Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 abendua 2018 11:26

Gasteizko Udalak gaitzespen irmoa agertu nahi du atzo Estrasburgoko Gabonetako merkatuan buruturiko erasoaren aurrean, eta polizia ikertzen dabilena terrorismoarekin loturarik ote daukan. Era berean, Udalak dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

Gasteizko Udaletik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Estrasburgoko hiriari eta Frantziako herritarrei, une latz hauetan

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 azaroa 2018 10:17

ERAKUNDE ADIERAZPENA, AZAROAREN 25A DELA ETA

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Biktimen erreparazioak emakumeei ohotsa ematea eskatzen du

Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzearekiko konpromisoa berretsi nahi dugu.  Nazioarteko marko juridikoaren ildo beretik, generoarengatiko bazterkeriaren eta desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean dagoen lotura berresten dugu, eta giza eskubideen urraketatzat jotzen.

Testuinguru horretan, indarkeria matxistaren biktimek erreparazioa jasotzeko duten eskubidea azpimarratu nahi dugu. Erreparazio horrek egiarako eskubidea barne hartzen du, hots, bizitako indarkeriaren kontakizuna, salaketa eta emakumeen hitza egiazki entzunak izatea. Horren helburua da urratutako eskubideak itzultzea eta jasandako indarkeriaren inpaktuak gizartean aitortzea. Izan ere, emakumeen kontakizunaz susmatzen denean, edo horiek zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsi egiten da, sinesgarritasuna kentzen zaio, eta isiltzera ere irits daiteke.   Horrek biktimizazio bikoitza dakar, emakume biktimen minari lotsa eta erruduntasun sentipenak gehitzen baitzaizkio, eta aldi berean erasotzaileak justifikatzen baitira.

Tokiko erakundeok gure gain hartu behar dugu dagokigun erantzukizun sozial eta politikoa biktimek egiarako duten eskubidea bermatzen duen gizartea eraikitzeko lanean. BERDINSAREAan —berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sarea— indarkeria matxisten aurrean udalen erantzuna egituratzeko ahalegina egiten ari da, Istanbuleko Hitzarmenaren markora egokituz eta tokian-tokian biktimen erreparaziorako ekintzak garatuz.

Ezinbestekoa da ematea ahotsa emakumeei; autoritatea, haien lekukotzari, eta egiazkotasuna, bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari. Horrek esan nahi du indarkeriaz beharturiko emakumeen hitza aintzatetsi beharra dagoela, eta haien askatasuna berrezarri, hartara bizirik atera diren pertsonatzat har ditzaten, eta beren komunitateetan eskubide osoko duintasun- eta herritartasun-zentzua berreskura dezaten.

Horretarako, Gasteizko Udalak konpromiso hauek hartuko ditu:

  • Indarkeria matxistaren prebentzioan, sentsibilizazioan eta salaketan laguntzea, udal jarduera osorako prebentzio-eredu bat ezartzea sustatuz, lehentasunak, beharrak eta interesak  identifikatzea ahalbidetuko duena.
  • Indarkeria matxista publikoki salatzeko eta biktimei erreparazioa emateko ekintza kolektiboa bultzatzea, gizarte eragileek abiarazitako prozesuei lagun eginez eta sostengua emanez.
  • Azaroaren 25a, Emakumeen Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna, oroitzea, sentsibilizatu eta salatzeko urteko programa diseinatu eta abian jarriz.
  • Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren aurrean jendaurreko erantzuna emateko protokoloari jarraipena egitea eta etengabe hobetzea, zenbait tresna indartuz, kontu-ematearen txostena, esaterako; emakumeen eta indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeen taldeen partaidetza eskatuko da horretarako.
  • Erakunde barruko eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, indarkeria matxistaren arreta integralerako koordinazio mekanismoak berraztertu eta indartuz —bereziki esku-hartze, bideratze, jarraipen eta koordinazio protokoloak berraztertu eta eguneratuz—, eta erakundeen arteko guneetan parte hartuz, prebentzio politikak hobetze aldera.
  • Indarkeria matxistaren biktimak aitortzea, eta erreparazioa ematen laguntzea, udalaren arreta sisteman aitorpena eta erreparaziorako eskubidea txertatuz. Horretarako, elkarlanean jarraituko dugu emakumeekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektiboekin, baita alor horretan diharduten beste talde batzuekin ere.
  • Gasteizen indarkeria matxistaren biktima izan direnen memoria berreskuratzeko proiektu bat diseinatzea: prozesu kolektibo bat sendotzeko aurrerapausoak ematea, egia, justizia, erreparazioa eta mina berriro ez errepikatzea ahalbidetzen duen ikuspuntu batetik.
Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak, Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 azaroa 2018 09:11

Joan den ostiralean, azaroak 16, Gasteizko Udaleko ordezkaritza bat Aztegietara joan zen, Manzanares Cortés familiarekin batera Alokabide-Euskal Etxebizitza Zerbitzuak haiei esleitu dien etxebizitza bisitatzera.

Auzora iristean, nabaria zen familia horren kontrako ezinikusia, etxebizitza kokatuta dagoen kalean —herriko sarreran— pankarta handietan agertzen ziren mezuak kontuan hartuta.

Bisita aurreikusi bezala egin zen, eta iraun zuen bitartean, pertsona talde handi bat bildu zen atariaren aurrean. Bisitariak etxetik irten zirenean, auzokide batek bere burua gasolinaz busti zuen, eta alkateordearengana abiatu zen, hari oldartu eta bere buruari su emateko asmoz. Zorionez, bertan prebentzio lanetan zegoen Udaltzaingoaren patruila batek ezbeharra eragotzi zuen.

Udal ordezkarien taldea eta familiako kideak herritik joatekoak zirenean, beste auzoko batek era guztietako gaitzespenak, mehatxuak eta irain homofoboak bota zituen alkateordearen kontra, jarrera probokatzaileaz eta larderiaz.

Zorionez, inork ez zuen kalte fisikorik hartu gertakari deitoragarri horretan. Hala ere, aipatu beharra dago zortzi urteko neska batek gertakari osoa ikusi zuela.

Hori guztia dela eta, Gasteizko Udalak erakunde-adierazpen hau egiten du:

  • Alkateordea buru zuen udal ordezkaritzari sostengua eta elkartasuna adieraztea.
  • Erabateko gaitzespena eta arbuioa adieraztea ostiralean Aztegietan bizi izandako gertaeren aurrean, ez baitugu indarkeria zuzenean edo zeharka erabiltzea onartzen ezein helburu lortzeko.
  • Biziki gaitzestea izaera xenofoboa edo homofoboa duen portaera baztertzaile oro.
  • Delitua izan daitekeen indarkeriazko portaera ororen kontra egingo da, eta behar den tratamendua emango zaio.
  • Gasteizko Udalak bizikidetza baketsuarekiko konpromisoa azpimarratzen du, bakearen kulturan eta aniztasunak gure gizarteari ekarpen positiboa egiten diolako ustean oinarritua. Horretarako, behar diren baliabideak jartzen ditu abian aniztasunaren kudeaketa positiboa egiteko, giza eskubideak, aukera-berdintasuna eta udalerriko herritar guztientzako tratu-berdintasuna oinarritzat hartuz.
Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 abuztua 2018 13:17

Gure udalerrian salatu berri den eraso matxistaren inguruan, Vitoria-Gasteizko Udaletik adierazi nahi dugu erasoa irmotasunez gaitzesten dugula eta haren aurka gaudela. Horrez gain, biktimari eta haren inguruari laguntza osoa eskaini nahi diogu eta jakitera eman nahi diogu gertu izango gaituela eta bere esku jarriko ditugula behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak. Bukatzeko, bere interesei eragiten dien informazio guztia izango duela bermatu bermatzen diogu.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistari erantzuteko Gasteizko Udal-Protokoloa aktibatu du kasuaren berri izan eta haren ikuspegirik osoena eta zehatzena izateko aukera eman duen informazioa egiaztatu bezain azkar. Jarraian, bilera baterako dei egin du, informazio guztia biltzeko eta erantzun instituzionala zein biktimarentzako eta haren inguruarentzako arreta koordinatzeko. Gobernuak duen informazio osoa ezagutzera eman die taldeei Udalan egindako Bozeramaile Batzordean.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten dituela eta garrantzi handiko arazoa dela, indarkeria jasaten duten emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena. Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen; gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea helburu du.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak, emakumeek eta LGTBI pertsonek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: udal-erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei eta LGTBI pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

 

Hori guztia dela eta, Udalak:

-Jakinarazten du erakunde-ordezkaritzak erasoa gaitzesten duela adieraziko duela. Horretarako, 15 minutuko kontzentrazio bat egingo du Plaza Berrian bihar, abuztuak 9, 13.00ean, honako leloarekin: “Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka”.

-Bat egiten du gaur arratsaldean, 20.00etan, mugimendu feministak Andre Mari Zuriaren Plazan dei egindako gaitzespen-ekintza guztiekin eta gonbitea luzatzen die herritar guztiei horietan parte hartzeko, bai eta Udalaren babesa behar duten gaitzespen-ekintzak Udalari jakinarazteko ere.

-Bost minutuko gelditzea egingo du Udalak antolatutako ekitaldi guztietan eta adierazpen ofizial bat entzungo da bertan.

-Blusa eta Neska koadrilei kalejiran bost minutuko gelditzea egitera gonbidatzen ditu.

-Era berean, musika 15 minutuz gelditzeko gonbitea helarazten die taberna eta festa espazio guztiei.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 ekaina 2018 11:29

Aurrekariak

Gasteizko Udalak beharrezkotzat jo zuen kode etikoa edukitzea, udal langile guztiek partekatzen dituzten balioak jasoko dituena, horrekin identifikatu ahal izateko.

Kudeaketa publikorako eredu berria baliatzeak dakarren erronka kontuan hartuta, udala kohesionatzeko behar gisa sortu zen kode hau izateko erabakia, udala langile guztiak berarekin identifikatuta sentituko diren balioz josteko, hauteskunde giroaz haratago dagoen eta antolakuntzatik bertatik sortua izango den kodea izanik.

Ildo horretan, azpimarratzekoa da udal korporazioa osatzen duten alderdi politiko guztiek eta kode etiko hau sortzeko prozesuan parte hartu duten udal sail guztietako langileek borondatez egindako lana, etikari buruzko prestakuntza saio, inkesta eta lan-mahaietan parte-hartuta.

Lan horren ondorioz, Gasteizko Udalaren ezaugarri diren balioak identifikatu dira, eta horiek erakundearen eta bertako langileen jarduerak gidatu behar dituzte, eremu eta maila orotan.

Balio horiek udal langileen, herritarren eta gizartearen —udal korporazioak ordezkatzen duena— arteko harremanetan dituzte erroak. Horretaz gain, agerian jarri dira langileek beren jardueraz eta herritarrekin, korporazioarekin eta gainerako sailekin dituzten harremanez hausnartu dutenean.

Hauexek dira Kode Etikoan jasotako balioak:

Herritarren autonomia sustatzea

Begirunea eta enpatia

Herritarrei zerbitzu egokia ematea beren bizitza proiektuak garatzean

Justizia

Justizia sena

Giza baliabideak eta baliabide materialak zuzen lortu, banatu eta kudeatzea, eraginkortasunez eta ekitatez.

Jardunbide profesional egokia

Erantzukizun profesionala

Informazioa eta ezagutzak gardentasunez erabiltzea, eta datuen konfidentzialtasuna errespetatzea. Norberaren zereginak eta zeharkakoak arduraz planifikatu, koordinatu eta betetzea.

Lankidetza

Jakinduriaren eta ahalmenaren arteko bateratzea eta kohesioa

Profesionalen eta korporazioren ahaleginak, jakinduria eta esperientziak koordinatzea udal zereginak betetzean, herritarrei zerbitzu emateko xedea duen talde bati dagokion kohesioarekin.

Bikaintasuna

Sormena eta berrikuntza

Egindakoa balioestea, akatsak antzeman, konpondu eta prebenitzeko, eta aldatzea eta berritzea, hobetzearren.

Gasteizko Udalak  hauxe ADIERAZTEN DU:

Kode etikoa Udala osatzen duten eta bertan lan egiten duten pertsonek partekatutako balioak jasotzen dituen dokumentua da.

Udal kode etikoa ez da jokabide-kodea, ezta ezarritako arau bat ere. Ez du epaitzen ez isunik jartzen. Udalaren jardunean gatazka etikoren bat sortzen denean nola jokatu eta zer erabaki jakiteko balio du. Bere balio nagusia da zentzuzko erabaki zuhur eta argudiatuak hartzeko balio izatea, gatazkan egokitzen diren faktore guztiak kontuan izanik eta antolakuntzarentzat garrantzitsuenak direnak aintzat hartuta. Kodea aplikatzea oso baliagarria eta onuragarria da udal jarduna betetzeko, eta udalak herritarrekiko eguneroko harremanetan duen jokaera berrikusi eta aztertzen laguntzen du.

Gasteizko Udalak KONPROMISO HAUEK hartuko ditu bere gain:

Kode etikoa udalaren jardunean gatazka etikoren bat sortzen denean nola jokatu eta zer erabaki jakiteko tresnatzat aitortzea.

 Etika Komitea sortzen eta ondoren funtzionatzen lagunduko duten ekintzak laguntzea, baita sorrera horretan edo ondorengoko berrikuntzetan esleitu diren pertsonen parte hartzea erraztuko dutenak ere.

Kodera atxikitzea ekarriko duten ekintzak laguntzea, bai kargu hautetsiak postuaz jabetzeko ekitaldien bai funtzionarioak eta oro har Gasteizko langileak postuaz jabetzekoen bidez.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 maiatza 2018 12:09

Gasteizko Udalak tradizio luzea dauka haur, nerabe eta familiei zuzenduriko udal politikak garatzeko zereginean. Joan den mendeko bigarren hamarkadan hiriaren industrializazaioaren hasi zen unetik beretik sumatu zen kezka nabarmen bat, biztanleriaren hazkuntza orokorrak –eta haur eta nerabeenak bereziki– zekartzan erronkei erantzutekoa.

Haurren, nerabeen eta horien familien beharrei erantzuteko asmoen artean, nabarmentzekoak dira mugarri hauek:

  • 1975ean, Gasteizko Udalak esku-hartze irmo bati ekin zion haurtzaroaren eta nerabezaroaren alorrean. Hala, lehenengo haurtzaindegia sortu eta martxan jarri zen, eta haurrak eta nerabeak hartzeko lehen egoitzak egin zituzten, La Paz egoitzaren alternatiba gisa.
  • 1984ko urtarrilean onetsi zen Haur eta familientzako lehen udal programa, zeinak, xede harturik La Paz haurrentzako makro-egoitza desintituzionalizatzea, haurren babes gabeziako egoerei aurre egiteko esku-hartze markoa ezarri zuen, adingabeak egoitzetan eta familietan hartzeko, eta familiei laguntzera bideratutako programen bitartez.
  • 1985ean ireki zen ekipamendu soziokulturalez hornitutako lehen gizarte etxea, kirol instalazioetatik fisikoki berezia. Eta 1989an inauguratu zen eraikin berean kirol instalazioa integratuta zuen lehen gizarte etxea; ordutik aurrera eredu integratu horri ekin izan zaio.
  • 1990ean, Gasteizko Udala izan zen Hiri Hezitzaileen Gutuna sustengatu zuen udal gobernuetako bat.
  • 1991n Haurrei udaletatik zuzenduriko ekimenei buruzko I Topaketa egin zen Gasteizen, FEMPek sustatuta,1 non Gasteizek Udalaren osotasunetik haur eta nerabeekin esku hartzeko eredua aurkeztu baitzuen.
  • 1998an hasi zen UNICEFekiko lankidetza, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena –zein 1990ean Espainiako estatuan berretsi baitzuen– sustatu eta dibulgatzeko asmoz. Hortik sortu zen oraingo haur eta nerabeen partaidetzarako lehen programa, Lagun Gutuna izenekoaren bitartez. Ondoren, gizarte-etxe integratuen eredua zabaltzearekin, sustapen programek indar handiagoa hartu zuten. Eredu horren arabera, gizarte-etxeetan orotariko programak eta baliabideak eskaintzen zitzaion –gaur egun ere bai– herritar orori, baita haurrei, nerabeei eta horien familiei, hala nola kirol jarduerak, heziketakoak, aisiakoak eta jarduera kultural eta sozialak.
  • 2003an gogoeta eta hausnarketa saio bati ekin zitzaion, “Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzailea” izeneko sail arteko programa sortzeko asmoz; 2005ean jarri zen martxan.
  • Gasteizko haurren eta familien egoerari buruzko diagnostikoa egin zen 2006an.
  • Haur eta Nerabeentzako I. Tokiko Plana (2009-2013) —izaera integraleko plana— onetsi zuen udalbatzak 2009ko apirilaren 24an, zein 2016ra arte luzatu baitzen.
  • Aho batez onetsi zuen udalbatzak, 2015eko azaroaren 6an, Sumando – Hemen Gaude talde politikoak aurkeztutako mozioa, zeinen bitartez proposatzen baitzion udalbatzari, besteak beste, UNICEFen Haurren lagun diren hirien programara aurkezteko konpromisoa har zezala.
  • 2015eko azaroaren 23an, Haur eta nerabeen eskubideen aldeko erakunde-adierazpena onetsi zuen udalbatzak aho batez, zeinen bitartez Udalak konpromisoa hartzen baitzuen haurren eskubideak sustatu eta babesteko politikak bultzatzeko, eta eskubide horiek bermatzeko, eta bidenabar berretsi baitzuen Gasteiz Haurren lagun den hiria izendatzeko prozesuarekin jarraitzeko asmoa, eta familiei laguntzeko baliabideak eta prebentzio- eta sentsibilizazio-programak bultzatu eta sortzearen alde egiteko konpromisoa hartu baitzuen, dibertsitatea, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa bereziki azpimarratuz.
  • Haur eta nerabeen aldeko erakunde-adierazpena onetsi zuen udalbatzak aho batez, 2016ko martxoaren 18an.
  • Haur eta Nerabeen Elkargunea sortzea onetsi zuen udalbatzak 2017ko ekainaren 23an, haur eta nerabeen partaidetza-organo egonkor gisa.
  • 2017an, Gasteizko Haur eta Nerabeentzako Diagnostikoa egin zen, 2018ko apirilaren 27an onetsi den II. HANUPen oinarri gisa. Agiri hori UNICEFen “Haurren Lagun den Hiria” ziurtagiriaren VIII. deialdira aurkezteko, eta azken bi urteetako oroit-idazkiekin batera.

Berriki onetsi den II. HANUPek zeregina da udal jarduna koordinatzea, haur eta nerabeen eta horien familien eskubideak bermatzeko —bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako udal jarduerak optimizatuz—, eta garapen ebolutibo egokia sustatzea, gizartean eskubide osoko herritar gisa parte har dezaten eta integra daitezen, betiere Udalarentzako alor horretan legez ezarritako eskumenak aintzat hartuta.

  1. HANUP hau oinarritzen da, batetik, 2017an hiriko haur eta nerabeen egoerari buruzko diagnostiko zabalaren ondorioetan, eta bestetik horren ostean egindako parte-hartzeko kontrastea, non 650 pertsona baino gehiagok hartu izan duten parte: Udaleko eta gizarteko (elkarte, entitate eta bestelako erakunde) profesionalek, haurrek eta herritarrek oro har. Horren guztiaren eraginezm, udal jarduera etorkizunera begira 5 erronkari –ildo estrategiko gisa– erantzuteko diseinatu da. Ildo estrategiko bakoitzeko konpromisoak xehetasun handiagoz definitzeko asmoz, helburu nagusi batzuk zedarritu dira bakoitzean, non kokatuko diren konprometitutako ekintzak edo ekintza-programak.
  1. ILDOA: Haur eta nerabeei eta familiei zuzendutako jardueretan ekitatea sustatzea.
  1. ildoaren helburu nagusiak:
  1. Seme-alabak dituzten familiak babestea, haur-desorekaren ondorioak ahalik eta gehien murriztu aldera.
  1. Familiako bizitza eta bizitza pertsonal eta lanekoaren artean kontziliazio erantzunkidea sustatzea.
  1. Gurasotasun positiboa sustatzea, seme-alaben hazkuntzan eta zaintzan.
  1. Bizi-estilo osasungarriak sustatzea, aisia, kirola, jolasa, osasuna, elikadura, kontsumoa, kultura, arte-irakaskuntzei dagozkienean.
  1. Haur eta nerabeeen hezkuntza-prozesua babestea, eskola eta familiarekin batera.

 

  1. ILDOA: Haur eta nerabeen herritartasun aktiboa sustatzea, baita haiek hiriko bizitzan parte hartzea eta haien irudi positiboa zabaltzea ere.
  1. ildoaren helburu nagusiak:
  1. Haur eta nerabeen eskubide eta betebeharren gainean sentsibilizatzea, eta beraiengan herritar aktibo eta arduratsu gisako jokamoldea sustatzea.
  1. Haur eta nerabeen parte hartzea sustatzea alor guztietan, irudi positiboa sustatuta.
  1. ILDOA: Haur eta nerabeentzako hiri inklusiboa, berdinzalea, segurua eta iraunkorra sustatzea.
  1. ildoaren helburu nagusiak:
  1. Urratsak ematea elkarbizitza- eta hazkuntza-espazioak sortuko dituen hiri eredu abegikor eta elkartasuneko baterantz.
  1. Hiria espazio seguru gisa finkatzea, eta, horrenbestez, haur eta nerabeen artean autonomiaz mugitu eta hiriaz gozatu dezatela sustatuz.
  1. Gure ondarearen eta ingurumena errespetatzen eta zaintzen laguntzen duten praktika egokiak sustatzea.
  1. ILDOA: Haur eta nerabeen ahultasun eta babesgabetasun egoeretan erresilientzia eta ahalduntze eredua sustatzea.
  1. ildoaren helburu nagusiak:
  1. Haur eta nerabeen artean tratu txarren eta babesgabetasun egoeraren hautemate goiztiarra sustatzea, gizarte-eragile eta herritar ororen aldetik.
  1. Bigarren mailako prebentzio programak, familiei laguntza emateko eta familiak babesteko programak sustatzea, programa horiei indarguneak aintzat hartuta.
  1. Haur, nerabe eta gazteei babesgabetasunaren ondorioak gainditzen laguntzeko programa eta baliabideak garatzea.
  1. ILDOA: Gasteizko Udalaren jokaera hobetzea, haur, nerabe eta familiak aintzat hartuz.
  1. ildoaren helburu nagusiak:
  1. Haur eta nerabeen errealitatea ezagutu eta aztertzea.
  1. Aurrerapausoak ematea zeharkakotasunean, eta sail eta erakunde arteko koordinazioan.
  1. Ebidentziaren paradigmatik haur eta nerabeentzako prestatutako programak ebaluatu eta hobetzea.
  1. Giza baliabideak beharretara egokitzea, eta horien antolaketa, prestakuntza, ahalmena eta kudeaketa hobetzea.
  1. Udalak haur eta nerabeei begira burutzen dituen jarduerak ezagutaraztea.
  1. Planak lau erronkari heldu nahi die, eta horietako bakoitza ildo estrategiko batean garatzen da:

2018 eta 20122 bitartean burutzeko II. HANUPen jasotako 100 ekintzei dagokienez, esan behar da hor jasotzen direla soilik berriak direnak, edo egun indarrean daudelarik aldaketa-proposamen bat dutenak, egokitu edo indartzeko.

Planaren helmenak ez du esan nahi egun indarrean dauden ekimenei –jarraipenari eta ebaluazioari begira– garrantzia kentzen zaienik edo aintzat hartzen ez direnik Planean jasotako ekintzen ebaluazio-programaz gain, II. HANUPek aurreikusten du Udalak haurtzaroaren inguruan garatzen dituen ekimen guztien jarraipena egitea.

“Haurren lagun den hiria” zigiluarekin atxikitzeari dagokionez, eta aintzat hartuta hori lortzeko eskatzen diren betekizunak, Oroit-idazkia izeneko agiria egin izan da, non aurreko urteetan burutu, eta aurrera jarraituko dutela aurreikusten diren ekintzen berri jasotzen den. Hori dela eta, Udalak HANUP indarrean den bitartean garatuko dituen ekimen guztien jarraipen- eta kontrol-zereginak errazteko tresna gisa diseinatu izan da.

Oroit-idazki horretan haurtzaro eta nerabezaroaren alorrean (hots, 0 eta 10 urte bitartekoei begira) Udalak garatzen duen jarduerari buruzko informazioa biltzen du. Guztira, 250 ekintza edo programa identifikatu dira, eta kolektibo horrekin zerikusia duten sailetako zerbitzuetatik datoz.

2018rako aurrekontu kalkulua egin da Planean aurreikusitako jarduerak gauzatzeko eta konpromisoak eta helburuak bideratzeko, eta Udalak konpromisoa hartu du 2019, 2020, 2021 eta 2022rako behar den aurrekontua ere bermatzeko, kreditu nahikoa izatearen baldintzapean.

Gure esker ona adierazi nahi diegu denbora, ahalegina eta lana eskainiaz II. HANUP osatzen lagundu diguten banakako profesional, elkarte, entitate eta erakunde orori, bereziki haur eta nerabeei eta herritarrei oro har.

Azpimarratzekoa da sailek eta Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek plan hau sustatzen eta lantzen egin duten lan bateratua, datozen urteetan berdintasunaren alorreko plangintzak erakundeei —eta bereziki udalei— eskatuko dizkien erronketan erreferentzia izan nahi baitu.

Horrenbestez, Gasteizko Udalbatzak honek

ADIERAZTEN DU

GASTEIZKO UDALAREN HAUR ETA NERABEENTZAKO II. TOKIKO PLANA tresna garrantzitsua dela hiri-eredu bat lortzeko, non haur eta nerabeak beren gaitasunak garatuz hazi ahalko diren, non aukera-sorta zabal bat eskainiko zaien –modu ekitatiboan eskaini ere– herritar-geruza guztiei, eta non familiek –behar dituzten laguntzat bitarte– beren ahalmen eta indarguneak egoki garatu ahal izango duten, gurasotasun positiboaren alorrean dagozkien funtzioak behar bezala garatu ahalko dituzten. 

HITZ EMATEN DU 

II: HANUPen ildo eta helburuetan indarraldiko lau urteetarako ezarritako jarduerak garatuko dituela, eta ezartzeko behar duen aurrekontuaz zuzkituko duela ekitaldietako bakoitzean.

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:22

Azken aste hauetan Palestinako herriak martxa egin du Nakba-ren hirurogeita hamargarren urteurrenaren oroitzapenetan, eta pairatzen duten krisi humanitarioagatik eta giza eskubideen urraketagatik, protestan Ipar Amerikak Israelgo enbaxada Jerusalemera eraman duelako. Maiatzaren 14an, Israelek protesta baketsu horren aurka buruturiko errepresioa odoltsua izan da, eta gutxienez 59 pertsona hil ditu, 6 adin txikiko barne, eta, momentuz 2.700 zauritu. Zauri horien erdiak munizio errealaren ondorio izan dira, eta 130 pertsona aurkitzen dira egoera larri-larrian. UNRWAren arabera, Gazako ospitaleetan ekipo medikoak gainez eginda daude, eta geratzen zaien erregaiarekin zazpi egunerako baino ez daukate ebakuntzekin jarraitzeko.

Eraso honen aurrean Gasteizko Udaletxeak:

  1. Erabat arbuiatzen du Estatu Batuen enbaxada Jerusalemera aldatzeagatik protestatzeko martxan ari ziren milaka palestinarren aurka Israelgo armadak erabilitako biolentzia –horren ondorioz 59 pertsona hil baitira eta zaurituak mila baino gehiago izan dira–, hain zuzen ere, okupatutako lurraldeetako 2014. urteaz geroko gertakaririk odoltsuenetarikoa. Era berean, Eusko Legebiltzarrak Israelgo Estatuari eskatzen dio berma dezala Palestinako herriaren giza eskubideekiko errespetua.
  1. Elkartasuna eta doluminak adierazten dizkie zuzenean edo zeharka eragindako pertsona guztiei.
  1. Bat egiten du Nazio Batuek, Europar Batasunarekin eta nazioarteko komunitatearen zati handi batekin batera –herrialdeak eta organismoak barne–, Israeli egindako deiarekin biolentziaren kontentziorako Gazako mugan, hain zuzen ere, Israelgo armadak palestinarren protesten aurrean eragindako biktima-balantze odoltsuaren ondoren, hurrengo egunetan alde batera utziz populazio zibilaren artean biktima gehiago eragin dezakeen zein-nahi neurri.

Berretsi egiten du Diputatuen Kongresuak 2014ko azaroaren 26an hartutako akordioa, Palestinako Estatua aitortzeari buruzkoa”.

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2018 12:47

Erakunde-adierazpena, 2017ko maiatzaren 17a dela eta (Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna).

Maiatzaren 17a Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalak desira-aniztasuna ikusaraztearen alde egin nahi du, bai eta pertsona lesbiana, gai, trans, bisexual eta eta intersexualen aurkako erasoen aurrean zerbait egiten duen hiri-ereduaren alde ere.

Sistema heteropatriarkal eta sexista batean bizi gara, hots, desberdintasuna eta desorekak sortzen, eta sexu-aniztasuna eta genero ez arauzkoak ukatzen dituen indar handi baten testuinguruan. Horrenbestez, aspalditik ari gara aldarrikatzen berdintasun-politiketan “emakume” subjektu politikoa zabaltzea, hari uko egin gabe, “jatorria sexu-generoa sisteman eta patriarkatuan duten arrazoiengatik bazterkeria pairatzen duten pertsonak bertan txertatzeko”. Ez dugu ahaztu behar horri guztiari zaurgarritasun-egoera pizten duten beste aldagai batzuk gehitzen zaizkiola, eta horrek guztiak areagotu egiten dutela LGTBIfobiaren eragina.

LGTBI pertsonen errealitatea ikuspegi feminista eta zeharkako batetik ikuasarazteak ikuspegia zabaltzeko eta zapalkuntza desberdinen arteko uztardura antzemateko aukera ematen digu.

LGTBI pertsonen aurkako bazterkeria eta erasoen aurkako lanak eskatzen ditu, besteak beste, sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko eta aintzatesteko ekintzak, herritarren artean LGTBIfobiari buruzko kontzientziazio-kanpainak, erasoei erantzuteko protokoloak eta biktimei laguntzeko zerbitzuak.

Hara! Gasteizko Genero-Berdintasunerako IV. Planak zeharka ulertzen du sexu- eta genero-aniztasuna ulertzen du, eta kontuan hartzen du agenda baten diseinua, osatzen ari dena, eta baitan hartuko dituena Desirak plazara. Gasteizen LGTBI pertsonen errealitateei buruzko diagnostikoan atzemandako lehentasunak abiaraztea.

Gasteizko Udalak bere gain hartzen du sexualitate, genero eta desio anitzak ikusarazteko konpromisoa, eta LGTBI taldeko pertsonen kontrako diskriminazioari, estigmatizatzeari eta bortizkeriari aurre egitekoa, berdintasuneko politika publikoaren bidez. Aurten, maiatzaren 17aren testuinguruan, artea azpimarratu nahi dugu, ikusarazteko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko tresna den aldetik. Gonbit egiten diegu herritarrei, egun horren harira antolatutako ekitaldietara ager daitezen.

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 apirila 2018 14:44

 

2016ko uztailaren 7ko bortxaketa multiplearen inguruko gertakariak direla eta Nafarroako Probintziako Auzitegiak emandako epaiaren berri izan ondoren, hau ERABAKI DU Gasteizko Udaleko Eledunen Batzarrak:

 

LEHENA.- Udal honen eta Gasteiz hiriaren sostengua, maitasuna eta elkartasuna helaraztea biktimari, senitartekoei eta gertuko pertsonei.

BIGARRENA.- Epaiarekiko ezadostasun sakona adieraztea; bereziki, gertakariak sexu-abusu jarraituaren delitu gisa kalifikatu izanarekin. Ildo horretatik, gure sostengua helaraztea juridikoki pertinenteak diren errekurtso-bideak baliatuz epai horren kontra egingo duten erakunde guztiei.

HIRUGARRENA.- Herritarrek epaiaren ondorioz sentitutako etsipena eta haserrea ulertzen dugula adieraztea, eta partekatzen ez dugun epai horrek ekarri duen herritarren aldarriarekin bat egitea.

LAUGARRENA.- Emakume orok duen erabateko askatasunerako eskubidea aldarrikatzea eta, aldi berean, Gasteiz inongo emakumeren kontrako eraso matxistak eta bestelakoak toleratzen ez dituen hiria dela deklaratzea.

BOSGARRENA.- Udaletik —elkarteekin, talde feministekin eta, oro har, herritarrekin elkarlanean—, berdintasunaren alde eta emakumeen eskubideen defentsan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berrestea, baita emakumeek jasatan dituzten berdintasunik eza eta era guztietako indarkeria errotik desagerrarazteko ere.

SEIGARRENA.- Herritar guztiei dei egiten die Gasteizko Udalak biktimari elkartasuna erakusteko eta epaia gaitzesteko mobilizazioetan parte hartzera.

 

Vitoria-Gasteizen, 2018ko apirilaren 27an.

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 martxoa 2018 09:26

Gasteizko Udalak ibilbide luzea dauka egina berdintasun-politika publikoaren alorrean. Horren planifikazioa borondate politikoaren adierazpen argienetako bat da, batetik, berdintasunaren alorrean indarrean dagoen lege-esparrutik eratorritako betebeharrak garatzen dituelako eta, bestetik, aginte publikoen jarduera gidatuko duten helburu lehenetsiak zein izango diren zehazten duelako, baita denbora epe jakin batean horiek lortzeko zein konpromiso hartzen den ere.

Aipatutako politika hirian planifikatzeko zenbait berdintasun plan landu dira. Gasteizko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana (2014-2015) izan zen azkena, eta ondoren Gasteizko Udaleko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2017ko Agenda landu zen. Une horretan plan berria diseinatzeko beharra ikusi zen, genero-berdintasunen esparru orokorraren oinarri teorikoak ezartzearren. Harrezkero, eta 2017ko irailera arte, partaidetza-prozesu bizia garatu zen, hiriko hainbat gizarte-eragileren inplikazio, motibazio eta parte-hartze handiarekin: plana gauzatzeko ardura duten eta/edo hori lantzen parte hartu duten sail eta zerbitzuetako langileak, Berdintasun Elkarguneko eta talde feministetako kideak, emakumeen elkarteak eta LGTBI kolektiboak, IV. Planaren Zuzendaritza Batzordea, Udalaren Berdintasun Batzordea, etab.

Prozesu horren ondorioz, Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planaren (2018-2021) oinarrizko dokumentua adostu zen, eta hortik IV. Planaren zirriborroaren azken bertsioa landu. 2017ko azarotik 2018ko otsailera arte, berriz, erkaketa-fasea egin da, eta parte hartu duten eragileen ekarpenak, alegazioak, balioespenak eta proposamenak jaso dira, komunikazio bide eta metodologia ezberdinak baliatuz. Irismen eta eduki ezberdinetako jarduerak proposatu ziren, eta horiek aztertu eta berrantolatzeak prozesu luze eta nekeza eskatu du, dokumentuari sendotasuna eta koherentzia eman ahal izateko.

Azkenik, behin betiko agiria idatzi zen, Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Plana (2018-2021) izenekoa; aurretik, Emakundek horri buruzko txostena egin zuen, zeinak egiaztatzen baitu planaren edukia bat datorrela EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planean aurreikusitako esku-hartze ildoekin eta jarraibideekin.

 

  1. Planak lau erronkari heldu nahi die, eta horietako bakoitza ildo estrategiko batean garatzen da:
  1. erronka: Pertsona guztiei (emakumeei bereziki, baina baita LGTBI pertsonei ere) beren herritartasun osoa garatzeko eta bermatzeko behar diren baliabideak bermatuko dizkien egite-moduak sustatzen dituen udala.

 

  1. ildo estrategikoa. BERDINTASUNA UDAL-GOBERNUAREN EREDUAN
  1. erronka: Bere agendaren erdigunean zainketak jartzen dituen udalerri bat, zainketen hornidura- eta harrera-eredu bidezkoago eta jasangarriago baten aldeko apustua egiten duen ekintza publikoaren bidez.

 

  1. ildo estrategikoa. ZAINKETEN EKONOMIA FEMINISTA
  1. erronka: Ahalduntze feministari laguntzen dioten baliabideak eta tresnak dituen hiria, prozesu pertsonal eta kolektiboei bide emateko eta berdintasunerantz aurrera egiteko xedez.

 

  1. ildo estrategikoa. AHALDUNTZE FEMINISTA
  1. erronka: Indarkeria matxistaren prebentzioaren, arretaren eta erreparazioaren arloan duen erantzukizuna bere gain hartzen duen administrazioa, Gasteiz berdintasunezkoago baterako bidean aurrera egite aldera.

 

  1. ildo estrategikoa. INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO HIRIA

Ildo bakoitzak bere xede estrategiko eta operatiboak ditu, eta horietako bakoitzean, halaber, lehenengo bi urtekorako jarduerak zehazten dira, eta hurrengo bi urtekorako ildo orientatiboak proposatzen; lehenengo bi urtekoko ekintzak  eta emaitzak amaitu eta ebaluatu ondoren diseinatuko dira berariaz azken horiek.

2018rako aurrekontu kalkulua egin da Planean aurreikusitako jarduerak gauzatzeko eta konpromisoak eta helburuak bideratzeko, eta Udalak konpromisoa hartu du 2019, 2020 eta 2021erako behar den aurrekontua ere bermatzeko, kreditu nahikoa izatearen baldintzapean.

Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu lana, denbora eta ahalegina eskainiz Plana lantzen parte hartu duten entitate, elkarte, eragile eta banako guztiei.

Azpimarratzekoa da sailek eta Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek plan hau sustatzen eta lantzen egin duten lan bateratua, datozen urteetan berdintasunaren alorreko plangintzak erakundeei —eta bereziki udalei— eskatuko dizkien erronketan erreferentzia izan nahi baitu.

 

Horrenbestez, Gasteizko Udalbatzak hau

ADIERAZTEN DU 

GASTEIZKO GENERO BERDINTASUNERAKO IV. PLANA tresna garrantzitsua dela hiri bidezkoagoa eta berdinzaleagoa lortzeko bidean aurrera egiteko, desberdinkeria eta bazterkeria matxistaren arrazoi nagusietan eraginez.

 

HITZ EMATEN DU 

Planaren programetan indarraldiko lau urteetarako ezarritako jarduerak garatuko dituela, eta ezartzeko behar duen aurrekontuaz zuzkituko duela ekitaldietako bakoitzean.

Share

Aurrekoak »