Prentsa Oharren banner

409 ikastaro egokitu eskainiko dituzte gizarte-etxeek urrian, eta hilekoa izango da programazioa

  • 18.110 leku eskainiko dira, eta ez da zozketarik egingo izena emateko —irailaren 1ean hasiko da izen-ematea—

  • Murrizketak izango dira, eta edukiera-kontrolak, eta desinfektatu eta aireztatu egin beharko da ikastaroen artean

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek aurkeztu du, Iñaki Gurtubai alkateordearekin batera, Gasteizko gizarte-etxeen sarearen 2020-2021 kanpainako jarduera eta ikastaroen programa, gaur goizean. Martxoan erabat itxi ziren instalazio horietako zerbitzuak pixkanaka berriro irekitzeari ekin ondoren, krisialdi sanitariora egokitu dute udal sailek programazioa —kultura-, hezkuntza-, kirol-, osasun- eta gizarte-jarduerak—.

“Gizarte-etxeen sarea funtsezkoa da gasteiztar askorenentzat, berebiziko garrantzia dute beren bizitzan hurbileko ekipamendu eta zerbitzu horiek. Erronka handia izan da programazioa egokitzea, segurua izan dadin, eta zuhurtzia handiz jokatu da. Udal teknikarien ahaleginari esker lortu da. Kultura-, hezkuntza-, kirol- eta gizarte-eskaintza zabala izango da. Nolanahi ere, erabiltzaileei eskatu beharra daukagu arauak zorrotz bete ditzatela”, nabarmendu du Borja Rodriguezek.

Pandemiaren beste agerraldirik egokituz gero bizkor erreakzionatu ahal izateko, ikastaro gehienek hilabeteko iraupena izango dute. Izena emateko iraileko lehenengo txandan, guztira 18.110 leku eskainiko dira, 409 jardueratarako. Aurten ez da argitaratuko informazio-liburuxka, aurreko urteetan bezala. Zerrenda, ordea, eskuragarri dago dagoeneko Udalaren webgunean, eta gizarte-etxeetan bertan ere ikusgai jarrita egongo da.

Era berean, ez da zozketarik egingo lekuak banatzeko. Irailean hasiko da izen-ematea, eta lehenengo bi egunetan online eta 010 telefonoaren bidez bakarrik egin ahal izango da. Horretarako, indartuko egingo da telefono bidezko arreta. Izena eman ondoren, gizarte-etxeetara joan ahal izango da ordainketa egitera, webgunean bertan egin ez bada; baita libre geratu diren jardueretan izena ematera ere.

Prebentzioari dagokionez, neurri espezifiko ugari hartu dira eta hartuko dira, hala nola, edukiera edo zirkulazioa kontrolatzea eta desinfektatzea. Gizarte-etxeetara sartzeko, indarrean dauden arau sanitarioak bete beharko dira, orain bezala: maskara nahitaez erabili, distantziak mantendu eta eskuak maiz garbitu. Gainera, ikasleek edo begiraleek, saioa bukatzean, hamar minutuz lan-eremua desinfektatzen jardun dezatela erabaki ahal izango da. Halaber, jarduera batetik bestera gutxienez 15 minutuko tartea utziko da, sarrera eta irteeretan gurutzea ekiditeko eta lekuak aireztatzeko. Horrez gain, kirol jardueretan nahitaezkoa izango da banakako toalla eta ur botilatxoa erabiltzea, eta kaleko oinetakoak kendu eta kirol oinetakoak janztea.

Murrizketa guztiak gorabehera, eskaintzak eutsi egiten dio herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten aisialdi-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuari.

Prezioei dagokienez, % 40ko murrizketa izango dute abonatuek, euskara-ikastaroetan izan ezik, horiek beste murrizketa-irizpide batzuk baitituzte. Era berean, langabezian daudenek % 15eko murrizketa gehigarria izango dute.

Izen-ematea

Gaurtik bertatik kontsulta daiteke jardueren eskaintza Udalaren webgunean, eta hauek izango dira izena emateko epeak:

  • Irailaren 1etik 6ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena euskara-ikastaro berean.

  • Irailaren 1etik 9ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena igeriketa-ikastaro berean.

  • Gainera, irailerako bakarrik izango den kirol-eskaintza egiten da —izena emateko epea irailaren 1ean hasiko da—.

  • Irailaren 7an, gainerako ikastaro guztietarako izen-ematea irekiko da.

  • Irailaren 14an Xtrakluberako izen-ematea hasiko da.

77 kirol-jarduera

Datorren ikasturteko kirol-programazioari dagokionez, eskaintzaren baliorik handietako bat aniztasuna dela nabarmendu du Iñaki Gurtubai alkateordeak: 77 jarduera desberdin eta 9.560 leku izango dira guztira, urrian, azaroan eta abenduan. Aniztasuna, modalitateak kontuan hartzen badira, baina baita nori zuzenduta dauden kontuan hartzen bada ere:

• 1.377 leku haurrentzat.

• 205 leku gazteentzat.

• 6.069 leku helduentzat.

• 230 leku edozein adinetakoentzat (jarduera irekiak).

• 1.639 leku adinekoentzat.

• 40 leku familientzat.

Aurreko urteetakoen aldean, hainbat diziplina berri izango dira, hala nola ibilaldi aktiboa eta teknologia (jarduera fisikoa eta aplikazio mugikorren erabilera konbinatuko dituzte adinekoek), jarduera fisikoa eta zentzumenen memoria (60 urtetik gorakoak estimulazio kognitiboko lantegira joango dira, bost zentzumenak berreskuratzeko eta garuna aktibatzeko), jarduera fisikoa eta mindfulnessa (hori ere adinekoei zuzendua) eta cross training modalitateak, hainbat adinetakoentzat.

“Programazio hau testuinguru erabat berrian antolatu behar izanak ekarri digun zailtasuna gorabehera, orain arte ez bezalako segurtasun-jarraibideak bete beharra baitago, eta ikastaroak eta lantegiak egoera aldakor honetan diseinatzeak ekarri duen ziurgabetasuna gorabehera, teknikariek egin duten ahalegina eta eskaini dioten denbora eskertu nahi ditut. Beste urte batez, kalitateko eskaintza dugu, kirola eta osasuna batzen jarraitzeko aukera emango baitigu, hain zuzen ere, osasunak inoiz baino garrantzi handiagoa duen honetan”, adierazi du Iñaki Gurtubaik.

49 kultur ikastaro

Udalaren urrirako kultur eskaintzaren barruan, jarduera artistikorako hastapen-ikastaroak daude. Guztira, 149 ikastaro eskaintzen dira, 87 espezialitatetan, haur, gazte eta helduei zuzenduta. Guztira, 1.838 leku. Ikastaroen iraupena murriztearen ondorioz, moldatu egin da edukia, proiektu artistiko jakinetara edo trebetasun artistiko zehatzetara egokituz, eta hilean 4 edo 5 saiotan landuko dira horiek.

Bestalde, Udalaren Liburutegi Sareak irakurketa sustatzeko jarduera ugari eskainiko ditu, hala nola haur eta helduentzako ipuin-kontaketak, solasaldiak, liburu-aurkezpenak… Irakurketa erraza lantzeko irakurketa-klub bat ere jarriko da martxan, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta. Gainera, liburutegi-sareak berak eskainiko ditu behar diren liburuak.

Ludoteken eskaintza; familiak eta adinekoak

Urrian, halaber, gizarte-sustapeneko 156 jarduera eskainiko dira; gutxi gorabehera, 1.879 leku. Herritar orori zuzendutako jarduerarik ere izango da. Guztira, 22 jarduera izango dira, eta 346 leku: biodantza, ongizaterako topaketak, bindfulness eta abar.

Era berean, eutsi egingo zaio haurrei eta familiei zuzendutako jardueren eskaintzari. Guztira, 67 jarduera eskainiko dira, eta 789 leku. Arlo horretan, motibazioa eta ikasteko ohiturak lantzen dituzten jarduerak mantentzen dira, baita sozializazio-prozesua, emozioen adierazpena eta haurren ongizatea bultzatu nahi dituzten beste jarduera batzuk ere. Ludoteka eta ludoklubetan ere irekiko da izena emateko epea. 143 txanda eskainiko dira, 1.951 leku, 11 urte arteko haurrentzat.

Familiei eta gurasoei seme-alaben hezkuntza-prozesuan laguntzeko jarduerak ere sartzen dira eskaintzan. Halaber, Senidegune programa, zeinen bitartez 3 urte arteko eta 4 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoen hezkuntza-lanean laguntza ematen baita. Bilobak zaintzen dituzten aitona-amonei eta haurdun dauden emakumeei eta horien bikotekideei ere zuzentzen zaie.

Eta, azkenik, adinekoen sektoreari zuzendutako jarduerak mantentzen dira, guztira 32 jarduera eskaintzen baitira, 418 leku. Bereziki, gaitasun kognitiboak hobetzen laguntzen duten jarduerak dira, zahartze-prozesu positiboa bultzatzen dutenak. Eskaintza horri guztiari, gainera, adinekoen zentro soziokulturalen jarduera-eskaintza zabala gehitu behar zaio: 234 talde, guztira 2.692 leku.

Share