Prentsa oharrak

Prentsa Oharren banner

Covid-19ari aurre egiteko Udalak baliatu dituen 23,12 milioi euroek eskatu duten ahalegin ekonomiko handia azpimarratu du alkateak

  • Pandemiaren kontrako borrokan buru-belarri aritu direnei omenaldia egingo zaiela udazkenean, iragarri du Gorka Urtaranek

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko Udalak Covid-19ri aurre egiteko abian jarritako ekimenen balantzea egin du alkateak udal politikaren inguruko debate orokorreko mintzaldiaren lehen partean. Datu bat nabarmendu du Gorka Urtaranek: pandemia hasi zenetik, 23,12 milioi euro bideratuak ditu Udalak Covid-19ari eta horren ondorioei aurre egitera. Orain Gasteiz Planeko hogeita hamar neurrien bitartez eman zaio bide ahalegin ekonomiko horri, eta aurrekontuan jasotako hainbat ekimen eta proiektu gehitu zaizkie horiei.

“Zailtasunik izan bada ere, eta izan da, Udalean, maila eman dugu. Ondo egindakoak eta akatsak gorabehera, pandemiari aurre egiteko baliabideak jarri ditugu”, adierazi du alkateak, pandemia hasi zenetik aste gutxira Orain Gasteiz Plana bezalako tresna bat edukitzearen garrantzia azpimarratu du. Urtebete geroago, plan horren % 80 gauzatua dago jada, eta hartutako konpromiso guztiak urtea bukatu aurretik bete ahal izango direla aurreikusten du alkateak. Hiru lehentasunetan zentratutako konpromisoak izan dira: osasuna babestu, pertsona guztien ongizatea bermatu eta gure ekonomia aldeztu.

Alderdi bat nabarmentzen da Covid-19ari aurre egiteko baliatu diren 23,12 milioi euroen banaketan, politika sozial eta soziosanitarioena. Izan ere, arlo horretan hainbat laguntza emateko baliatu dira 15 milioi euro baino gehiago. Ekonomia lokala garatzeko zuzeneko laguntzetara bideratu dira ia 4 milioi euro; besteak beste, merkataritzarako, ostalaritzarako edo enplegua sortzeko dirulaguntzetara. Beste 3,7 milioi euro gehitu behar zaizkio kopuru horri, pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreentzako laguntza fiskalak direla eta. Pandemiaren ondorioz beren jarduerak bertan behera utzi behar izan zituzten kulturaren eta kirolaren arloetara 1,5 milioi euro bideratu dira.

Hau da burututako jardueren banaketa ekonomikoa:

 

Omenaldia, pandemiaren kontra borrokatu direnei

Alkatearen ustez, pandemiaren kontrako borroka, administrazio publikoen lehentasuna izateaz gain, gizarte osoaren ahalegina izan da. Batez ere osasun-langile guztiena, zeini esker ona helarazi baitie berriro ere. “Pandemiaren kontrako borrokan buru-belarri aritu direnei omenaldia egingo geniela agindu genuen orain urtebete; pandemiaren bilakaerak oraingo joerari eusten badio, urteko azken hiruhilekoan egingo dugu, ongi merezia baitute”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Argiro erakusten dute datuek nolako ahalegina egin den: 210.000tik gora txerto jarri dira Arabako Erakunde Sanitario Integratuan; dagoeneko, 90.000 inguru pertsonak txerto osoa hartua dute, eta beste 120.000 pertsonak lehen dosia. “Bizitzak salbatzen dituzten zenbakiak dira, geure bizitza berreskuratzen lagunduko diguten zenbakiak”, nabarmendu du alkateak.

Gasteizen Covid-aren eraginez hildako 618 pertsonak ere gogoan izan ditu Gorka Urtaranek, eta haien senideak. “Ez ditugu ahazturik. Haien oroigarri iraunkorra izango da irailean inauguratutako Sempervirens espazioa”, adierazi du alkateak.

 

 

Share