Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 ekaina 2018 13:39

Udalak aurkeztutako proposamenen energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna baloratuko du eta atrakzio berri bat ere jarriko du

Urtaranen gobernuak gaur goizean onetsi du 2018, 2019, 2020 eta 2021eko Andre Maria Zuriaren jaietan Mendizabalean jabari publikoa okupatzeko eta bertan feria atrakzioak eta postuak, denda-ibilgailuak (“food trucks”) zirkua eta tonbolak instalatzeko lizentziak esleitzeko deialdiaren oinarri arautzaileak.

Horrenbestez, honako elementuak izango dira eremuan: 10 atrakzio helduentzat, 14 haurrentzat, 3 mesoi, 4 txurro-denda, ardo goxoa saltzeko 5 etxetxo, janariak saltzeko 7 postu, eta beste 19 postu, non bingoak, saltokiak, tiro-postuak eta makina elektronikoak egongo diren. Gainera bi ‘food truck’ paratuko dira –bata 6 metrokoa eta bestea 7koa- eta alkoholik gabeko edariak saltzeko lau makina. Halaber, zirku bat paratzeko lekua ere izango da. Gainera, 10 metro karratuko espazio bat gordeko da atrakzio berri bat ipintzeko.

Aurtengoan, uztailaren 16tik abuztuaren 14ra bitartean izango da feria Mendizabalean (muntatze eta desmuntatze lanetarako egunak barne). Udalak prezio herrikoien ezarriko ditu, eta nahitaez bete beharko dira. 2018an, uztailaren 26a (osteguna), eta abuztuaren 6ko goiza eta 10a (ostirala) izango dira.

Udal gobernuak gaur goizean onetsi dituen oinarrien arabera, interesatuek planteatuko dituzten proposamen ekonomikoez gain, Udalak beste zenbait alderdi ere baloratuko ditu lizentziak emateko. Esaterako, aurkeztutako atrakzioen berritasuna, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna. “jende orok atrakzio berriez goza ahal dezan nahi dugu, baina baita atrakzio horiek errespeta dezatela gure ingurumena eta izan daitezela inklusiboak”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak. Zaborren kudeaketaren arloak ere berrinkuntzak egongo dira. Zirkuaren zonaldean kartoia, ontziak eta organika jasotzeko edukiontziak ipiniko dira. Gainera, ostalaritza postuei atez-ate jasoko zaie zakar organikoa. Eta tonbolekin lana egingo da boletoen birziklatzea sustatzeko eta urteroko irudia ez errepikatzeko.

Ekainaren 18tik 28ra bitartean aurkeztu behar dira eskabideak udal bulegoetan, eta emaitza uztailaren 11n jakinaraziko da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 abuztua 2017 10:00

 

 

 

 

 

 

 

Alkateak neska gazte batek jasandako sexu-abusua gaitzetsi du, eta herritarrei eskerrak eman dizkie jai-programa ongi garatzen laguntzeagatik, bereziki beirarik gabeko txupinazoan

Zeledon San Migeleko dorrera igo eta 2017ko Andre Maria Zuriaren jaiak amaitu eta ordu gutxitara, alkateak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak balorazioa egin dute. Balantzea zoragarria da, ekitaldi guztietan parte-hartze handia izan da eta ez da gertakari larririk erregistratu”, adierazi du Gorka Urtaranek; orobat, irmo gaitzetsi du neska gazte batek jasandako abusua. Bestetik, jai-programa ongi garatzen herritarrek izandako inplikazioa eskertu du, bereziki beirarik gabeko txupinazoan.

“Begirunez dibertitzen jakitea funtsezkoa da eta, oro har, hala gertatu da jaietan. Gizon eta emakumeen arteko harremanek errespetuan oinarritu behar dute, are gehiago jaietan. Hori dela eta, udal gobernuak erabat gaitzesten ditu hilaren 5eko ordu txikietan emakume bati egindako ukituak. Garbi gera dadila gure gaitzespen erabatekoena sexu-abusu horren aurrean eta gure sostengua eraso duten gazteari; izan ere, horrelako kasuetarako aurreikusitako gizarte eta psikologia arretako baliabide guztiak eskaini zitzaizkion. Udal osoak adierazten dio sostengua erasoa jasan zuen emakumeari, eta irmo adierazten du indarkeria sexuala ezin dela onartu, ez jaietan ez inoiz. Gure hirian ez da erasoentzako lekurik, ez emakumeen ez inoren kontra, haren aukera sexuala dela eta. Gizarte moderno batek, gurea den bezala, ezin du errespetu falta bat bera ere onartu, edozein delarik”, azaldu du alkateak.

Gertaera hori kenduta, Gorka Urtaran oso pozik agertu da jaien garapenarekin, eta herritarrez harro, balantzea ezin hobea izan baita, giro eta parte-hartze handiarekin. Berezi aipatu beharra dago gasteiztarren jarrera Zeledonen jaitsieran zein igoeran beirarik ez erabiltzeko Udalak eman zuen aginduaren aurrean. “Erantzunak ohorezko matrikula merezi du. Zenbakiak ikusi besterik ez dago. 2016an 16.000 beirazko botila bildu ziren Andre Maria Zuriaren plazan, edukiontzietan zein lurrean; aurten, berriz, 300 baino ez zirela izan kalkulatu da, eta jai-esparrutik kanpo geratu ziren, plazara sartu aurretik edukiontzietara bota baitziren”. Nabarmentzekoa da iaz 82 pertsonak behar izan zutela arreta ebakiengatik eta aurten, aldiz, bakarrak. “Segurtasunaren aldeko apustua egin dugu eta erantzuna bikaina izan da”, erantsi du.

Parte-hartzaileek Zeledonekin ere begirunez jokatu zuten oro har, eta alkateak esker ona adierazi die horregatik. Era berean, jaiekin lotura duten sailetako udal langileen dedikazioa eskertu du, bai eta Udalarentzat lan egiten duten kontratetako langileena, denak funtzionatzea ahalbidetzen baitute. “Lan zoragarria egin dute eta haiei esker jaien emaitza bikaina izan da” esan du alkateak; bide batez, Turismo Bulegoak lortutako emaitza onak aipatu ditu, kontsultak % 5,5 igo baitira.

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, berriz, zorionak eman dizkie blusa eta neskei, arlo batzuetan dituzten ezadostasunak ezadostasun, jaiez harmonian eta gatazkarik gabe gozatzen jakin dutelako. “Zorionak ematen dizkiegu horregatik, eta ezadostasunak konpontzen saiatzeko eskatzen, datorren urtean berriro elkarrekin joan daitezen”.

 

DATU NAGUSIAK

Gasteizko Erraldoien eta Buruhandien konpartsaren mendeurrena: Joan den uztailaren 30ean milaka lagunek gozatu ahal izan zuten hiri osoan zehar Arabako, gainerako Euskadiko eta Nafarroako 56 erraldoi nabarmengarrienak.

Jaien pregoia: Abuztuaren 2an, Ainhoa Santamaria aktore gasteiztarrak egin zuen pregoia, eta Gasteiz Big Bandak Sole Gimenezekin batera kontzertua eman zuten; 1.500 pertsona joan ziren.

Zeledonen jaitsiera: 80.000 pertsona elkartu ziren ekitaldian, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian, Loma Jeneralaren plazan, Prado kalean, Aihotz plazan, Mateo Moraza kalean eta inguruetako kaleetan. Zeledonen igoeran ere berriro bete ziren plazak.

Foru plaza: Guztira 58.500 ikusle bertaratu zen eta egunero bete zen plaza: La Raíz (11.500 ikusle), Zea Mays (7.500), ETS (9.500), El Drogas (9.000) Morat (12.000) eta M-Clan (9.000). Azpimarratzekoa da euskaraz bi kontzertu eskaini zirela, ohi baino bat gehiago.

Aihotz plaza: 30.000 pertsona. Azpimarratzekoak euskarazko kontzertuak: Huntza (2.500 lagun), Mikel Urdangarin (1000), Maider Zabalegi (600), Hesian (1.500).

Plaza Berria: 6 orkestra handik jo dute, eta 40.000 pertsonatik gora bildu dira bertan gauez-gau. Gainera, hilaren 5ean 68 dantzari bikote dantzatu ziren (iaz baino hiru gehiago) Udal Txistulari Bandarekin.

Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategia Umore txokoak 20.000 lagunetik gora jaso zituen, besteak beste, Yolanda Ramos, Agustin Jimenez, Maribel Salas, Humberto Gutierrez eta Enrique San Francisco ikusteko.

Abentura gunea, Gargantua eta ekitaldiak Peñafloridako Kondearen plazan: 26.000 lagunetik gora.

Olagibel kalea: 25.000 lagunetik gora egon dira zezensuzkoetan.

Probintzia plaza: 10.000 ikusle hainbat ikuskizunetan.

Foru plaza: Hegaluze eta hanburgesa pintxoetan 2000tik gora banatu ziren, eta jasotako dirua Aefat Aitzina Folk Elkartearen alde erabili da.

 

 

 

 

 

 

PRINCIPAL ANTZOKIA

Andre Maria Zuriaren jaietan berriro ikusle errekorra lortu zen Principal antzokian. Guztira 12.245 ikuslek gozatu dute jaietako zein jaien aurreko programazioaz; batez besteko okupazioa % 86,3koa izan da –azken urteetako errekorra–, eta 6 egunetan bete egin da.

  • “Rumba, el musical de Mayumaná con música de Estopa” uztailaren 27, 28 eta 29an, bost saio 4.920 ikusleekin, asistentzia: % 88.
  • “Prefiero que seamos amigos”, Lolita eta Luis Mottola, asistentzia: % 83, ikusleak: 2389.
  • Luis Merloren “El Test”, asistentzia: % 98, lau saioetatik hirutan leku guztiak bete-beteta, guztira 3.813 ikusleekin.
  • Mariano Peñaren “Obra de Dios”: hiru saio, % 68 eta guztira 1.933 ikusle.

Balantzea oso positiboa da, berriro ere egiaztatzen baita gure hirian antzerkiaren eta udal eskaintzaren osasun ona.

 

IRADIER ARENA

Aurten egin da Iradier Arenan zezenketarik gabeko lehen esperientzia. Kopuruak iazkoen antzekoak dira, bigantxen ikuskizunei dagokienez. Guztira 13.630 lagun izan dira Iradier Arenan, eta 12.131 pertsona joan dira bigantxen sei ekitaldiren batera, eta horietan argi eta garbi arrakasta gehien izan dutenak bigantxak bakarrik izandako goizetako ekitaldiak izan dira (9.282 lagun, aurreko urteetako baino portzentaje askoz ere handiagoa). Iaz sei ekitaldi izan ziren goizeko bigantxekin, eta haietan 13.720 lagun izan ziren. Udal gobernuak positibotzat jo du halako emaitza “esperientzia pilotu delako eta halaxe jaso nahi dugu, bereziki bigantxen demandari dagokionez, kopuruak aurreko urteetan gertatutakoen antzekoak izan arren, batez ere lehen aldiz aspaldiko urteetan Iradier Arenaren jarduera jaietan errentagarria delako bai enpresariarentzat eta baita hirirako ere”, azpimarratu du Estibaliz Cantok.

HERRITARREN SEGURTASUNA

Berriro ere ahalegina egin da Gasteizko herritarrek zein bisitariek jai seguruak bizi izan zitzaten antolatutako ekitaldietan parte hartzen zuten bitartean.

2017an, zehazki, Udaltzaingoak 699 gorabehera erregistratu ditu, eta 1054 esku-hartze; 2016an, berriz, 781 gorabehera eta 991 esku-hartze zenbatu ziren. Erregistratutako gorabeherak % 10 gutxitu  dira 2016. urtearen aldean.

Trafiko istripuen kopurua iazkoaren antzekoa izan da, 45; 2016an 42 izan ziren, eta 2015ean, 40.

Orotara 497 atestatu eta salaketa idatzi dira delitu ezagunengatik, 2016an bezalaxe (493).

Salaketen % 59,5 lapurreta delitu arinengatik aurkeztu da, bereziki diru-zorroen lapurretengatik. Kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira, baina diru-zorroen kopurua 129tik 136ra igo da, eta mugikorrena, 158tik 160ra.

Etxebizitzetako lapurretak handitu egin dira 2017an, 6 kasutatik 12ra. Indarkeria edo larderia erabiliz egindakoak, ordea, gutxitu egin dira, 20tik 13ra.

Familia barruko erasoak eta tratu txarrak eta genero-erasoak gutxitu egin dira, 22tik 19ra; partikularren arteko salaketak ere % 53 gutxitu dira, 17tik 8ra igaro baitira.

Bi polizia kidegoen artean 22 pertsona atxilotu dituzte, eta 29 pertsona ikertzen ari dira.

Ia ez da borroka, liskar eta istiluetan esku hartu behar izan, eta ez da jarduera berezirik erregistratu.

Gauza galduen bulegoan 192 diru-zorro jaso dira, eta zenbait agiri, zeinak pixkanaka jabeei itzultzen ari baitzaizkie (dagoeneko 92 itzuli dira).

Bestetik, 8 esku-hartze zenbatu dira bide publikoan gai sorgorgarriak kontsumitzeagatik, eta bi kalean edateagatik.

ASISTENTZIA BALIABIDEAK

Jaietan 496 pertsonari eman zaie arreta: 278 gizon eta 218 emakume.
Iaz handitu egin zen intoxikazio etilikoengatik egin beharreko asistentzien kopurua; 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan, aldiz, 125 zenbatu dira. Datu kezkagarria bada ere, arreta emandako intoxikazio etilikoen kopurua % 14 jaitsi da. Egoera horretan zeuden adindunen kopuruak adingabeena halako 6 izaten jarraitzen du.
Orobat, 11 pertsona artatu behar izan dira abusuzko beste droga batzuen intoxikazioengatik; hainbat substantzia batera hartu zuten pertsona horiek, hala nola speeda, kokaina, kalamua eta alkohola. Horietako 4 adingabeak ziren.
2017an Zeledonen jaitsierarako beirari buruz indarrean jarritako arau berriari esker, ebakidura bakarra izan zen, eta justura puntu bakarra behar izan zuen.  Horrenbestez, arreta emandakoen kopurua % 78 jaitsi da,  eta ebakidurena, % 98.
Aurreko edizioetan ez bezala, gainera, ez zen intoxikazio etilikoengatiko arretatik eman behar izan, ez adinekoen ezta adindunen artean ere.

 

 

 

 

 

 

GARRAIO PUBLIKOA

2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan beste errekor bat lortu da hiri autobusa erabili duten pertsonen kopuruari dagokionez: 196.035 pertsona guztira, iaz baino % 4,3 gehiago eta 2009an baino ia 80.000 gehiago; horrek argi adierazten du azken urteetan izandako hazkundea.

TUVISAk blusa eta neska taldeentzat berariaz eskaintzen duen garraioak orotara 2.976 erabilera izan ditu, iaz baino gutxiago (4.320), baina zerbitzu berezi horren goranzko joerari eusten zaio —izan ere, aurtengo jaietako erabilera duela hamarkada batekoaren bikoitza da—.

Gaueko zerbitzuak, berriz, 18.766 erabiltzaile izan diru, hau da, iaz baino % 14,6 gutxiago. Azken urteetan, erabilera 16.900 eta 22.000 bidaiari artekoa izan da. Aurten gaueko linea hauek erabili dira gehien: Armentia-Zabalgana ibilbidea egiten duen 3. Gautxoria (gaueko erabileren % 35), Sansomendi-Lakua ibilbidea egiten duen 4. Gautxoria (% 31) eta Lakua-Abetxuku ibilbidea egiten duen 1. Gautxoria (% 14).

 

GARBIKETA ZERBITZUA

Jaietarako antolaketari buruzko behin betiko kopuruak bihar emango dira, baina nabaria da beirarik gabeko txupinazoaren ekimenaren arrakasta. Zeledonen jaitsieran, jai-eremutik kanpoko hamar sarbideetan jarritako 20 edukiontzi berezietara 300 beirazko botila bota zirela kalkulatzen da; iaz, ordea, 16.000 botila jaso ziren plazako edukiontzietakoak eta lurrekoak zenbatuta. Hori dela eta, beira ebaketengatik arreta behar izan zuten pertsonen kopurua nabarmen jaitsi da: iaz 82 izan ziren eta aurten, bakarra.

Jaietako lehenengo egunetan jai-esparru nagusiak oso garbi eduki dira, bereziki suziriaren jaurtiketaren ondorengo antolaketari (66 langile) eta Egunsentiko Arrosarioaren aurreko zerbitzuei (101 langile) esker.

 

 

 

 

 

 

BERDINTASUNARI BURUZKO INFORMAZIO GUNEA

Berdintasun Zerbitzuak informazio gunea jarri zuen abuztuaren 4tik 9ra arte Postetxearen ondoan, indarkeria matxistaren prebentziorako kanpainaren barruan, eta herritarren erantzuna positiboa izan da. Informazioa eta materiala jasotzera hurbildu direnen artean oso harrera ona izan du.

Zapi gorriak eta laukidunak eskatu dira gehien. Zehazki, 1.000 zapi gorri eta 1.000 laukidun banatu dira. 10.000 txapek ere eskaera handia izan dute. Orobat nabarmendu behar da Beldur Barik-en 3.700 gida banatu zirela, eta Gazteria Zerbitzuak argitaratutako “Eta zu, nola moldatzen zara?” komikiaren 5.000 aleak.

Publikoaren tipologiari dagokionez, goizez gehien bat 45 urtetik gorakoa izan da (% 80), batez ere gizonak, eta materialak eskatzen zituzten. Arratsaldez publikoa gaztea izan da nagusiki, eta informazioa eskatu nahi zuten. Aipatzekoa da bakarka zein taldean hurbildu direla gunera. Familia eta gazte talde ugari joan dira informazio-lekura.

 

 

 

 

 

 

 

 

TURISMOA

Andre Maria Zuriaren jaietan % 5,5 handitu da Turismo Bulegoan izandako kontsulten kopurua, iaz 4.352 pertsona izan baitziren eta aurten, 4.592. Egun hauetan ibili da jende gehien: hilaren 9an, asteazkena (1.023 kontsulta); 8an, asteartea (891), eta 4an, ostirala (764).

Estatuko bisitarien jatorriari dagokionez. oro har iazko ehunekoak mantendu dira; leku hauetatik datoz turista gehien: Euskadi (% 23,16), Katalunia (% 20,12), Madril (% 14,03) eta Andaluzia (% 13,6). Kanariar Irletatik etorritako bisitarien kopurua azpimarratu behar da, 2016koaren hirukoitza izan baita: estatuko guztien % 1,31tik % 3,57ra. Forondako aireportuko hegaldi erregularren jarduerari esker Teneriferekin dagoen aire-lotura berriak eragin du hazkundea.

Arrazoi berak azaltzen du Italiatik iritsitako bisiten hazkundea. Nazioartetik etorritako turisten ehunekoa ia ez da aldatu osotasunarekiko: 2016an % 15,8 izan zen eta aurten, % 14,3. Italiatik etorritakoen kopurua, aldiz, % 1,23tik 2017ko jaietako % 2,18ra igaro da. Kanpoko bisitari gehienak Frantziatik datoz: % 6,38.

Hotelen okupazioari dagokionez, gainditu egin da sektoreak hasieran aurreikusitakoa.  Jaien aurretik leku guztien % 70 beteko zela jotzen zuten, baina azken datuen arabera, hotel eta ostatu nagusietan % 85eko okupazioa gainditu dute, eta Katedraleko aterpean leku guztiak bete dira.

 

OSASUN PUBLIKOA

Janarien higienea eta osasuna zaintzeko jarduerak jaietan:

Bide publikoan egindako ekitaldien kontrola: hainbat kontrol egin dira bazkari herrikoietan, dastatzeetan, ganba-jan herrikoian, etab.

Osasun kontrola behin-behineko establezimenduetan:

  • Ferialekuan 16 establezimendu ikuskatu dira: txurro-dendak (4), mesoiak (3), ozpinetako eta gozoki saltokiak (3), izozki-saltokiak (1), patata erreak (2), krepeak (1), kebaba (1), janari furgonetak (1).
  • Txosnak: guztira 11 ikuskapen.

Osasun kontrola establezimendu egonkorretan: 75 ikuskapen erdialdean, zabalgunean eta Alde Zaharrean.

Ostalaritza-establezimenduen higiene eta osasun baldintzak onargarriak ziren oro har, baita bide publikoko ekitaldietan, establezimendu iraunkorretan, ferialekuan eta txosnetan ere.

UDALAREN GIZARTE LARRIALDIETARAKO ZERBITZUAREN TXOSTENA

Profesionalek 204 esku-hartze egin dute, 48 pertsonari arreta emateko. Kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira, 2016an 209 izan baitziren; hala ere, 2015ean baino handiagoa izan da, orduan 175 zenbatu baitziren.

Orotara bertan bizi diren 16 pertsonari eta iragaitzezko 32 pertsonari eman zaie arreta. 2016ko kopuruen aldean jaitsiera nabarmena izan da: 15 gutxiago.

Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuak arreta emandako emakumeen kopuruari dagokionez, 6 izan dira, iaz baino askoz gutxiago (16).

KALEKO HEZIKETARAKO PROGRAMA

Guztira 79 pertsonarekin egin da lan: 44 ohiko taldekoak, eta 35 kanpokoak.

Arreta emandako eta hirian finkatuta dauden pertsonak 44 izan dira, eta batez besteko adina 45 urte: 36 gizon eta 8 emakume.

Iragaitzezkoak 35 izan dira, eta batez besteko adina 42 urte: 32 gizon eta 3 emakume.

Gizonen kasuak % 51 handitu da, baina emakumeenak bere horretan geratu da.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 abuztua 2017 11:51

 

 

 

 

 

Urtaran alkateak “inguruko jairik onenetan dibertsioa eta errespetua eskutik helduta joan daitezkeela erakustera” animatu ditu gasteiztarrak

Zeledonen jaitsieraren 60. urteurrena eta Blusa eta Neska Beteranoen Egunaren 40. urteurrena nabarmentzen dira suziriaren jaurtiketan beirarik izango ez den lehenengo jaietan

Gasteiz azken prestaketak egiten ari da bihartik eta 6 egunez jai  “begirunetsuak, parte-hartzaileak eta urteurren biribilekikoak” bizitzeko. Aurretik dugun astea labur geratuko zaigu aukeraz betetako ekitaldi egitarauari zuku guztia ateratzeko. Andre Maria Zuriaren ohorezko jaiak inoizko distiratsuenak bihurtzera animatzen ditut gasteiztarrak. Duen koloreagatik, gu elkartzeko ahalmenagatik, egun hauetan berdintasuna banderatzat hartzeagatik, blusa eta neskek txoko guztietara eramango duten giroagatik, beste hiri batzuetatik datozkigun bisitarientzat duen gero eta erakarmen handiagoarengatik”, azpimarratu du alkateak; orobat, “edozergatik ospakizunetan gurekin egoterik ez dutenei ere gertutasuna” adierazi die. “Eta egotekoak direnei, gonbit bero-beroa egin” die.

Zeledonen jaitsieraren 60. urteurrena eta Blusa eta Neska Beteranoen Egunaren 40. urteurrena nabarmentzen dira suziriaren jaurtiketan beirarik izango ez den lehenengo jaietan. Izan ere, Udal gobernuaren helburua da bihar arratsaldeko 6etan Zeledoni harrera egitean beirazko botilen erabilera anekdota hutsa izatea. Zehazki, abuztuaren 4an eta 9an, hots, Zeledonen jaitsieran eta igoeran, Udalak ez du Andre Maria Zuriaren plazara beira sartzen utziko. “Segurtasunaren eta iraunkortasuna zaintzen duten alternatibak erabiltzearen aldeko apustua egin dugu, une hunkigarri horietaz berdin gozatzen jarraitu ahal izateko, baina beharrik gabeko arriskurik hartu gabe“, azaldu du alkateak. Bihar Andre Maria Zuriaren plazan sartzeko antolaketa berezia prestatu da, beraz, alkateak garaiz joateko eskatu die herritarrei, pixkanaka sartu ahal izateko.

 

Supermerkatuen lankidetza beirarik gabeko kanpainan

Beirarik gabeko txupinazoa sustatzeko kanpainaren barruan, Udala harremanetan jarri da hiriko zenbait supermerkaturekin, kartelak jar ditzaten. Ekintza honen helburua ontziz aldatzea da, kristalezko botiletatik beirik gabeko ontzietara eramatea.

 

Blusak eta Neskak

Duela 60 urte jaitsi zen lehenengoz Zeledon San Migeleko dorretik, eta Blusa eta Neska Beteranoen Eguna duela 40 urte hasi zen ospatzen. Alkateak adierazi du ziur dagoela jaietan blusa eta nesken taldeek “giro ona jarriko dutela, uztailaren 25ean egin zuten bezala”.

 

Mezuak balkoian

Andre Maria Zuriaren jaien hasierako agertoki nagusian bi pankarta jarriko dira: batean, eraso matxistarik gabeko jaiak bizitzera deituko da; bestean, Zeledonen kantaren euskarazko bertsioa gogoraraziko.

 

Pantaila erraldoia eta txupinazoaren zuzeneko emanaldia

Abuztuaren 4an Zeledonen jaitsiera Andre Maria Zuriaren plaza baino leku lasaiagoan eta familiartean jarraitu nahi duten gasteiztarrek handik metro gutxi batzuetara ikusi ahalko dute, Plaza Berrian, Udalak jartzen duen pantaila erraldoian. Euskatel konpainiak hartuko du bere gain instalazioaren kostua. EITBk zuzenean emango du Zeledonen jaitsiera, eta hirugarren urtez jarraian, bai eta igoera ere.

 

Jarrera matxisten eta homofoboen arbuioa

Alkateak dibertitzeko eta une oro errespetua eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna zaintzeko eskatu du. “Inguruko jairik onenetan dibertsioa eta errespetua eskutik helduta joan daitezke. Gasteiz hiri modernoa eta plurala da, eta jarrera matxista eta homofoboek ez dute lekurik. Gizon eta emakumeen arteko harremanek errespetuan oinarritu behar dute, bereziki, jaietan. Udalak ahaleginak egingo ditu gertaera ezatseginik eta indarkeriazkorik izan ez dadin, eta Berdintasun Zerbitzuak eraso sexistei erakunde erantzuna emateko protokoloa jarriko du abian berriro”, gogorarazi du.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 abuztua 2017 22:09

Ainhoa Santamaría aktore gasteiztarrak 2017ko Andre Maria Zuriaren jaiak disfrutatu eta partekatzeko gonbita egin die gasteiztarrei zein bisitariei, “muga bakarrarekin, besteekiko begirunea”. Espainia plazan egin du jairako gonbita, eta Sole Giménez kantariak eta Gasteiz Big Bandek ere hartu dute parte ekitaldian.

Ainhoa Santamaríak egin du Arabako hiriburuko pregoia; bertan jaioa, duela 16 urtera arte bizi izan zen hirian, eta jaiez ere gozatu ahal izan zuen familiarekin eta gaztetako lagunekin. “Ez dakizue zenbateko harrotasuna eta ardura sentitu nituen pregoia egitea eskaini zidatenean. Asteak daramatzat pregoiarekin amesten, eta amesgaiztoren bat ere izan dut. Galdera ugari pilatu zaizkit. Eta erantzuna burura etorri zaizkidan milaka oroitzapenetan topatu dut”.

Aktoreak Max antzerki saria jaso du berriki, eta umetan familiarekin bizi izan zituen jaiak gogoratu ditu: “ziur aski, bizitzan grina handienaz bizi duzun garaietako bat baita, eta oroitzapen onenak sortzen dizkizuna… Andre Maria Zuriaren jaiak une berezia dira niretzat, maite duzun jendearekin ospatzeko, poza partekatzeko eta ezagun zein ezezagunekin dibertitzeko espazioa, aldentzen gaituena ahazteko eta elkartzen gaituena gogoratzeko lekua, azken hori askoz gehiago eta askoz garrantzitsuagoa baita”. Ainhoa Santamaríak hiriko jaiak bere lanarekin lotu ditu, halaber.

“Aktore batentzat, Andre Maria Zuriaren jaiak habitat ideala dira. Ondo pentsatuz gero, agertoki handia besterik ez dira, emakumezko eta gizonezko aktorez betea, batzuk protagonistak eta beste batzuk bigarren mailakoak, baina horiek ere ezinbestekoak dira ospakizuneko bost egunen ondoren denen txaloak jasotzeko… Jaiak talde lana dira, garatzeko ezinbestekoak diren pertsonaiez beteak. Batzuk lanean eta ahalegin berezia eginez besteok disfrutatu dezagun”.

Ainhoa Santamaríak Gasteizek azken urteetan izan duen eboluzioa aipatu du: “bereziki gustuko dut nire hiria gero eta anitzagoa eta pluralagoa izatea, eta hemen integratu aditza jokatzea bereizi aditzaren ordez”; kultura jarduera eta emakumeen papera ere izan ditu hizpide. “Jaiak kultura dira, eta kulturak jaia izan beharko luke. Nire hiriak kulturarekin lotutako bi emakume aukeratu ditu aurten pregoia egiteko eta suziria jaurtitzeko, eta oso harro nago horretaz… Gozatu egiten dut kultura eskaintza handia eta ekitaldiak (Jazzaldia, Azkena Rock, Magialdia,  Festval edo Antzerki Jaialdia) ikusten, tira, urrunetik jarraitzen… Datozen urteetan antzokiak, zinema-aretoak, dantza eta musika ikuskizunak eta gainerakoak ikuslez beteko ahal dira, gure herrialdean egiten diren ekoizpen zoragarriak bizi eta esperimentatzeko irrikan dauden ikusleez”.

Amaitzeko, pregoilariak parte hartzera animatu ditu entzuleak. “Gasteiztarrak dira Andre Maria Zuriaren jaietako protagonista nagusiak… Jaiaren arima dira, zuen esku baitago beste urte batez hiria pozez eta dibertsioz betetzea”.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 uztaila 2017 13:12

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zeledon, Neska Txiki eta Zeledon Txiki ospetsuak prest dira 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietarako.

Zeledon abuztuaren 4an jaitsiko da, 18:00etan, eta Neska Txiki eta Zeledon Txiki, hilaren 7an, 12:00etan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 uztaila 2017 10:58

Bihar hasiko dira instalatzen Andre Maria Zuriaren jaietako eskulangintza azokako  65 saltokiak Carmelo Bernaola ibilbidean; jaietako espazio hori lekuz aldatu da, azken urteetan azoka egiten zen lekuan, Senda ibilbidean, ehunka urteko zuhaitzetatik adarrak erortzeko arriskua antzeman baita.

Lekua aldatzeaz gain, hobetu egingo da espazioaren diseinua. Saltokiak, bezeroak eta bisitariak eguzkitik babestearren, Gasteizko Udalak erabaki du sarrera bakarreko korridorea instalatzea etxolekiko paralelo. Gauez argiztatuta egongo da, denentzako erosoagoa izan dadin.

Azokak 65 etxola izango ditu, ohi bezala, eta bertako eskulanak  zein leku exotikoetakoak (India, Ekuador, Nepal, Turkia…) erosi ahalko dira. Aurten 91 eskabide aurkeztu dira saltokietako bat hartzeko, 2016an baino bost gehiago; horrek erakusten du badela interesa saltokiak esleitzerakoan artisautza osagaia lehenesten duen azoka horretan parte hartzeko.

Saltzaileen jatorriari dagokionez, 15 saltzaile (% 23) Arabakoak dira, 7 Bizkaikoak, 8 Nafarroakoak, 12 Kataluniakoak eta 10 Madrilekoak; gainerakoak leku hauetatik  etorriko dira: Errioxa (2), Asturias (1), Gaztela eta Leon (2), Aragoi (2), Kantabria (1), Valentziako Erkidegoa (2), Murtzia (1), Extremadura (1) eta Gaztela-Mantxa (1).

Uztailaren 24ko 12:00etan irekiko da azoka, eta abuztuaren 10eko 02:00etan itxiko. Saltokiak goizeko 11:00etan irekiko dira, eta gaueko 3:00etan itxiko, bi salbuespenekin: uztailaren 24an goizeko 12:00etan irekiko da azoka, eta abuztuaren 10an gaueko 02:00etan itxiko da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 uztaila 2017 08:45

Andre Maria Zuriaren Jaiak direla eta, Protokolo eta Erakunde Komunikaziorako Zerbitzuak hau jakinarazten du:

Akreditazioa: jaiei buruzko informazioa emateko, hedabideetako profesionalek (kazetariak, kazetari grafikoak eta teknikariak) urte osoan udal eraikinetan sartzea ahalbidetzen dien akreditazio txartela eduki beharko dute, eta une oro ikusteko moduan eraman.

* Kazetariren batek edo hedabideetako langileren batek akreditaziorik ez badu, edo iraungita badu, vperales@vitoria-gasteiz.org helbidean eskatu beharko du, izen-deiturak, NAN zenbakia (hizkiaz), kargua eta agiri tamainako argazki digitalizatua erantsiz.

Egunak: akreditazio berriak eskatzeko  azken eguna  uztailaren 31 (astelehena) izango da.

– Akreditazioak zerbitzuaren bulegoetan  jaso ahalko dira  –prentsa-aretoaren ondoan–, abuztuaren 3ra (osteguna) arte, goizez bakarrik.

–      Abuztuak 4. San Migel elizako balkoia:

Balkoian lekuak  mugatuak dira, beraz, komunikabideek Protokolo eta Erakunde Komunikaziorako Zerbitzuari jakinarazi beharko diote guztira zenbat profesional (kazetariak,  argazkilariak, kamerak edo soinu teknikariak) izendatu dituzten Zeledonen jaitsieran egoteko.

– Hedabide grafikoek plataforma bat izango dute ekitaldia jarraitzeko, eta komunikabideek seinale banatzailea izango dute, ohiko lekuan.

– Akreditaziorik ez duten kazetariei ez zaie sartzen utziko, eta hedabide bakoitzeko profesional kopurua kontrolatuko da.

–       Abuztuak 7.  Espainia plaza: Zeledon Txikik eta Neska Txikik Espainia plazako agertokitik egingo dute agurra. Hesitutako gune bat prestatuko da kazetarientzat agertokiaren aurrean (zoruan), eta seinale-banatzailea izango dute bertan. Hedabide grafikoek esparru hesitu bat izango dute agertokian. Hedabide bakoitzeko bi argazkilari edo kameralari baino ezingo dira sartu, udal akreditazioa erakutsita, eta ezingo dira handik atera ekitaldia bukatu arte. Ez dute inola ere elkarrizketarik egiterik Zeledon eta Neska Txiki irudikatzen dituzten umeei, ez jaitsieraren aurretik ez Espainia plaza gurutzatzen ari direnean. Elkarrizketak ekitaldia amaitu ostean egingo dira.

Unitate mugikorrak eta prentsa set-ak: jaiek iraun bitartean oinezkoen alderdian sartu ahalko dira, baldin eta pertsonen zirkulazioa eragozten ez badute, baina ibilgailuak behar bezala errotulatuta edo identifikatuta egotea gomendatzen da.  Bake kalearen eta Errege atearen arteko bidegurutzetik baino ez dira sartuko, zamalanetarako ordutegian (7:00etatik 13:00etaraBide publikoan prentsa set-ik jarri nahi bada, hedabideek dagokion baimena eskatu beharko dute, lekua, azalera, espazioa mugatzeko modua eta egunak zehaztuz.

Unitate mugikorrak jartzeko baimenak registro2.policia@vitoria-gasteiz.org helbidean eskatu behar dira; prentsa set-ak jartzeko baimena, mvega@vitoria-gasteiz.org helbidean, baimena tramitatzeko nahikoa denboraz.

Kontzertuak eta musika emanaldiak: kontzertuak edo musika ikuskizunak grabatu nahi badira, bakarrik 10 minutu grabatu ahalko da, eta 3 minutuz eman, hala agintzen baitu Sociedad General de Autores elkarteak. Ikuskizunetako segurtasun zerbitzuak zainduko du hori betetzen den.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 ekaina 2017 13:06

La Raíz, Zea Mays, ETS, El Drogas, Morat eta M-Clanez gain, Aihotz plazan Mikel Urdangarin, Huntza, Hesian eta Maider Zabalegik joko dute Andre Maria Zuriaren jaietan

 

2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan, kontzertu bat gehiago izango da Foru plazan, abuztuaren 9an M-Clan taldeak joko baitu. Gainera, bi kontzertu euskaraz izango dira, Zea Mays eta ETSrenak, eta abuztuaren 8an, plater nagusi gisa, Morat-ek joko du. Horietaz gain, La raíz eta El Drogas arituko dira Foru plazan, eta Mikel Urdangarin, Huntza, Hesian eta Maider Zabalegi Aihotz plazan.

 

Aurten apustu handia egin dugu, gaztelaniazko zein euskarazko musikaren alde, generoen arteko orekaren alde eta musikaren beraren alde. Aurtengo jaietako berritasun nagusia beste kontzertu bat eskaintzea da, uste osoa baitugu pixkanaka aurreko garaietara itzuli behar dugula Andre Maria Zuriaren jaietan, gure jai garrantzitsuenak baitira”, esan du Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

ABUZTUAK 4: LA RAIZ. Talde valentziarrak rocka, ska, reggae-a eta hip hop-a lantzen ditu, dituen lau kantariei esker; musika-oinarri alaia du, taldeko sei musikariek indarrez jotzen dutena. “Guerra al silencio” da haien kantu onena eta itsaskorrena.  La Raíz ska, reggae, rap, fusio eta batez ere rock taldea da, 2006an Gandían (Valentzia) sortua. 2017an emanaldi gutxi emango ditu Espainian, baina Andre Maria Zuriaren jaietan haietaz zuzenean gozatzeko suertea izango dugu. “La hoguera de los continentes” bira urrian bukatuko da, Madrileko Vistalegre jauregian, eta bertan DVD bat grabatuko  dute zuzenean.

 

ABUZTUAK 5: ZEA MAYS. Foru plazan euskaraz eskainiko diren kontzertuetako lehena; Bizkaiko rock bandak 20 urte bete ditu aurten.  Zea Mays-ek garai berrietara egokitzen jakin du, eta aldi berean oinak lurrean izaten; hizkuntza mugen gainetik publiko zabalagoarengana iristea lortu du, eta nota onez gainditu du edozein artistarentzat erronka handia dena: entzule berriak lortzea gazteenak erakarriz.

 

ABUZTUAK 6: E.T.S. (EN TOL SARMIENTO)

Arabako Errioxako ska bandaren kontzertu berezia, zuzenean grabatuko dena. Ekorako (Arabako Errioxa) hiru gaztetxok sortu zuten En Tol Sarmiento taldea, 2005ean. Kaotiko, La Polla Récords, Kortatu, Piperrak, Boikot, Reincidentes eta antzeko taldeen eraginez,  punk-rock kantuen bertsioak egiten hasi ziren. Hilabete gutxi batzuen buruan hasi ziren abesti propioak sortzen. 2006tik 2009ra bitartean beste bi kide gehitu zitzaizkien, tronboia eta tronpeta, eta harrezkero haien ikurra izango zen generoa lantzen hasi ziren: ska. En Tol Sarmiento taldeak lau disko atera ditu orain arte, eta abuztuaren 6an zuzenean grabatuko du Foru plazako kontzertua: musika ibilbidearen laburpena egingo dute eta jai handia eskainiko, lankidetza eta ustekabez betea.

ABUZTUAK 7: EL DROGAS. Rock and roll kontzertua, estatuko panoramako bakarlari beteranoetariko baten eskutik. Enrique Villarreal, Iruñeko Txantrea auzokoa, “El Drogas” ezizenez ezagunagoa, hogeita hamar urtez Barricada rock taldeko kantaria eta baxu-jotzailea izateagatik da ezaguna. Banda utzi ondoren, Txarrena eta La venganza de la abuela proiektuak sortu zituen, eta azkenean bere izena daraman banda osatu zuen. Zazpi musikarirekin etorriko da Gasteizera.

ABUZTUAK 8: MORAT. Banda gazte hori da 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietako plater nagusia, magiaren, talentuaren eta buruaren jabe baitira. Lau kolonbiarrek osatzen dute, batez beste 22 urte dutenak: Juan Pablo Isaza, gitarra eta ahotsa; Juan Pablo Villamil, gitarra, baxua eta ahotsa; Martín Vargas, perkusioa eta koroak, eta Simón Vargas, baxua eta koroak. 2016an grabatu zuten lehen diskoa, Sobre el amor y sus efectos secundarios, “Cómo te atreves” kantu ospetsua barne duena; arlo digitaleko platinozko bosgarren diskoa lortu du horrek, eta bideoak 65 milioi bistaratze izan ditu.

 

ABUZTUAK 9: M-CLAN. Kontzertu nagusien arteko bigarrena, eta lehenengo aldiz kontzertuen amaiera abuztuaren 9an egiten den eguna. Murtziako taldea estatuko rockaren klasikoa da duela 25 urtetik. Banda 1993ko martxoan sortu zen, Carlos Tarquek eta Ricardo Ruipérezek —artean beste talde batzuetan jotzen zuten— elkar ezagutu eta bat egitea erabaki zutenean; beste musikari batzuei deitu eta M-Clan osatu zuten. Instrumentazio akustikoagoak hala folk amerikarraren sustraietara nola rock soinu klasikoetara hurbiltzen ditu, eta country rockeko talde handiak eta 70eko hamarkadako ahots harmoniak freskotasunez omentzen dituzte.
Aihotz plaza

Aihotz plazan, euskarazko lau kontzertu izango dira, kalitatekoak:  Mikel Urdangarin, Hesian, Huntza eta Maider Zabalegi.

 

ABUZTUAK 5: HUNTZA. Bilbon elkar ezagutu zuten Gipuzkoako hainbat herritako sei lagunek osatzen dute taldea. 2016ko martxoan egin ziren ezagun, “Harro gaude” abestiari esker, agertoki batera igotzeko pausoa eman zuten emakumeak omentzeko sortu baitzuten.

 

ABUZTUAK 6: MIKEL URDANGARIN. Eskutik Eskura (2017) diskoa grabatu duen 14.a da; Elkar etxeak atera du, eta Koldo Uriarte, Jon Cañaveras, Ángel Celada, Rafa Rueda eta Nika Bitchiasvili izan ditu lagun. Mikel Urdangarinek ez du aurkezpenik behar, lehen lanetatik —Haitzetan (1997) eta Badira hiru aste (1998)— konektatu baitzuen euskal publikoarekin.

 

ABUZTUAK 7: MAIDER ZABALEGI. Betidanik musikarekin lotura izan duen abeslariak udaberri honetan grabatu du bakarkako lehen diskoa: Zuei. Alaitz Telletxearekin lortutako arrakasta handitik 20 urtera, bakarkako lehen lana aurkeztuko du, musikari talde bikainak lagunduta. Kolorez eta sentiberatasunez betetako hamar kantu, maitasuna eta askatasuna hizpide dutenak.

 

ABUZTUAK 8: HESIAN. Hamargarren urteurrenarekin batera argitaratuko dute zazpigarren diskoa, haien izen berekoa. Bederatzi kantuk osatuko dute: zazpi berri gehi  “Behar zaitut” eta “Ezin ahaztu” abestien bertsioak.

 

 

Share