Prentsa Oharren banner

Udalbatzak 2021erako zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea berretsi du

Udalbatzaren bilkuran datorren urterako ordenantza fiskalen proiektua eztabaidatu ondoren, ia zerga guztiak izoztea erabaki da. Hain zuzen ere, 2021ean oraingo tarifa berak mantenduko dira udalaren bost zergetan (OHZ, EJZ, ibilgailuak, EIOZ eta gainbalioa), gobernu taldeak proposatu bezala. “Ez diegu ahalegin gehigarririk eskatuko pertsonei, datorren urtean beharrak areagotu egiECngo direla jakinda. Horretarako, eraginkortasunez eta seriotasunez kudeatuko dugu daukagun euro bakoitza”, berretsi du Ogasun zinegotziak Iñaki Gurtubai.

Izozteak udal tasa guztiei eragiten die, bati izan ezik: udalaren tratamendu-plantetan hondakinak utzi eta horiek tratatzeari dagozkien tasak, hau da, Gardelegiko zabortegiari eta Jundizko tratamendu-plantari dagozkienak. Esate baterako, arriskutsu ez diren industria-hondakinengatiko tasa tonako 5 euro igoko da. Industria-hondakin gutxiago sortzen laguntzea da igoera horren helburu nagusia.

Orobat, energia garraiatzeko instalazioentzako tasa berria sortzea berretsi du Udalbatzak. Horren bidez, jabari publikoko lurzorua goi tentsioko lineak, gas edo hidrokarburoen kanalizazioak, instalazio hidroelektrikoak eta antzekoak garraiatzeko erabiltzeagatik kobratuko da. Tasa horrekin 300.000 euro inguruko kopurua jasotzea espero da.

Datorren urterako ordenantza fiskalen eztabaidan beste berritasun hauek onetsi dira:

–  Luis Aranburu musika-eskolako eta Jose Uruñuela dantza-kontserbatorioko matrikularen prezioaren gainean % 50eko beste hobari bat sartzea, guraso bakarreko familientzat.

– Tarifa modalitate berri bat sortzea bizikletentzako aparkaleku seguruetan, egoiliarren urteko abonamendua, zeinak egoiliarrentzat egokitutako aparkalekuetan bizikleta urte osoan aparkatzeko aukera emango baitu, 72,72 euro ordainduta.

– Udal Ogasunarekiko zorren ordainketa zatikatzeko aukera luzatzea. Orain arte gehienez 24 hilabeteko epea zegoen finkatua Udalarekiko zerga-zorraren ordainketa zatikatzeko; datorren urtetik, berriz, 60 hilabetekoa izango da epe hori.

Udalbatzaren erabakia ALHAOn argitaratu ondoren, ordenantza fiskalei alegazioak eta erreklamazioak aurkezteko epea irekiko da, abenduaren 10era arte. Gobernu Batzarrak eta Ogasun Batzordeak ebatzi beharko ditu alegazio horiek; azkenik, Udalbatzak behin betiko onetsiko ditu datorren urterako zergak, ziur aski abenduaren 23an egingo den osoko bilkuran.

Share