteko konexioaren eraikuntzari bigarren fasea gauzatzean ekingo litzaioke.

Proposamenak aurkezten dituzten arkitektoen sormena eta zentzu kritikoa sustatze aldera, beharren programa oso zabal eta irekia deskribatu da. Udaleko talde politikoei, euskaltzale taldeei eta Erdi Aroko hiriguneko auzokoei keinu bat eginez, pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera sartu da berariaz baldintza-agirian. Gainera, auzokoek erabili ahal izateko espazio moldagarri bat sartzea planteatu da une oro, pilotalekua ere izango lukeena.

Garai bateko ostatua, pilotalekua eta espazio librea barne hartzen dituen eraikin multzoan espazio hauek aurreikusi beharko lirateke:

Gasteiz Antzokirako: kontzertu, antzerki eta dantza aretoa, 400 metro koadroko espazio nagusi batekin; agertokia, 200 metro koadrokoa; aldagelak (30 metro koadroko bi espazio) eta langileentzako beste aldagela bat (30 metro koadrokoa). Orobat, bi biltegi jarriko lirateke: bat 100 metro koadrokoa eta beste bat garbiketa eta beste erabilera batzuetarako, 25 metro koadrokoa. Gainera, taberna-kafetegi-jatetxeak 100 metro koadro hartuko lituzke, gehi 150 metro koadroko jantokia eta zerbitzu-eremua. Auzokoentzako espazio moldagarriak 400 metro koadroko azalera izango luke.

Jauregian, bestetik, kultur ekipamendu handia planteatzen da, Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko, ezaugarri hauekin: euskararen interpretazio zentroa, 200 metro koadrokoa; hiru lantegi, bakoitza 50 metro koadrokoa; hitzaldi aretoa, 150 metro koadrokoa, eta informatika eta multimedia gela, 150 metro koadrokoa. Horretaz gain, bi erakusketa gela jarriko lirateke, bata 300 metro koadrokoa, erakusketa iraunkorrak egiteko, eta bestea 150 metro koadrokoa, aldi baterako erakusketak egiteko, eta zazpi bulego, bakoitza 50 metro koadrokoa. Jauregiaren aurreko espazio librean irisgarritasun arazoak konpondu beharko dira, kalearen eta plazaren arteko kota aldea gaindituz.

Arkitektoek oinarri horiek hartu beharko dituzte kontuan proiektuak aurkeztean, eta adituen epaimahai batek balioetsiko ditu. Irizpide hauek hartuko dituzte aintzat: originaltasuna, arkitektura kalitatea, iraunkortasuna, beharren programari egokitzea, eta bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta eraikuntzakoa. Lehen fasean (Gasteizko Kafe Antzokia eraikitzea) gehienez 3 milioi euroko aurrekontua izango dute. Eskoriatza-Eskibel jauregia Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko birgaitzeko, berriz, gehienez 2,5 milioi euro erabili ahalko dute.

Share

Urtaranen gobernuak Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia proposatu du Gasteiz Antzokia jartzeko

Alkateak Santa Maria Katedrala Fundazioak egindako azterlana aurkeztu dio korporazioari, zeinean leku hori jotzen baita egokientzat

Alkatearen adierazpenak: Declaraciones del alcalde sobre Gasteiz Antzokia – eu

Gorka Urtaran alkateak Santa Maria Katedrala Fundazioak egindako azterlana aurkeztu die korporazioari eta Euskararen Etxearen kudeatzaileei, zeinean Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia proposatzen baita Gasteiz Antzokia jartzeko. Adituek Erdi Aroko hiriguneko lau kokapen aztertu dituzte, eta aipatutako hori dela egokiena uste dute, ondare eraikia berreskuratzen eta dinamizatzen lagunduko lukeelako, eta egin beharreko inbertsioaren gizarte errentagarritasunagatik.

 

Euskadiko hiriburua osorik euskarari eta euskal kulturari eskainitako ekipamendu batez –Gasteiz Antzokia– hornitzeko ideia 2008an sortu zen, eta hainbat leku proposatu dira kokatzeko. Udal gobernuak agintaldi honetan aurrerapausu esanguratsuak egin nahi ditu, alegia, kokalekua hautatzeaz gain proiektu arkitektonikoa landu eta ekipamendua eraiki nahi du. Hori dela eta, sei espezialistak osatutako talde bat – Fundazioaren zuzendari tekniko Leandro Cámara arkitektoaren zuzendaritzapean–  Gasteiz Antzokiaren kokalekuari buruzko txostena lantzen aritu da azken hilabeteetan, Udalak aginduta.

Udalaren ustez, Erdi Aroko hirigunean jartzea litzateke onena, erdigunean baitago, eta inguruaren motor kultural, sozial eta ekonomikoa bihurtuko bailitzateke. Baldintza hori abiapuntutzat hartuta, Fundazioko adituek lau kokapen posible aztertu dituzte: Eskoriatza-Eskibel (jauregia, antzinako aterpea, pilotalekua eta ondoko lorategiak); Falerina lorategia (Gaztetxearen eta Montehermoso jauregiaren ondoan); ur biltegia, eta Etxauri plaza (gertuko aparkalekuaren ondoan). Kasu guztietan hirigintza-plangintzaren betekizunak eta bakoitzari eragiten dion ondarea babesteko araudia aztertu dira.

Lau aukerak banan-banan aztertu ondoren, Fundazioko aditu-batzordeak Eskoriatza-Eskibelen etxadia hautatu du. Lursailak ekipamendu publikoaren, espazio librearen eta garajearen kalifikazio urbanistikoa du. Gaur egun, eraikitako zatiak antzinako ostatua (620 metro koadro hiru solairutan) eta jauregia bera (2.700 metro koadro eraiki hiru solairutan banatuta) hartzen du. Horri pilotalekua dagoen orubean –orain antolamendutik kanpo– eta ondoko lorategiaren zati batean lau solairutan eraiki litezkeen 1.500 metro koadroak gehituko litzaizkioke.

Erdi Aroko hiriguneko Birgaitze Integraturako Plan Bereziak lursail horretan baimentzen duena hau da guztira: 5.260 metro koadroko aprobetxamendua sestra gainean (ekipamendu publikoaren kalifikazioarekin) eta 1.390 metro koadro sestra azpian (ibilgailuak aparkatzeko erabil daitekeena, bi solairutan).

Aditu taldeak landutako txostenaren arabera, kokaleku horrek indargune hauek ditu: zamalanetarako lurpeko sarbideak izateko aukera, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbideak bereiztu ahal izatea, dagoeneko eraikita dauden espazioak erabiltzea, birgaituz edo ordeztuz, eta ordeztu nahi den eraikina (pilotalekua) antolamendutik kanpo egotea.

Txostena idatzi duen taldeak proposatzen du ikuskizun aretoa eraikin berri batean jartzea, orain pilotalekua dagoen espazioaren eta berdegunearen zati baten gainean. Aretoaren eranskinak (215 metro koadro) eta jatetxe eremua (350 metro koadro inguru) antzinako ostatuan joango lirateke. Bestetik, Euskararen Etxea –2014ko urriaz geroztik Montehermoso jauregian kokatu– gerora Eskoriatza-Eskibel jauregian instalatzea proposatzen dute

Teknikariek azaldu dutenez, lursailean baimendutako eraikigarritasunak sestra gainetik lau solairu egitea ahalbidetzen du, eta altuera bikoitzeko bi solairutan gauzatuko litzateke: bat ikuskizun aretorako, eta beste bat pilotalekurako edo auzoko bizilagunentzako beste erabileraren baterako. “Hartara –azpimarratzen dute-, eraikinak funtzio gehiago izango lituzke, erabilera handiagoa izango luke, eta egin beharreko inbertsioaren errentagarritasun soziala handituko litzateke”. Gainera, inguruko biztanleek erabilera publikoko espazio moldagarria izaten jarraituko lukete

Txostenak dioenez, “irtenbide honek baliabide ekonomikoak, kudeaketakoak eta funtzionalak bideratuko lituzke jauregia birgaitzeko, gaur egun erdi utzita baitago, eta Erdi Aroko hiriguneko ondare eraikiaren balioa nabarmentzen lagunduko luke. Gasteiz Antzokia bertan jartzea ondare eraikia berreskuratzeko eta dinamizatzeko faktorea litzateke”. Horretaz gain eransten dute planeamenduan egin beharreko aldaketak ez direla egiturazkoak, eta azkar tramitatzeko modukoak direla proiektu arkitektonikoari lotutako xedapen-azterketa baten bidez. Egingo litzatekeen eraikin berriari dagokionez, ikuspuntu arkitektonikotik berezia izan litekeela uste dute, eta ingurua aberastuko lukeela, “eraikin historikoekiko elkarrizketan”.

 

Kostuak eta epeak

Fundazioaren lanak zenbait etapa zehazten ditu: pilotalekua eraistea, pilotalekuaren eta lorategiaren inguruan indusketa arkeologikoa egitea, orube osorako esku-hartze integrala definitzeko arkitektura ideia-lehiaketa, eraikin berria eraikitzea, antzinako ostatua birgaitzea eta jauregiaren birgaitze integrala, Euskararen Etxearen egoitza izan dadin. Beraz, lehenengo fase batean Gasteiz Antzokiarekin eta eranskinekin lotutako lanak egingo lirateke, eta horren kostua 2,5 eta 3,5 milioi eurokoa izango dela kalkulatzen da, BEZa barne. Lehiaketa eta proiektua lantzeko, pilotalekua eraisteko, indusketa arkeologikoa egiteko eta lana gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izan liteke.  Guztia agintaldi honetan egin nahi da. Bigarren fasean, jauregia bera birgaituko litzateke: horren kostua 2,5 milioi euro ingurukoa izan liteke, BEZa barne, eta gauzatzeko epea, 12 eta 18 hilabete bitartekoa. Bitartean, Euskararen Etxearen egoitzak Montehermoson jarraituko luke, Gasteiz Antzokiaren aretotik metro gutxi batzuetara.

Txostena egiterakoan, teknikariek kontuan hartu dute horrelako ikuskizunak eta kultur jarduerak hartzeko beharrezkoa dela erabilera askotariko aretoa, jatetxe zerbitzuez (sukaldea, jantokia eta barra) lagunduta. Zehazki, kontzertu, antzerki eta dantza aretoak –600 eta 700 pertsona hartzeko lekuarekin– 500 metro koadro inguru beharko lituzke, eta instalazio mugikorrak (argiztapena, altzariak, agertokia, etab.), ehun metro koadroko agertokia, aldagelak, biltegia eta zamalanetarako zona, harrera eta informazio eremuez gain. Horrenbestez, orotara 1.000 metro koadro baino gehixeago behar da. Euskararen Etxeak, berriz, 1.500 metro koadro inguru behar du.

 

Ideia lehiaketa bertako arkitektoentzat

Hemendik aurrera, alkateak denbora emango die talde politikoei, euskaltzaleei eta auzokoei proposamena aztertzeko, Euskadiko hiriburuan euskararentzat eta euskal kulturarentzat erreferentziazkoa izango den ekipamendua albait azkarren martxan jarri ahal izateko. Bestetik, Gorka Urtaranek adierazi du ideia-lehiaketa batera deitzeko asmoa dutela, eta beste leku batzuetako espezialistez gain arkitekto lokalei parte hartzeko aukera emango zaiela, haiek ezagutzen baitute ondoen gure Erdi Aroko hirigunearen idiosinkrasia eta ahalmenak. Ideia-lehiaketaren baldintza-agiria iraila eta urria bitartean argitaratzea aurreikusi da.

Alkateak azpimarratu du Gasteiz Antzokia agintaldi honetako proiektu estrategikoa dela. “Gure lehentasunetako bat da gure hirian euskarazko sormena, euskararen hedapena, ezagutza eta erabilera sustatzeko lekua eskaintzea. Helburu horretaz gain, leku horrek Hirigune Historikoa dinamizatzeko eta espazio enblematiko bat berreskuratzeko aukera ematen duela uste dugu”.

Share

Marotok iragarri du Gasteiz Antzokiaren lehen fasea urriaren 15ean irekiko dela, Montehermoson

“Egun horretan, hitzordua dugu Euskararen Etxea inauguratu eta duela hiru urte hartu genuen konpromisoa gauzatzeko”, esan du alkateak

Gasteizko alkate Javier Marotok gaur iragarri duenez, Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen fasea  urriaren 15ean irekiko da, Montehermoso jauregian. “Egun horretan, hitzordua dugu Euskararen Etxea inauguratu eta duela hiru urte hartu genuen konpromisoa gauzatzeko”, esan du Marotok.

Hartara, “duela zazpi urte Udalean eztabaidatzen hasi zen” proiektua gauzatuko da, “gure hiriko euskaltzaleen aitorpena” ekarriko duena, Marotoren hitzetan; hark “zuzenean” eskertu dio talde euskaltzaleen plataformari denbora horretan egindako lana.

Alkateak zehaztu duenaren arabera, Gasteizko Kafe Antzokiaren kudeaketa eredua partekatua izango da, Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta talde euskaltzaleen plataformaren artekoa.

Euskararen Etxea sortzen denean, Montehermosoko jarduera batzuk birkokatu egin beharko dira, eta “euskara hizkuntza hegemonikoa izango da bertan, ez nahitaez bakarra”, azaldu du Marotok; “horrek esan nahi du programazio nagusia euskaraz izango dela, baina euskara hutsezkoa ez den erakusketaren bat hartzea komenigarritzat jotzen bada hori ere egin ahalko da”.

Proiektu berria finantzatzeari buruzko xehetasunak ere eman ditu alkateak. Aurten 30.000 euro bideratuko dira horretara, hura abian jartzeko,2014ko urritik urte bukaerara arte”. 2015erako, Marotok aurreratu du bere gobernu taldeak “250.000 euroko proposamena aurkeztuko” diela “talde politikoei eta Gizarte Kontseiluari, Montehermoson kokatutako Gasteiz Antzokia finantzatzeko”.

Azkenik, alkateak gogoratu du “udazkenean” jasoko duela Udalak Eusko Jaurlaritzaren nahitaezko txostena, “Gasteiz Antzokiaren bigarren fasean aurrera egin ahal izateko”.

 

Share

Ara Malikian Gasteizera itzuliko da bihar, eta Principal antzokia beteko du

 

 

 

 

 

 

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok Ara Malikian biolin-jotzaile birtuoso ospetsuak emango duen kontzertuaren aurkezpenean hartu du parte; Gasteiz Ganbara Orkestraren batera emango du kontzertua, bihar, Principal antzokian, Kontzertu Handien Zikloaren barruan.

Gasteiz Ganbara Orkestraren zuzendari Iker Sánchez ere izan da aurkezpenean; zikloan hirugarrenez jarraian hartuko du parte taldeak.

Zinegotziak nabarmendu duenez, “kontzertu estrategikoa da Kontzertu Handien Zikloa berritzeko ahaleginean, proposamen berritzaileak aurkeztuz musika klasikoa publiko zabalarentzat erakargarria izan dadin lortu nahi baitugu“.

Prentsaurrekoarekin batera, 30 ikuslek Ibañez de Matauco antzokian egiten ari zen entsegua ikusteko aukera izan dute. Kontzertua 20:30ean hasiko da.

Share