Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 ekaina 2017 11:18

Gorka Urtaranek hitzaldi bat emango du European Green Week ekitaldiaren barruan, zeinean 2019ko Europako Hiriburu Berdea aukeratuko baitute

 Gasteizko alkate Gorka Urtaranek European Green Week jardunaldien amaiera ofizialean hartuko du parte bihar, Essen-en (2017ko Green Capital), bai eta 2019ko Europako Hiriburu Berdea hautatzeko zeremonian ere. Alkateaz gain, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko Iraunkortasunerako Informazio eta Berrikuntza Arloko buru Juan Carlos Escuderok ordezkatuko du Gasteizko Udala bi ekitaldi horietan.

Gorka Urtaran alkateak hitzaldi bat emango du European Green Week-en barruan, Ingurumeneko europar komisario Karmenu Vellak lagunduta. 2012an European Green Capital izendatu zutenetik bost urte igaro direla eta, Gasteizko alkateak iraunkortasunaren hiru dimentsioak (ingurumena, gizartea eta ekonomia) kontuan hartuta hiri iraunkorragoa izateko xedez Arabako hiriburuan ezarritako eredua azalduko du Essenen. Gorka Urtaranek izendapenetik Gasteizek izandako bilakaera aztertuko du, beti ere helburu batekin: “etorkizun iraunkorrago baterantz aurrera egiten jarraitzea, karbonoari dagokionez hiri neutroa sustatuz eta berotegi-efektuko gasen eta klima aldaketaren kontra borrokatuz”. Ildo horretatik, Gasteizen arlo “berdean” garatzen ari diren proiektu izarretako batzuk gogoraraziko ditu alkateak, hiri-azpiegitura berdearen aldeko apustutik —“biztanle bakoitzeko 42 metro koadro berdegune duen hiri batean”Gorka Urtaranek aipatu duenez— mugikortasun iraunkorreraino —joan-etorri aktiboak nabarmen hazi eta zenbait proiektu aurreratu dituelarik, hala nola tranbiaren luzapena eta BRTa—, turismo iraunkorra eta pobreziaren kontrako borroka barne.

Ekitaldi horrek, gainera, hasiera emango die Gasteiz European Green Capital izendatu zuteneko bosgarren urteurrena ospatzeko jarduerei. “Etorkizuna iraunkortasunaren ikuspegitik diseinatzen jarraitu nahi dugu, tokiko gobernuok aurre egin beharreko erronka garrantzitsuenetako bat baita. Funtsean, argi dugulako ‘green’ izatea ez dela kolore batekoa izatea, ez eta berdegune asko edukitzea ere. Autoatseginkeriatik urrun, aurrerago jo nahi dugu“, esan du alkateak. Hain zuzen ere, Gasteizek bost urte hauetan ingurumenaren ikuspegitik izan duen eboluzioa ebaluatuko da, eta hausnarketa prozesu bati ekingo zaio kolektiboekin, gizarte-eragileekin eta alderdi politikoekin batera, hiriak European Green Capital den aldetik hartu behar duen bidea definitzeko. Alkateak azaldu duenez, “hausnartzeko, etorkizunerako erronkak definitzeko eta orain arte egindako lana nabarmentzeko” balioko du horrek. Programazioa ‘Green Capital +5’ deituko da, eta oraindik ez da edukia zehaztu.

 

 

 

 

 

 

 

Share