Prentsa Oharren banner

Adineko boluntarioek ikastaroak emango dituzte BIZAN sarearen jarduera-programazio berriaren barruan; urritik aurrera, 361 lantegi eskainiko dira

Dagoeneko eman daiteke izena, aurrez aurre, 010 telefonoz edo udalaren webgunearen bitartez

BIZAN sareak —lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalak— 21-22 denboraldirako prestatu duen jarduera-programa urrian abiaraziko da, 361 ikastaro eta 3.907 leku eskainita. Berritasun nagusia lantegi sortzaileak dira: 60 urte edo gehiago duten boluntarioek emango dituzte, haien ezagutzak gainerako herritarrekin partekatzeko.

Lantegi sortzaileak 10 urtetik gorakoentzat izango dira, lantzen den gaiaren arabera. Esate baterako, gazteenak poesiaren txokora joan ahalko dira, eta 60 urtetik gorakoek, berriz, areto-dantzak ikasi edo literatur solasaldi batean parte hartu ahalko dute. Belaunaldien arteko baratzea, yoga hastapenak eta Veneziako maskaren lantegia ere sartzen dira jarduera multzo horretan. Kasu guztietan, irakasleak 60 urtetik gorako pertsonak izango dira, zeinek beren burua eskaini baitute dituzten ezagutzak partekatzeko.

Orobat, San Martineko BIZANeko adinekoek laguntza akademiko eta emozionala eskainiko diete inguruko ikastetxeetako ikasleei. Koroatzeko eta San Prudentzioko BIZANetan, berriz, Konektatu programa garatuko dute, beste pertsona batzuei aukera emateko teknologia berriak baliatuz maite dituzten pertsonekin online konektatzerik izan dezaten.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak nabarmendu du “lantegiak emateko izena eman duten adinekoen eskuzabaltasuna, edo belaunaldien arteko lantegietan laguntzen dutenena, antolaketan eta garapenean esku hartzen baitute. Horretaz gain, beste adin-talde batzuei balioak helaraztea da benetan garrantzitsuena, haientzat eredugarri baitira. Horrela, haiek ere estereotipoei eta adinkeriazko jarrerei aurre egiten diete, eta pertsona gisa duten gaitasuna eta autonomia agerian jartzen”.

Datorren ikasturtean, BIZAN sareak bi ikastaro multzo eskainiko ditu: batean, izen-ematearen hurrenkeraren arabera banatuko dira lekuak (138 ikastaro); bestean, zozketa bidez esleituko dira lekuak (223 ikastaro), irailaren 3an.

Lantegi sortzaileez gain, zozketarik gabeko ikastaro hauek eskainiko dira:

  • Belaunaldien arteko ikastaroak, zeinetan adinekoen taldeek beren ezagutzak eta bizipenak partekatuko baitituzte beste adin batzuetako pertsonekin: familiarteko dantza, ipuin-kontalariak, ahozko tradizioa, etab.
  • 18 urtetik gorako herritarrei irekitako lantegiak, BIZAN sarearen txartela izan beharrik gabe: sare sozialak, artea kaleetan, cardioswing, podcastak, nutrizioa, etab.
  • Erorketen prebentziorako ikastaroak.
  • Gela irekiak: pintura, zura lantzea, mugikorra erabiltzen ikasi, hiri-baratzea, ingelesa, euskaraz bizi, bideo-edizioa…

Zozketa duten ikastaroen artean gai hauek eskaintzen ditu programazio berriak:

  • Hezkuntza-, eskulangintza- eta teknologia-ikastaroak: poesia, zeramika, sukaldaritza, argazkigintza digitala, euskara, ingelesa, informatika, irratia, etab.
  • Zaintza fisiko, kognitibo eta psikologikoarekin zerikusia duten jarduerak: aerobika, abesbatza, suspertze psikosoziala, emozioen kudeaketa, pilates, antzerkia, euskara 55 urtetik gorakoentzat, etab.

Orobat, 75 urtetik gorakoentzako taldeak antolatuko dira BIZAN sarearen 21-22 ikasturterako eskaintzan, haientzat berariaz pentsatutako jarduerak egin ditzaten. Ahulago dauden pertsonen eskaerei erantzungo diete: gimnastika arina, mugimendu eta ariketa arinak, psikomotrizitatea eta suspertze psikosoziala.

Horiek osagarri, badira adinekoek parte hartu dezaketen beste zerbitzu eta programa batzuk, hala nola Piztu zure auzoa edo hirian banatutako 10 osasun-parkeetan egin daitezkeen ariketa saioak.

 

Izen-emateak

Dagoeneko ireki da izena emateko epea zozketa eskatzen duten lantegi eta ikastaroetarako. 010 telefonoaren bidez, www.vitoria-gasteiz.org/bizan udal webgunean edo aurrez aurre egin daiteke, BIZAN sarearen 16 zentroetako batean zein gizarte etxeetako eta kirol instalazioetako herritarrei laguntzeko bulegoetan. Azken kasu horretan, hitzordua eskatu behar da.

Zozketarik behar ez duten jarduerei dagokienez, irailaren 2an hasiko da izena emateko epea.

 

Share