Prentsa Oharren banner

Abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia, gehienez 30 km/h-ko muga duten bide eta zonetan

Abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia egingo du Udaltzaingoak bihartik aurrera, gehienez 30 km/h-ko muga duten bide eta zonetan. Hain zuzen ere, Zirkulazio Araudi Orokorra eta Ibilgailuen 2003ko eta 1998ko Araudi Orokorrak aldatzeko azaroaren 10eko 970/2020 Errege Dekretuan jasotako aldaketak indarrean jarriko dira bihar, maiatzak 11, asteartez, eta Herritarren Segurtasunaren Sailak hori dela eta planifikatuta zituen ekintzetako bat izango da hori.

Araudi berrian jasotako aldaketak urtarrilaren 2an gauzatzen hasi baziren ere, Zirkulazio Araudi Orokorraren 50. artikuluari dagozkionak hilaren 11n jarriko dira indarrean, dekretu hori indarrean jarri zenetik sei hilabetera.

Berrikuntza horrekin, hiri barruko bideetan, abiadura-muga orokorra 20 km/h-koa izango da galtzada- eta espaloi-plataforma bakarra duten bideetan; 30 km/h-koa, noranzko bakoitzeko errei bakarra duten bideetan, eta 50 km/h-koa noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago dituzten bideetan.

Hortaz, abiadura-kontrolak egingo dizkie Udaltzaingoak —hilabetez— 30 km/h-ko abiadura-muga duten bide eta zonetatik zirkulatzen duten ibilgailuei. Kanpaina horren bitartez, bada, segurtasuna areagotu nahi da, 30eko bideetan, kolektibo ahulenak —adingabeak eta adindunak— ibili ohi diren ordu eta lekuetan presente egonik, radar-kabina finkoak dauden bideetan abiadura-urraketak prebenituz eta, azken batean, herritarrak abiadura-mugak errespetatzeko beharraz kontzientziatuz.

 

Share