Prentsa Oharren banner

Hitzarmen baten bidez Udalak babestuko du Gasteiz ardoaren hiri gisa sustatzeko Wine City elkartea egiten ari den lana

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, EAEko hiriburua ardoaren kulturarekin loturiko hiri gisa duen irudia hedatzeko jarduera-egitarau bat egiteko, eta, horretaz gain, Arabako Errioxako eta Aiara eskualdeko kalitateko ardoak sustatzeko. Hitzarmenari esker, Udalak 20.000 euroko ekarpena egin ahal izango du zenbait jarduera egiteko urte osoan zehar; hil honetan bertan hasi dira ekitaldiak, “Wine Berria” Arabako Errioxako ardo berriaren hirugarren jaiarekin.

Udalaren eta “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkartearen arteko hitzarmenaren barruan, halaber, IV. Upel Lasterketa dago, uztailaren 25eko jaiaren ekitaldi nagusietako bat. Iaz ere, oso arrakastatsua izan zen, publikoaren aldetik zein parte-hartzearen aldetik, 26 taldek hartu baitzuten parte lasterketan.

Hitzarmenaren barruan dagoen beste jarduera bat da Upelen Zuhaitza: azken Gabonetan lehenengoz jarri zen abian, eta egun horietako hiriaren apainketaren berrikuntzarik nagusietako bat izan zen. Wine City elkartea lanean ari da dagoeneko hurrengo Gabonetarako Upelen Zuhaitza diseinatzen, eta apainketa ezberdina eta upel gehiago erabiliko ditu.

Jarduera horiekin batera, “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkarteak planteatutako urteko egitarauan, berrikuntza dira artearen eta ardoaren munduen arteko sinergiak sortzeko proposamen batzuk, zeinek aprobetxatuko baitituzte hiriko ekitaldi enogastronomiko nagusiak.

“Wine City elkartea Gasteizen ardoaren kultura indartzeko egiten ari den lanarekin batera, azpimarratzekoa da haren jarduerek duten garrantzia, hiriko merkataritza eta ostalaritza sustatzen duten ekitaldiak baitira. Horregatik, Udalarentzat helburu estrategikoa da hain aktiboa den sektore honekin lankidetzan aritzea”, adierazi du Nerea Melgosa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotziak.

Share

Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekiko hitzarmenari esker bultzada emango zaio ardoaren kulturaren promozioari

Udal gobernuak Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, Euskadiko hiriburua ardoaren hiri gisa identifikatzen eta Arabako Errioxako zein Aiara eskualdeko kalitateko ardoak promozionatzen laguntzeko jarduera-programa antolatu eta gara dezan. Hitzarmenaren bidez, Udalak 20.000 euro jarriko ditu tokiko ostalaritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta ardoaren kultura sustatzeko dinamizazio eta zabalkunde jarduerak garatu daitezen.

Horrekin lotutako lehen ekimena Upelen Lasterketa da, berriki aurkeztutakoa. Uztailaren 25ean, Blusen Egunean, 26 talde lehiatuko dira Andre Maria Zuriaren jaien atarikoen artean erreferentziazkoa bihurtu den proba horretan. Aurten, berritasun gisa, Upelen Lasterketa Txikia egingo da.

Lankidetza-hitzarmenean jasotako beste ekintza bat “Bota Handiena” izenekoa da: ardo zahato baten erreprodukzio erraldoia jarriko da leku esanguratsu batean, Arabako ardoak identifikatzeko, eta Arabako Errioxako ardo gaztea beste modu batez dastatu ahalko da. “Bota Handiena” Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoarekin loturiko elementu dinamizatzailea izango da.

Gasteizko Udalaren eta Wine City elkartearen arteko lankidetzaren barruan, halaber, Wine Innovation jardunaldien bigarren edizioa egingo da, merkatua aztertzeko eta ardoarekin lotutako negozio-eredu berriak bilatzeko asmoz. Sektoreko profesionalei zuzendutako ekitaldia da, eta Arabako Errioxako eta Aiarako sukaldari, ostalari, merkatari eta ardogile ezagunek hartuko dute parte.

Gaur sinatu den hitzarmenaren bidez ardo arabarra promozionatzeko egingo den beste ekintza bat Wine Berria jaia da, uzta berriko ardoak ezagutarazteko xedea duena; Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak kultura enogastronomikoa sustatzeko beste hainbat ekitalditan ere hartuko du parte.

 

 

 

Share

Udal gobernuak Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekiko hitzarmena onetsi du, hiria ardoaren hiri gisa promozionatzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekiko lankidetza hitzarmena onetsi du, 2017an hiria ardoaren hiri gisa promozionatzeko jarduerak egin ditzan. Udalak 20.000 euro jarriko ditu tokiko ostalaritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta Arabako Errioxako kalitateko ardoaren eta Aiarako txakolinaren kultura sustatzeko dinamizazio eta zabalkunde jarduerak garatu daitezen.

Hitzarmenean aurreikusitako ekintzetako batzuk jaietan egingo dira. Izan ere, Udalaren laguntza ekonomikoari esker, Upelen Lasterketaren bigarren edizioa egingo da uztailaren 25ean; blusa eta nesken koadrilen lehiaketaz gain, ekitataldia egiten den inguruko ostalaritza establezimenduek lasterketari egokitutako eskaintza egingo dute.

Hitzarmenean aurreikusitako ekimen berrien arteko bat kupelekin lotuta dago, halaber. Ardoaraba feriaren hurrengo edizioan, Plaza Berriko arkuetako bat osorik kupelez estaliko da, eta leku enblematikoa bihurtuko da ekitaldi enogastronomikoan, hiriak Arabako Errioxako ardoei ematen dien laguntza erakusteko dekoratu deigarri eta fotogeniko bat baliatuko baita.

Jaietatik at, Wine City elkartearekiko hitzarmenean beste ekintza batzuk jaso dira, besteak beste, enologiaren arloko hainbat espezialitatetako profesionalentzako dastatzeak, eta “Kopa komunikatuak” zikloaren hirugarren edizioa, zeinean pertsonaia ospetsuek ardoaren munduarekin lotutako esperientziak azaltzen baitituzte.

Beste jarduera garrantzitsu eta berritzaile bat Gasteizko ostalaritzarako kalitate-sistema bat ezartzea da, Arabako kalitateko ardoen zerbitzua hobetzeko. Horretarako zenbait jarraibide emango dira bezeroari informazioa eta azalpenak nola eman, produktua nola erakutsi eta kontserbatu eta abar jakiteko, produktua kontsumitzeko esperientzia hobetze aldera.

“Hitzarmen honen balio nagusia da Gasteiz ardoaren hiri gisa sustatzearekin inplikatutako agente guztien ahaleginak batzeko ahalmena, gure ingurunean arreta ematen duten proposamenak garatzen baititu, herritarren artean harrera ona dutenak eta tokiko ostalaritza dinamizatzen laguntzen dutenak, eta halaxe egiaztatuko dugu upelen lasterketaren edizio berrian” adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Share

Gasteizek WINE BERRIA jaia, Arabako Errioxako ardo berriaren jaia, ospatuko du gaur eta bihar

Andre Maria Zuriaren plazako landarezko eskulturan topa eginez inauguratu dute WINE BERRIA Arabako Errioxako ardo berriaren lehen jaia. Gaur arratsaldean eta bihar goizean Gasteizko erdialdeko 28 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte ekimen berri honetan, eta Arabako Errioxako 26 upeldegitako ardorik berrienak eskainiko dituzte. Taberna eta jatetxe bakoitzak gutxienez bi ardo berri eskainiko ditu jai honetan, eta  kale-animazioa egongo da Claustrum Armonicum abesbatzaren eta Biotzarrak fanfarrearen eskutik. Bihar Swingvergüenza elkartea arduratuko da girotzeaz, eta Rockalean taldeak rock-kalejira egingo du.

 

Inaugurazioko toparen aurretik, Gasteizen Arabako Errioxako ardoen alde egindako lana aitortzeko ekitaldia izan da Montehermoso kulturunean. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa andreak Luchy Santamaría andreari eman dio tokiko ostalaritzaren kategoriako saria. Vitonino Eguren jaunak, berriz, ardogintza kategoriako saria jaso du.

Wine Berria jaiak, Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak antolatutako jaiak,  Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vital FUndazioaren eta Gasteiz-on eta Abra elkarteen laguntza du. Jai honetan Prado, Mateo Moraza eta Posta kaleetako, Loma Jeneralaren eta Andre Maria Zuriaren plazetako zein Plaza Berriko ostalaritza-establezimenduek hartuko dute parte, gehi Azoka plazako gastro-tabernek. Guztiek banderak eta identifikazio-txartelak izango dituzte sarreretan.

Share

28 ostalaritza establezimenduk hartuko dute parte Arabako Errioxako uzta berriko ardoen WINE BERRIA jaian

Gasteizko Udalak, Vital fundazioak eta Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak 2016ko uzta berriko ardoen Wine Berria jaiaren lehen edizioa aurkeztu dute, zeina martxoaren 24an eta 25ean izango baita. Orotara erdialdeko 28 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte ekimenean, Arabako Errioxako 26 upeltegitako azken urteko ardoak eskainiz. Establezimendu bakoitzak gutxienez bi ardo desberdin eskainiko ditu; horretaz gain, Wine Berria jaiaren barruan dastatze profesionala antolatu da, ostalaritza eta ardogintza sektoreetako bi pertsona nabarmenen ibilbidea aitortuko da, eta musika-giroa izango da bi  egunetan.

Wine Berria jaia gehien bat kalean garatzea da asmoa. Gasteiz On elkartearen laguntzarekin, lehen edizio honetan Prado, Mateo Moraza eta Posta kaleetako zein Loma Jeneralaren eta Andre Maria Zuriaren plazetako zein Plaza Berriko ostalaritza-establezimenduek hartuko dute parte, gehi Azoka plazako gastro-tabernek. Orotara 28 establezimendutan garatuko da jardunaldia, ostiraleko 18:00etatik hasi eta larunbat osoan. Andre Maria Zuriaren plazako landarezko eskulturan topa eginez emango zaio hasiera sinbolikoa ospakizunari ostiralean, martxoak, 24, 19:30ean.

“Jai hau Gasteiz ardoaren hiria bihurtzeko beste egokiera bat da, ardogintza eta ostalaritza sektoreak ekimen honetan zuzenean inplikatuz, eta urteekin sendotzea espero dugu, bisitak erakarri eta sektorearen jarduera dinamizatzearren”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Vital fundazioaren zuzendariJosune Albizuk, berriz, azpimarratu du entiteak “egindako apustua Arabako lurraldea sustatzen jarraitzeko, ekonomia, kultura eta gizarte garapenari laguntzen dion orori bereziki erreparatuz. Horretarako, garrantzitsua da Gasteizen hiriaren eta ardoarekin lotutako agenteen arteko harremanak garatu eta ezartzen ahalegintzea, eta ardo arabarraren ezagutza eta kontsumoa sustatzea, kalitateko produktua den aldetik”.

ABRA-Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak ere esku hartzen du Wine Berria jaian, establezimenduetan egongo diren upeltegiak koordinatzen baititu. Oraingoz, 20 enpresak baino gehiagok aurkeztuko dituzte ardo berriak. Parte hartzen duten tabernei Arabako Errioxako bi upategitako ardoak izatea eskatu zaie. Gainera, larunbat goizean ABRAk dastatzea egingo du profesionalekin, Azoka plazako instalazioetan.

Ostiral arratsaldean, Claustrum Armonicum abesbatzak eta Biotzarrak  fanfarreak  girotuko dute Arabako Errioxako ardo berriaren lehen jaia. Larunbat eguerdian Swingvergüenza elkartea arduratuko da ekitaldia girotzeaz, eta Rockalean taldeak rock-kalejira egingo du erdialdean, 19:30etik 21:30era. Bestetik, ostiralean, 18:00etan, Gasteizekin lotura duen ardogile baten eta Arabako Errioxako ardoekin lotutako ostalari baten ibilbideaaitortuko da Montehermoso jauregian. Horretaz gain, jaian gehien inplikatu den establezimendua sarituko da amaieran. Halaber, herri bozketaren bidez Wine Berrian dastatutako ardo onena zein den erabakiko da, establezimenduetan bertan.

Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak Arabako Errioxako ardoen lana eta kalitatea nabarmendu nahi dute, Gasteizko herritarrak horretaz harro baitaude. Horixe da 2016ko uzta berriko ardoen jaiaren helburu nagusia. “Ardo freskoak dira, koloreagatik eta fruta-zaporeagatik bereizten direnak, gasteiztar orok gozatzeko modukoak” adierazi du Wine Cityko bozeramaile Valentin Basañezek.

 

Duela sei mendeko aurrekariak

Blusen Eguneko upelen lasterketa arrakastatsuaren kasuan bezala —Italiako Montepulcciano herrian egiten denean inspiratu baita—, Vitoria-Gasteiz Wine Cityk Frantziako “Beaujolais nouveau” jaia hartu da erreferentziatzat, ospakizun nazionala baita herrialde hartan.

Legajo 1904 Wine City

Gainera, elkarteak bertako historia arakatu du, eta José Ramón Díaz de Duranak Eusko Ikaskuntzarako egindako lan batean jaiari berebiziki balio emozionala zein tradizio eta historia kutsua ematen dion erreferentzia historikoa aurkitu du.

1409ko data duen dokumentua da, zeinean udal ordenantza bat aipatzen baita: haren arabera, martxoaren 1etik apirilaren 30era arte bertako ardo berriak baino ezin ziren kontsumitu eta merkaturatu, tokiko ekoizleei produktua merkatura ateratzerakoan mesede egiteko asmoz, jakina. Garai hartako ekoizpenak gasteiztarrak bi hilabetez hornitzeko baino ez zuen ematen, beraz, epe hori igaro ondoren beste leku batzuetako ardoak saltzea baimentzen zen, gehien bat Nafarroa eta Gaztelatik zetozenak. Tokiko produktua babestu eta hari atxikitzeko joerarekin —gaur egun hain zabaldutako dagoena— bat eginez, eta antzinako gasteiztarren ondarea jasoz, Vitoria-Gasteiz Wine Cityk duela sei mendeko ohitura haren oroitzapena baliatuko du, gure arbasoekin gogotsu berdintzeko.

Informazio gehiago: www.winecity.es

Harremanetarako pertsonak:

Patxi Anton: 615796824

Valentin Basañez: 609400585

Javier Elejalde: 606940457 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Ehun blusa eta neska baino gehiago lehiatuko dira Upelen Lasterketaren laugarren edizioan

Uztailaren 25eko 10:30ean hasiko da norgehiagoka, Txikien Lasterketaren bigarren edizioarekin 

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak Blusen Eguneko Upelen Lasterketaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur, zeinean ehun blusa eta neska baino gehiago lehiatuko baitira, 25 taldetan banatuta.

Zinegotziarekin batera, Nekazaritza foru diputatu Eduardo Aguinaco, Vitoria-Gasteiz Wine City-ren lehendakari Javier Elejalde, lasterketaren arduradun eta Blusa eta Nesken Batzordearen ordezkari Luis Izaga eta Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon, izan dira probaren aurkezpenean; azken horrek astinduko du irteteko bandera.

Aurreko urteetan bezala, Espainia plazan hasi eta amaituko da lasterketa.

Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak eta Blusen eta Nesken Batzordeak antolatu dute laugarren Upelen Lasterketa. Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute ekitaldia. “Norgehiagoka hori Andre Maria Zuriaren jaien atarikoa da, eta aisialdia, turismoa eta ardoaren kultura nahasten dituen elementu dinamizatzailea bihurtu da. Udalak lasterketarekin bat egitera animatzen ditu herritarrak”, adierazi du Maider Etxebarriak.

“Gure helburua zen  kalitateko ardoaren kultura —halakoxeak baitira Arabako Errioxako eta Aiarako Haraneko ardoak—  eta jaia lotzea jarduera dinamizatzaile baten bitartez, Upelen lasterketaren bitartez, zehazki, eta gure itxaropenak soberan betetzen ari dira”, azaldu du Wine City elkartearen lehendakari Francisco Javier Elejaldek.

10:30ean hasiko da norgehiagoka, Txikien Upelen Lasterketaren bigarren edizioarekin. Bi kidek osatuko dituzte taldeak, eta 100 metroko ibilbidea bete beharko dute, txandaketarik gabe. Parte hartu nahi duten umeek zuzenean eman ahalko dute izena, gehienezko kopurua bete arte. Ascensores Bertako enpresak emango dio garaikurra talde irabazleari.

Ondoren, helduen lasterketa egingo da. Gorka Ortiz de Urbinak, Zeledonek, astinduko du hasierarako bandera, 11:30ean. Bi txanda egingo dira. Taldeak Espainia plazatik irtengo dira, Andre Maria Zuriaren plazarantz; gero, Mateo Moraza kaletik igoko dira, eta Agirre Lehendakariaren kaletik (garai bateko Espainiako Bankua) igaro ondoren Espainia plazara itzuliko dira.

Bi blusa edo neskek bultzatuko diete upelei, eta ibilbidea amaitutakoan, beren taldeko beste bi kidek hartuko dute lekukoa. Gainera, ibilbidean zehar ikuskatzaileak egongo dira —Gaztedi errugbi taldeko boluntarioak—, upela etengabe biraka dabilela eta gutxienez pertsona bat hura ukitzen ari dela egiaztatzeko.

Berritasun gisa, Elurra, Yumandy eta Perezosos Roller klubetako patinatzaileek, besteak beste, helduen lasterketaren ibilbidea egingo dute, parte hartzen duten koadrilen ikurrekin. Irristaketa erakustaldia ere egingo dute, eta lasterketan parte hartzen duten blusak eta neskak animatuko.

Upelen Lasterketa dagoeneko erreferentzia bihurtu da Andre Maria Zuriaren jaien atarikoan. Ekitaldiaren aurkezpenean azpimarratu den bezala, Arabako Errioxako ardoak eta Aiarako txakolinak omenaldi merezia jasotzen dute jaietako jarduera horren bidez.

Sari berezia —Bastidako Mitarte upeltegiko 225 litroko upela— helmugan sartzen den lehen talde mistoarentzat izango da. Horretaz gain, hainbat sari banatuko dira Done Jakue egunean: Arabako Errioxako ardoak eta Arabako txakolina, eta esperientziak Arabako Errioxan.

Arabako Atletismo Federazioa arduratuko da denbora neurtzeaz, bai txikien bai helduen lasterketetan.

Hauek laguntzen dute Upelen Lasterketa egiten: Mitarte upeldegia, Ascensores Bertako, Arabako Atletismo Federazioa, Eroski, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea, ABRA-Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea, El Corte Inglés, Arabako Txakolina, Eventokit, Fideliza-Grupo Xabide eta Gurutze Gorria.

 

 

 

Share

Prentsa-deialdiak (2019-07-17)

Prentsaurrekoa. 2019ko Mojate – Busti Zaitez kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Asociación de Esclerosis Múltiple de Araba AEMAR elkarteko koordinatzaile Iratxe Asurmendi; Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti; eta Gizarte Gaien diputatu Axier Urresti

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 10:00

Tokia. Vital Fundazioa Kulturgunea. Dendaraba aretoa (Bake kalea 5, 1. solairua)

—————————————-

Prentsaurrekoa. Upelen Lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; Nekazaritza foru diputatu Eduardo Aguinaco; Blusa eta Nesken Batzordeko ordezkari Luis Izaga; eta Wine Cityko presidente Francisco Javier Elejalde

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 10:30ean komunikabide grafikoek irudiak hartu ahal izango dituzte udaletxeko atarian; 10:35ean hasiko da prentsaurrekoa

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Prentsaurrekoa. VIII. Green Capital  Nesken Pala Txapelketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Arabako Pilota Federazioko Zuzendaritza Batzordeko partaide María Sáez Arzamendi; eta Arabako Pilota Federazioko zuzendari tekniko Mikel Rafael

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————

Harrera ekitaldia ‘Oporrak bakean’ programa dela-eta udara Gasteizen pasatuko duten Saharako umeei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi; eta Gobernuko delegatu Jesús Loza

Eguna. Asteazkena, uztailak 17

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, abenduak 14

  • Alkate Gorka Urtaranek eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko dute, Wine City elkarteko ordezkariekin batera, Gabonetako zuhaitzaren inaugurazioan 19:00etan, Katedral berrian.
  • Alkate Gorka Urtaran, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto, eta gobernu taldeko partaideak Principal Antzokiko mendeurreneko galan izango dira, 19:30ean.

 

Larunbata, abenduak 15

  • Lehen alkateorde Peio López de Munainek parte hartuko du Gabonetako izotz pistaren inaugurazioan 10:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Enrique Eguren Saria Armando Llanosi emateko ekitaldian izango da 10:30ean, BIBAT Museoko areto nagusian.
  • Alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du Santa Barbara plazako aparkalekuko lehen solairua irekitzeko ekitaldian 10:30ean.
  • Alkate Gorka Urtaran FBR enpresaren proiektu berriaren aurkezpenean izango da 13:00etan, Jardines de Uleta hotelean.
  • Alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du Odol Emaileen Elkarteak antolatzen duen Gabonetako bazkarian, 14:30ean, Andere jatetxean.
  • Alkate Gorka Urtaran, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Gabonetako Gimnasia gala ikusten izango dira 18:00etan, Mendizorrotza kiroldegian.
  • Lehen alkateorde Peio Lopez de Munainek parte hartuko du Cortada Laburmetraien XXII. Jaialdiko sari-banaketan 20:00etan, Vital Fundazioko aretoan.

 

Igandea, abenduak 16

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko du Vitoria-Gasteizko Maratoi Erdiaren sari-banaketan 11:30ean, Mendizorrotzako aparkalekuan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak berriro aterako du lehiaketara Zulueta jauregiko proiektua

Tokiko Gobernu Batzarrak esleitu gabe utzi du Arabako ardoak zabaldu eta sustatzeko “ardoaren zentroa” Zulueta jauregian jartzeko hautatze-prozedura. Bi proiektu aurkeztu dira lehiaketara: Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearena, eta Araex Rioja Alavesa, SLk eta Araex Grands Fundazioak osatutako aldi baterako enpresa-elkartearena.

Bi eskaintzetan Zulueta jauregian egiteko proposatu diren jarduerak ontzat eman baditu ere, balioespen batzordeak egiaztatu du alderdi batzuek ez dutela baldintza-agiria betetzen.

Udalak berriro deituko du lehiaketara datozen asteetan, gabeziak zuzendu ondoren bi lehiatzaile horiek atzera eskaintzak aurkeztuko dituztelakoan. Litekeena da, jakina, beste lehiatzaile batzuek ere eskaintzak aurkeztea hautatze-prozedura berrian.

Share

Upelen Lasterketaren III. edizioan 26 talde lehiatuko dira

  • Txikientzako Upelen Lasterketa ere egingo da aurten, lehen aldiz

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Blusa eta Nesken Egunean (uztailak 25) egitekoa den Kupelen Lasterketaren III. edizioa aurkeztu du, ekimenean parte hartzen duten entitateen arduradunekin batera: Eduardo Aguinaco, Nekazaritzako foru diputatua; Josune Albizu, Vital fundazioaren zuzendaria; Luis Izaga, Kupelen Lasterketaren arduraduna; Blusen eta Nesken Batzordea, eta Francisco Javier Elejalde, Wine City elkarteko idazkaria. Martín Fiz atleta ere izan da bertan, lasterketari irteera emateaz arduratuko baita aurten. Blusen eta Nesken 15 kuadrilletako 26 taldek (4 lagun talde bakoitzean) hartuko dute parte lasterketan, Plaza Berrian hasi eta bertan amaitzeko.

Wine City elkarteak eta Blusen eta Nesken Elkarteak antolatutako Upelen lasterketaren III. edizioak Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du.

Aurten lehenengoz egingo den Txikientzako Upelen Lasterketarekin hasiko da jardunaldia, eta ondoren etorriko da helduen lasterketako taldeen desfilea. Segidan, Martin Fiz olimpiar atleta arduratuko da hiru txanda izango dituen helduen lasterketako irteerako banderakada emateaz.

Ekimen nahiko berria bada ere, Upelen Lasterketa dagoeneko erreferentzia bihurtu da Andre Maria Zuriaren ohorezko jaien atarikoan. Jai-giroko ekitaldi horren bidez, Arabako Errioxako ardoak eta Aiarako txakolinak merezitako omenaldia jasotzen dute.  “Duela hiru urte Arabako kalitateko ardoa eta Gasteizko jaiak uztartzea erabaki genuenean, konbentzimendu osoa geneukan ekimenak harrera ona izango zuela; alabaina, iaz bildutako jendetzak ustekabean harrapatu gintuen. Aurten, baina, iazko edizioko 25.000 ikusleren kopurua gainditzea aurreikusten dugu”, azaldu digu Francisco Javier Elejaldek, Blusen eta Nesken Elkartearekin batera Upelen Lasterketa antolatzen duen Wine City elkarteko idazkariak.

“Bertan ditugun jaietan eta antzeko uneetan erakusten du bereziki Gasteizek lehen mailako helmuga enogastronomikoa dela. Kupelen Lasterketaren bidez hiriak ardoaren kulturarekin bat egiten duela erakutsi nahi dugu, turismo eta merkataritza jarduera dinamizatzen duen ekitaldia baita”, adierazi du Nerea Melgosak.

Iazko ibilbideak izandako arrakasta ikusirik, aurten ere ibilbide bera egingo da, antolatzaileek gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez. 26 taldeak Plaza Berritik abiatuko dira, Andre Mari Zuriaren plaza zeharkatu, Mateo Morazatik gora igo, Lehendakari Agirretik (Espainiako Bankua zenetik) igaro eta berriro ere Plaza Berrira itzuliko dira. Bi blusak/neskak bultzatuko dute upel bakoitza eta ibilbidea burutzen dutenean, taldeko beste bi kideri utziko diete lekua (hiru txanda osatu arte).

Gainera, komisarioak (Gaztedi Rugby Taldeko boluntarioak) egongo dira ibilbidean zehar banatuta, upela ibilbide osoan lurrean biraka doala eta pertsona bat gutxienez upelarekin kontaktuan dagoela egiaztatzeko.

Aurten, helmugara iristen den lehen talde mistoak eskuratuko du sari berezia: Mitarte upategiko 225 litroko upela. Izan ere, Arabako Errioxako ardoak, Arabako txakolina, esperientziak Arabako Errioxan eta beste sari asko ere banatuko dira Santiago Egunean; Sariak Plaza Berrian banatuko dira: Sari Nagusia ez ezik, beste hiru sari ere bai, horien artean helmugara iristen den lehen talde mistoarentzako sari berezia.

Umeentzako lasterketa

Txikientzako Upelen Lasterketa Plaza Berrian egingo da eta 2 kidez osatutako taldeek 100 metroko ibilbidea egingo dute, txandarik gabe.  12 talde egongo dira guztira, eta horietako bakoitzean 10 eta 15 urte bitarteko bi neska-mutil. Ascensores Bertako enpresaren eskutik jasoko du saria talde irabazleak.

Helduen lasterketan nahiz umeentzako lasterketan, Arabako Atletismo Federazioa arduratuko da ibilbidearen amaierako denborak hartzeaz.

Hurrengo edizioan, parte hartuko duten taldeen kopurua handitzea pentsatzen ari da antolakuntza, lasterketak sortu duen interesa ikusirik.

Upelen lasterketaren III. edizioan, laguntzaileak dira Mitarte upategia, Ascensores Bertako, Arabako Atletismo Federazioa, El Corte Inglés, Eroski, Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Arabako Txakolina eta Gurutze Gorria.

 

 

 

 

 

Share