Prentsa Oharren banner

Edukiera handiagoa izango dute udal baratzeek, eta ordutegi zabalagoa, 2. fasera igarotzean  

 

Edukiera handiagoa izango dute udal baratzeek, eta ordutegi zabalagoa, 2. fasera igarotzean, baina, nolanahi ere, osasun-agintariek emandako jarraibideak bete beharko dira: segurtasun-distantzia mantendu, lanabesak eta bestelakoak garbitu, eskuak garbitu eta maskarak erabili.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazi duenez, hauek izango dira baratzeetan —banaka nahiz taldean— aritu ahal izateko baldintza berriak.

EDUKIERA

Edukiera arrazoiak direla medio, eta baratzeetan lan egiteak berezko duenez elkarrengandik distantzia batera aritzea, hauek sartu ahal izango dira baratze komunitarioen ekipamendura:

  • partikularrei lagatako lursailen kasuan, titularra eta harekin doan beste pertsona bat, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik. Beren kargu dituzten menpeko pertsonak berekin eraman ahal izango dituzte, baina inolaz ere ezingo da izan lursail bakoitzeko bost pertsona baino gehiago.
  • kolektiboei lagatako lursailen kasuan, lursail bakoitzeko gehienez bost pertsona aritzea baimentzen da, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik.
  • dibertsitate funtzionala dutenen kolektiboei lagatako lursailen kasuan, lursail bakoitzeko gehienez hamar pertsona aritzea baimentzen da —hezitzaileak eta laguntzaileak barne—, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik.

ORDUTEGIAK

Gehienez lau orduz aritu ahal izango da baratzean, egunean.

Urarteko baratzeen kasuan, zabaldu egingo dira irekiera-ordutegia eta tutoretza-ordutegia. Astelehenetik ostegunera, 8:00etatik 19:00etara egongo dira zabalik baratzeak, eta ostiralean, berriz, 8:00etatik 15:00etara. Aparkalekua itxita egongo da, edukieraren kontrolaren inguruko arrazoiak direla eta.

Baratzeko lanean aritzeko bakarrik egongo dira zabalik Zabalortuko eta Lakuakolore baratzeak. Horretan dihardutenak baino ezingo da sartu ekipamendura.

GOMENDIO OROKORRAK

Osasun-agintariek emandako jarraibideak bete beharko dira: segurtasun-distantzia mantendu, lanabesak eta bestelakoak garbitu, eskuak garbitu eta maskarak erabili.

Informazio-kartelak jarriko dira hainbat lekutan, hala nola sarreretan eta etxoletan, eta errespetatu egin beharko dira bertan adierazten diren jarraibideak.

Pertsonaren batek sintomak baditu, ez du baratzera joan behar.

Hiri-baratze ekologikoak

 

Share