Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 urtarrila 2020 13:36

 

 

 

 

 

 

 

Arabako hiriburua IFEMAn egiten ari den Turismo Azokaren erakusleiho itzela aprobetxatzen ari da, nazioartean iraungarritasunaren alorreko ikono gisa duen ospea berresteko. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak Gasteizek Biosphere turismo-helmuga gisa dituen dohainak aurkeztu ditu gaur zigiluak azokan duen standean.

Gasteizek 2016tik dauka Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria. UNESCOk babesturik 1995ean egindako Turismo Iraunkorraren Mundu Konferentzian sortu zen estandar horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio Arabako hiriburuari nazioarteko turismoaren merkatuan, eta elementu bereizgarria da, gero eta kontzientziazio handiagoa duen bisitaria erakartzeko.

Aurkezpenean, Etxebarriak Gasteizek ingurumenarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin duen konpromisoa azpimarratu ditu: “Iraungarritasunak arlo guztietan dituen inplikazioak ulertzen Espainiako lehen hirietakoa izan ginen, baita arlo turistikoan ere. Eta orain ez gara soilik hiri berde bat, baizik eta benetan iraungarria izan nahi duen eta norabide egokien urratsak ematen dituen hiria, turismoaren sektorea inplikatuz, eta besoak irekitzen dizkielarik bisitari kontziente eta izadiaren babesarekin kontzientziatuenei”.

Horrez gain, Gasteiz ‘Biosphere Destinations Community’ko kidea da, hots, klub batekoa zeinetako helmugen iraungarritasuna UNESCOk eta TMEk babestutako konferentzietan globalki adostutako irizpideen bidez bermatzen den. ‘Biosphere Destination’ helmugek Nazio Batuen Erakundeko Garapen Iraunkorreko 17 Helburuei eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioari egiten dieten ekarpenaren neurketa integrala egiten dute, Turismo Iraunkorraren Gutunean adierazitako zuzentarauen bidez.

Arabako hiriburuak Turismo-Helmuga Adimentsu gisa aurkeztu du bere burua

Horrez gain, Gasteizek txosten-diagnostiko bat egingo duela iragarri du gaur goizean, zenaren helburua hiria aztertzea eta Turismo-Helmuga Adimentsua zigilua lortzeko asmoz eman behar dituen urratsak zehaztea den. Gasteiz Basquetourren (Turismoaren Euskal Agentziaren) eta Segitturren (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren mendeko sozietatea da, Espainiako turismoaren alorrean berrikuntza (I+G+b) sustatzeaz arduraduna) eskutik arituko da lanean.

Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek Turismo-Helmuga Adimentsuen sarera atxikitzeak Gasteizentzako aukera dela azpimarratu du. “Gasteizek helmuga turistiko gisa duen erakargarritasuna sustatzeko asmoz, berrikuntzaren bidetik jarraitu behar dugu, abangoardiako azpiegitura teknologikoak finkatzen, herritarrentzat zein bisitarientzat erraz erabiltzekoa eta lagungarria izango direnak, bisitariaren inguruarekiko interakzioa eta integrazioa hobetuko duena, bai eta helmugan izango duen esperientziaren kalitatea ere, aldi berean bertan bizi direnen bizi-kalitatea ere hobetzen delarik”.

Iragarri berri da Gasteizen hautagaitza, baina sarera atxikitako beste hiri batzuen berrikuntza neurtzeko adierazleen artean ondoko hauek daude, besteak beste: turismo-bulegoetako edo gune turistikoki interesgarrietako wifi sareen konektibitatea, bisitarien eskariak eta tokiko enpresarien gogobetetasun-maila ezagutzeko inkestak egitea, helmugetako web-atarien funtzionamenduaren neurketa, sare sozialen interakzioaren kalitatea, baliabide turistikoen edo gune interesgarrien online geolokalizazioa, aplikazio mugikor propioak ezartzea, edo marketinaren eta online posizionamenduaren hobekuntza.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urtarrila 2020 18:13

 

  • Udaleko Turismo arduradun Maider Etxebarriak BHrekiko proiektua aurkeztu du, Euskadik IFEMA feria-lekuan jarri duen standean.

Araba helmuga ezin hobea da zikloturismoa praktikatzeko eta era askotako bizikleta-bidaiak egiteko. Halaxe azaldu du Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak Fitur turismo azokan, zeina Madrilen egiten ari baita egunotan.

Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handiak dituen alde onak aletu ditu Etxebarriak, Grupo BH enpresako zuzendari nagusi José Antonio Gómez Damborenearekin batera, Euskadik IFEMA feria-lekuan duen standean.

“Lurralde aproposa dugu: bertako orografia erraza da; zidor eta errepide sareko trafikoaren intentsitatea, txikia, eta askotariko natura eta kultura baliabideak bisitatu daitezke. Horretaz gain, Gasteiz eta bertako ondare eta kultura harribitxi guztiak ongi konektatuta daude Arabako gainerako aldeekin“, adierazi du Etxebarriak aurkezpenean. “Proiektu honek mugikortasun iraunkorraren alde egiten du, eta lurraldea egituratzen, hiriburuarekin konektatuz; hiriburuak, gainera, turismo-helmuga iraunkorraren Biosphere zigilua du”.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak sustatu du Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handia, zeinak zikloturismoa eta natura eta familia turismoa batzen baititu. 2018an hasi zen proiektu lantzen zenbait eragileren artean: Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Arabako Foru Aldundia, Ataria eta BH bikes enpresa. Azken horrek 10 bizikleta elektriko laga ditu ibilbidea egiteko. Ataria zentrotik abiatzen da, non aholkularitza eskaintzen baita, eta ibilgailuak alokatzeko aukera. Asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Prezioa, alokairuko hiru orduengatik 12 euro eta egun osoagatik 22 euro bitartekoa da, eta bizikletak ere hainbat egunetan erabil daitezke. Atariara zuzenean joateko aukera dagoen arren, bizikletak aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen da,  Capital Bikes enpresara deituz (telefonoa: 635360181).

Ibilbidea 112 km luze da, eta 800 metroko desnibel positiboa du. Bizpahiru egunetan egin daiteke. Bidea erraza da, desnibelik eta zailtasun tekniko handirik gabe; beraz, bizikleta mota ezberdinez egin daiteke: hibridoak, legarrerakoak, MTB, etab.

Besteak beste, baliabide turistiko hauek bisitatu daitezke ibilbidean: Ataria eta Eraztun Berdea, Garaioko parkea —bertako bainuguneak bandera urdina du—, Mendixurreko hegazti-behatokia, Aguraingo hirigune historikoa, Alaitza eta Gazeoko pintura gotikoak eta Estibalizko Andre Mariaren basilika erromanikoa. Gasteiz hiriaren eta ibilbideak zeharkatzen dituen nekazaritza eremuen arteko lotura, bestalde, bikaina da errepidez zein trenez, eta erraz eta azkar irits daiteke edozein lekutara.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urtarrila 2020 10:55

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Erakundeek zinema eta telebistako profesional arabarrak bilduko dituzte lehen aldiz, haien lana eskertu eta probintziaren erakargarriak zabaltzera animatzeko

  • Lurraldeak zigilu berdea, enogastronomia, ondarea eta ekitaldiak baliatuko ditu promoziorako

Gasteizek eta Arabak bertako erakargarri turistikoak zabaltzeko “enbaxadore” berriak izendatuko dituzte; hiriburuaren zigilu berdea baliatuko dute, Munduko Hiri Berdea izendatu baitute, eta kirol helmuga gisa agertuko dira. Horiek izango dira lurraldeak Fiturrera eramango dituen amuetako batzuk; alorreko estatuko feria nagusia hil honetako 22tik 26ra bitartean egingo da.

Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko Turismo arduradun nagusi Maider Etxebarria eta Cristina Gonzálezek aurkeztu dute hiriak eta lurraldeak nazioarteko azokara eramango duten eskaintza. Bi erakundeek estrategia komuna baliatzea erabaki dute, eta proposamenak elkarrekin aurkeztea, “erakundeen arteko lankidetzaren eredu” gisa.

2020ko Fiturrerako enbaxadore turistikoen figura berreskuratuko da —bi urtetan ez da horrelakorik izan—: Gasteiz eta Araba zuzenean ezagutzen dituzten eta telebistarekin lotuta dauden profesional ospetsuak dira, lurraldea maite dutenak eta bertako ondarea, natura eta gastronomia estatuan ezagutarazten dituztenak.

Aurten formatu berrituaz itzuliko da “enbaxadoreen” izendapena. Batetik, Gasteizek eta Arabak ikus-entzunezkoen alorreko pertsona ezagunen laguntza izango dute berriro, FesTVal jaialdiaren eskutik, eta horiek Jon Sistiaga, Roberto Brasero eta Sandra Golpe kazetarien lekukoa hartuko dute. Urtarrilaren 23an jakingo da nortzuk diren mandatari turistiko berriak, Euskadiren standean.

Horretaz gain, Udalak eta Foru Aldundiak ekitaldi bat antolatuko dute Madrilen bizi diren zinema eta telebistako profesional arabarrek egunero egiten duten promozio lana aitortzeko eta, bide batez, Araba ezagutarazten lagunduko duten sinergiak sortzeko.

“Urtarrilaren 22an, asteazkena, ekitaldi informal bat antolatuko dugu haien lana eta gure lurrarekiko konpromisoa aitortzeko, gure preskriptore onenak baitira. Orobat, harremanak estutu eta gerora Gasteiz eta Araba ezagutarazteko proiektuak ekar ditzaketen ideiak sustatu nahi ditu topaketak”, azaldu du Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek.

Lehen alkateordeak erantsi du Fitur aparteko foroa dela “sektorearen azken joerak ezagutzeko eta kontaktuak egiteko ahalik eta gehien aprobetxatzeko”, eta profesionalen topaketa “urrezko aukera” izango dela iritziak partekatu eta pertsona horien lana eskertzeko. “Modu sinbolikoan, Araba eta Gasteizko enbaxadore direla egiaztatzen duen txartela emango diegu”.

“Detailetxo bat izango da, beren lurraz harro agertzen eta gure harribitxiak ezagutarazten jarraitzera animatzeko, Santa Maria katedraletik hasita Gatz Haraneraino, Azkena Rock eta jazz jaialdiak, Andre Maria Zuriaren jaiak edo Arabako Errioxako ardoak barne”, gehitu du.

Eskaintza integrala

Foru Aldundiak Fiturren bozgorailua baliatuko du jarduera eta esperientziekin lotutako turismo proposamen berriak aurkezteko. Horien artean, Araba kirol helmuga gisa promozionatzeko material berria: 50 orrialdeko katalogo osoa, lurraldean praktikatu daitezkeen kirolak eta aire zabaleko jarduerak biltzen dituena.

“Arabarrok DNAn daramagu kirola, eta bisitariei agertoki ezin hobea eskaintzen diegu xendazaletasuna, txirrindularitza, eskalada, parapentea, padelsurfa, windsurfa, igeriketa eta abar praktikatzeko. Gainera, lehen mailako probak antolatzen ditugu, milaka bisitari erakartzen dutenak urtero”, azpimarratu du Cristina Gonzálezek.

Katalogoak kirol proba herrikoi nagusiak eta turismo aktiboko zentro eta enpresak biltzen dituen direktorioa dakar, baita promozio bideo bat ere.

Fiturren bertan plazaratuko dira Arabako eskaintza osatzen duten gainerako proposamen berritzaileak; horretaz gain, azken urteetan koadrilekin batera landutako produktuak (familia turismoa, Erdi Aroko ibilbideak, motorrentzako ibilbideak, galbideko ibilbideak, autokarabana turismoa, etab.), Arabako Errioxako eskaintza enoturistikoa eta natura turismoa aurkeztuko dira.

Etxebarriak, berriz, Fiturren “erakusleiho handia” Gasteiz iraunkortasunaren ikono gisa agerrarazteko baliatuko dutela azaldu du. Alkateordeak Biosphere turismo helmuga gisa aurkeztuko du Arabako hiriburua, zigilu horrek ferian duen standean. Izan ere, Gasteizek Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria du2016. urteaz geroztik, zeinak turismo helmuga iraunkorra dela egiaztatzen baitu. UNESCOk babesturik 1995ean egindako Turismo Jasangarriaren Mundu Konferentzian sortu zen estandar horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio Gasteizi nazioarteko turismoaren merkatuan, eta elementu bereizgarria da, gero eta kontzientziazio handiagoa duen bisitaria erakartzeko.

Arabako hiriburuak, halaber, baliabide gastronomikoak eta profesionalen topaketak eta ekitaldiak hartzeko duen gaitasuna salduko ditu, eta turismo helmuga adimentsua bihurtzeko Basquetour eta Segittur-en eskutik lantzekoak diren diagnosi-txostena eta ekintza plana iragarriko ditu; Segittur Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioaren mendeko sozietatea da, Turismoko Estatu Idazkaritzari atxikia, eta Espainiako turismoaren alorrean berrikuntza (I+G+b) sustatzeaz arduratzen da. Turismo helmuga adimentsuek informazioaren teknologien erabilera sustatzen dute, eta komunikazioa bisitari eta herritarren zerbitzura jartzen.

Aldi berean, familientzako eta maskotentzako turismoa erakartzeko lekutzat aurkeztuko da Gasteiz. “Paseatzeko hiri erosoa gara, plurala eta ñabardurez betea. Udalak lanean jarraituko du sektorea pozik egon dadin, turismoak aberastasun ekonomikoa eta kulturala baitakar. Gure helburuetako bat ekitaldiak eta biltzarrak urte osoan banatzea da, hotelen okupazioa erregularragoa izan dadin. Ez dugu ahaztu behar biltzarrekin lotutako turistek ematen dutela gau gehien hirian”, azaldu du.

Bideo Fitur

Share