Prentsa Oharren banner

2020-21 ikasturtean 24.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte ‘Gasteiz Hiri Hezitzailea programan’

Ahultasun handieneko egoeran dauden ikastetxe gehiagok hartu dute parte, eta eskabideen % 22,35era iritsi dira

 

24.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte 2020-21 ikasturtean ‘Gasteiz Hiri Hezitzailea programan’ proposatutako jardueretan ; guztira udalaren 23 sail eta zerbitzuk antolatu dituzte, Hezkuntza Zerbitzuak koordinaturik.

Orotara 212 jarduera eskaini dira, COVID-19ak sortutako egoera sozio-sanitarioari egokitzeko ahalegin handia egin delarik. “Eskerrak eman nahi dizkiot hezkuntza-komunitateari, haien ahaleginari esker egin ahal izan baitira jarduerak aurreikusita zegoen moduan“, azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Cantok gogorarazi du udalaren eskaintzaren berrikuntza nagusietako bat izan dela ahultasun-egoera handienean dauden ikastetxeen eskabideei lehentasunez erantzutea, hezkuntza-ekitate eta gizarte-kohesio handiagoak lortzearren. “Aurreko ikasturteetan partaidetzaren analisi xehea egin genuen, eta gainerako ikastetxeek baino gutxiago hartzen zutela parte ondorioztatu genuen. 2020-2021 ikasturtean, berriz, zenbait neurri jarri genuen abian, eta ikastetxe horien eskabideen kopurua nabarmen handitu da, guztien % 22,35 izateraino“, azpimarratu du.

Udalaren hezkuntza-eskaintzan hiriko ia ikastetxe guztietako ikasleek hartu dute parte. Eskabideen % 65,65ean jarduera euskaraz egitea eskatu da; % 10,47ean bi hizkuntzetan, eta % 25,16an, gaztelaniaz.

Programa kudeatzeaz gain, Hezkuntza Zerbitzuak zenbait programa kudeatu eta eskaintzen ditu.

 

IKASTETXEENTZAKO JARDUERAK

Batetik, ikastetxeei zuzendutako jarduerak ditugu: ‘Musika adierazpena’, ibilbide historiko-artistikoak, eta informazioari eta komunikazioari buruzko ‘Gasteiztxo’ programa. Hiru programa horietan 842 taldek hartu dute parte, 23.430 pertsonak guztira; % 72,88k euskaraz egin dituzte programak, eta  % 27,12k, gaztelaniaz. Ahultasun-egoera handienean dauden ikastetxeek egin dituzte eskabideen % 26,51.

 

‘Musika adierazpena’

Horren barruan, hiriko zenbait musika-taldek kontzertu pedagogikoak eskaintzen dituzte. Hiru ataletan banatzen da: ‘Musikarekin jolasean’, ‘Notak Eskolan’ eta ‘Hau ezaguna zait’. Eskaintza osatzeko, ‘Jazz uhinak hirian barrena’ programa eskaini zen. Programa horretan guztira 323 taldek hartu dute parte, 10.744 pertsonak orotara.

 

Ibilbide historiko-artistikoak

Berariazko dinamika eta edukiak dituzten ibilbideak dira, hiria hobeto ezagutzearren: ‘Erdi Aroko Gasteiz’, ‘Gasteiz neoklasikoa’, ‘XIX. mendeko Zabalgunea’, ‘Artxiboak ezagutzea’, ‘Idazketa eta idatzitakoa’, ‘San Pedro eliza’, ‘Udala eta Santa Maria katedrala’ eta beste.

Bereziki nabarmendu nahi dugu ‘Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen’ ibilbidea, zeinaren helburua baita emakumeek Gasteizko historiari eginiko ekarpena aitortu eta ikusaraztea, garai bakoitzeko politikan, gizartean, artean, eta ekonomian izan zuten partaidetza testuinguruan jarriz“, azaldu du zinegotziak. Programa horretan guztira 350 taldek hartu dute parte, 7.936 pertsonak orotara.

 

‘Gasteiztxo’

Informazioari eta komunikazioari buruzko ‘Gasteiztxo’ programaren bidez, komunikazio hedabideak (internet, irrati, prentsa, telebista eta publizitatea) gaitzat dituen prestakuntza-prozesua proposatzen zaie Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko ikasleei. Metodologiaren oinarria esperimentazioa eta lantegiak dira; lantegiak Frai Zacarias udal eraikinean egiten dira, bertan baliabide tekniko ugari baitituzte, irrati-estudioa eta grabazio-platoa barne. Ikasturte honetan  169 taldek hartu dute programan, 4.750 pertsonak orotara.

 

FAMILIEI ZUZENDUTAKO PROGRAMAK

Bestetik, hiriko ikastetxeetan seme-alabak dituzten familientzako programak ditugu; horien artean daude informazio- eta komunikazio-teknologiei buruzko prestakuntza-programa, guraso elkarteei laguntza eta erraztasunak emateko programa, eta guraso-eskolak.

 

Informazio- eta komunikazio-teknologiei buruzko prestakuntza-programa

2020-2021 ikasturtean zehar, ahultasun egoera handieneko zenbait ikastetxetan gaitasun digitalei buruzko prestakuntza eskaini zaie familiei, eskolako eta hezkuntza-eremuko erabilerari begira. Sartu Araba elkartearen laguntza baliatu da horretarako, Saregune proiektuaren bitartez, jarduera egin ahal izateko instalazioak eta informatika-ekipamendu nahikoa baititu. Prestakuntza 2020ko azaroaren 9an hasi zen, eta 2021eko otsailaren 26an amaitu.

Hainbat prestakuntza-modulu diseinatu ziren antzemandako edo planteatutako premien arabera, eta ikastetxeetako irakasle eta zuzendariekin koordinatuta. Prestakuntza-modulu bakoitzari buruzko “informazio-pilulak” ere landu ziren, parte-hartzaileei material osagarria eskaintzeko.

Orotara, 22 ikastaro eskaini ziren (162 ordu), eta 10 ikastetxetako 123 pertsonak hartu dute parte. Ekimena positibotzat jo da, eta 2021-2022 ikasturtean familiei berriro prestakuntza digitala berriro eskaintzea lantzen ari da.

 

Guraso elkarteei laguntza eta erraztasunak emateko programa

Probarako proposamen hori Gasteizko ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteei zuzendu zaie, baita guraso-elkarte aktiborik ez dutelarik hori osatu eta garatu nahi dutenei ere. Programaren erronka nagusietako bat familiek hezkuntza-komunitatean parte har dezaten sustatzea zen, eta informatzen eta prestatzen laguntzea, haien premia eta interesak kontuan hartuz“, azaldu du Cantok.

Ekimen hori hiru ikastetxetan garatu dugu, 2020ko azarotik 2021eko ekainera bitartean, eta batez beste 15 saio egin dira ikastetxe bakoitzean. Ekimena positibotzat jo denez, 2021-2022 ikasturtean ere antolatuko dugu”, erantsi du.

 

Guraso eskolak

Guraso eskolen programa prestakuntza- eta ikasketa-proiektu komun batean parte hartu nahi duten helduei zuzentzen zaie.
2020-2021 ikasturtean 42 taldek hartu dute parte, aurrez aurre zein online.

Gasteizko 30 ikastetxetan eta titulartasun publikoko 6 haur-eskoletan osatu dira taldeak. Orotara 462 pertsonak eman dute izena, eta horien % 85 emakumeak izan dira. 452 saio eskaini dira, eta 689 ordu.

Horretaz gain, 2021eko martxoaren 13an Gasteizko Guraso Eskolen XXV. Topaketa egin zen, “Zaintzaren esperientzia: ikasketa morala” gaiaren inguruan, Carolina del Olmoren parte hartzeaz. Europa biltzar-jauregian bertan eta online jarraitu ahal izan zen hitzaldia.

Azkenik, Hezkuntza eta Kultura zinegotziak etorkizunaz hitz egin du. “2021-2022 ikasturteko hezkuntza-eskaintza koordinatzen ari gara. Ahultasun-egoera handieneko ikastetxeei lehentasuna ematen jarraitu nahi dugu, eta zenbait ekintza garatuko ditugu  ikastetxeetan eta hezkuntza-komunitateetan proiektuarekiko konpromiso handiagoa lortzearren eta hura zabaltzearren”.

Share