Prentsa Oharren banner

Gasteizko 2021eko Inauterietako desfileak bertan behera geratu dira

Udalak gaur arratsaldean jakinarazi die konpartsei erabakia

 

Osasun krisialdia dela eta, Gasteizko 2021eko Inauterietako desfileak bertan behera geratu dira. Udalak gaur arratsaldean egindako bileran jakinarazi die hiriko konpartsei erabakia.

Inauterietako desfileetan milaka pertsona bildu ohi dira Arabako hiriburuko erdialdeko kaleetan, baina oraingo egoeran horrelakoak saihestu beharra dago, herritarren segurtasuna bermatzeko.

2020an, 7.162 pertsonak hartu zuten parte desfileetan, 26 konpartsatan banatuta.

“Pandemiak gure ekitaldi herrikoienetako bat bertan behera uztera behartu gaitu; atsekabetuta gaude, baina oraingo egoeran horixe da komenigarriena. Neurri hau hartuta, kalean jendetza biltzea eragotzi nahi dugu, pertsonen osasuna babestea baita gure lehentasuna. 2022an inoiz baino ilusio handiagoz egingo ditugu Gasteizko Inauterietako desfileak”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Konpartsen lana eskertu nahi dut, haiek gabe ezinezkoa bailitzateke gure hirian Inauteriak egitea. Gaur jakinarazi diegun erabakiak horietan parte hartzen duten kideak babestea du helburutzat, iaz 7.000 pertsonatik gora izan baitziren. Dituzten ezaugarri bereziak direla eta, ezin izango dira desfileak egin, baina konpartsen iritzia aintzat hartuko dugu auzoetan ordezko jarduerak proposatu nahi badituzte“, erantsi du zinegotziak.

2021eko Inauteriak otsailaren 13tik 16ra bitartean egitekoak ziren.

 

Share