Prentsa Oharren banner

Herritarrek parte hartzeko Hobetuz programak 200 proposamen jaso ditu orain arte

  • Ideiak aurkezteko epea datorren astelehenera arte egongo da irekita, baina dagoeneko aurreko edizioan baino 30 proiektu gehiago ditu Udalak mahai gainean

 

Aurrekontu parte-hartzaileen Gasteiz Hobetuz programak, zeina Udaleko Partaidetzaren eta Gardentasunaren Zerbitzuak sustatzen baitu, 200 proposamen jaso ditu gaur arte. Aurreko edizioaren aldean handitu egin da kopurua, orduan 170 jaso baitziren. Ekainaren 28ra arte (astelehena) jarraituko du zabalik proposamenak aurkezteko epea.

 

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguez:  “Aurtengo edizioa arrakastatsua izaten ari da parte-hartzeari dagokionez, eta oraindik bada ekarpenak egiteko denborarik. Gasteizko bizilagunak dituzten ideiak aurkeztera animatu nahi ditut. Hiria hobetu nahi dugu, haien proposamenak entzunez. Eskaerak gauzatzeko 3 milioi euroko aurrekontua erreserbatu dugu”.

 

Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileak egiteko programa da, eta hari esker herritarrek erabaki dezakete Gasteizko aurrekontuko 3 milioi euro zertara bideratzen diren. Azken batean, zuzeneko demokraziarako tresna da, gasteiztarrek zuzenean erabaki dezaten zertan inbertitu nahi duten udal aurrekontua.

Aurtengo edizioan, maiatzaren 3tik ekainaren 28ra arte aurkez ditzakete proposamenak herritarrek. Proiektuak balioesten direlarik, urriaren 4an argitaratuko dira udalaren webgunean, herritarrek azarotik aurrera gustukoenak aukeratzerik izan dezaten. Bozketak online edo aurrez aurre egin ahalko dira, herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte-etxeetan zein San Antonio kaleko bulegoan), San Martineko bulego teknikoetan, eta, lehen aldiz, adinekoentzako zentro soziokulturaletan.

Aurreko edizioetan bezala, zenbait haztapen-irizpide ezarri dira: belaunaldien arteko bizikidetza, genero-berdintasuna,eta kultura aniztasuna eta/edo dibertsitate funtzionala. Aurten hiru irizpide berri gehitu dira: talde ahulenen gizarte-inklusioa, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, eta arrakala digitala txikitzea.

Hobetuz programak badu beste berritasunik: hiriko haurrek ere parte hartu ahalko dute programan, eta udal aurrekontuko 200.000 euro zertan gastatu erabaki. Gainera, lehen aldiz, aurrekontu osoaren % 20 jarduera-programetara bideratuko da, eta gainerako % 80a inbertsioetara.

 

 

Share