Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 martxoa 2019 14:03
  • Ia 60 kontratuk izan ahalko dute Gasteizko Udalaren laguntza ekonomikoa

Urtaranen gobernuak 45 urtetik gorakoen enplegu-egonkortasuna sustatzeko laguntzetarako 2019ko deialdia onetsi du, 400.000 euroko zuzkidura duena; aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea sustatzeaz gain, kontratu mugagabeak sinatzea ere lagunduko da aurten, Dirulaguntzen ildo horri esker, enpresa bakoitzak gehienez ere bi kontrataziotarako laguntza eskuratu ahalko ditu —hiru, baldin eta gizarteratze-enpresa bada—.  Gutxienez % 50eko lanaldiko kontratuak izan beharko dute, baina lanaldi osokoak lehenetsiko dira.

Aurten eskabideak balioesteko irizpideen baremo berria ezarri da, eta adina eta kontratatutako pertsonaren lan egoera izango dira puntuazio handieneko alderdiak. Zehazki, lor daitezkeen 200 puntuetatik 60 puntu 55 urtetik gorakoei egindako kontratuetarako izango dira, eta 50 eta 54 urte bitartekoei egindakoengatik, 40 puntu esleituko dira.

Kontratatutako pertsona luzaroan lanik gabe egon bada (12 hilabete langabezian azken 18 hilabeteetan), 50 puntu emango dira; diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonei egindako kontratuengatik, berriz, 20 puntu. Emakumeei egitekoak diren kontratuek 20 puntu jasoko dute, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak izanez gero, 10 puntu.

Kontratu mugagabea egiteagatik edo aldi baterako kontratua lanaldi osoko kontratu mugagabea bihurtzeagatik kontratuaren urteko soldata gordinaren % 40ko laguntza jaso ahalko da. Oro har, kontratazio bakoitzeko 7.000,00 euroko muga ezarri da; 55 urtetik gorako pertsonei kontratu mugagabea egiteagatik edo aldi baterako kontratua lanaldi osoko kontratu mugagabea bihurtzeagatik, berriz, 8.000 eurokoa izango da gehienezko muga. Kontratatzen diren pertsonek 45 urtetik gora izan beharko dute kontratazio mugagabea edo aldi baterako kontratuaren aldaketa hastean, eta Gasteizen erroldatu egon diruz laguntzen den kontratua egin aurreko sei hilabeteetan, gutxienez.

Deialdia ALHAOn argitaratzen denean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2019ko irailaren 30ean bukatuko.

2016an enplegu-egonkortasuna sustatzeko laguntzak sortu zirenetik 180 lan-kontratuk jaso dute laguntza kontratu mugagabe bihurtzeko. Orain arte abian jarritako hiru deialdietan ia 1.200.000 euro inbertitu dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urtarrila 2018 09:55

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak 2017an 45 urtetik gorakoen enplegu-egonkortasuna sustatzeko laguntzak emateko planaren emaitzak ezagutarazi ditu gaur goizean. Orotara, 61 pertsonaren aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtu dira Udalaren diru-laguntzari esker, iaz baino lau gehiago.

“Laguntza planaren helburua guztiz bete da, 45 urtetik gorako 61 pertsonak lortu baitute lanpostuaren egonkortasuna. Gainera, horietako % 57k 50 urtetik gora dute, hau da, lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten multzoetako batekoak dira”, azaldu du Melgosak.

Zinegotziak argitu duenez, “laguntza horien helburua ez da enplegua sortzea, lehendik zeuden enpleguen egonkortasuna eta kalitatea lortzea baizik, lanaldi osoan edo partzialean, gutxienez % 50eko lanaldikoak“. Laguntzaren 61 onuradun horietako 32 emakumeak dira, eta 29, gizonak. 26k 50 urtetik behera dute; 16k, 50 eta 55 urte bitartean; 17k, 56 eta 60 urte bitartean, eta 2k, 60 baino gehiago.

Emandako laguntza 396.528,82 euro izan da. Udalak 124 eskabide jaso zituen, eta 106k betetzen zituzten eskatutako betekizunak. Norgehiagokaren erregimena baliatuz eman dira prestazioak. Alegia, ezarritako helburuen betetze-maila handiena zuten enpresek jaso dituzte laguntzak.

“Udala ahalegin betean ari da lan-merkatua duintzeko, bereziki 45 urtetik gorakoei eta emakumeei dagokienez. Enpleguak kezkatzen gaitu, baita horren kalitateak ere, eta bide beretik lanean jarraituko dugu, eta udal-eskumenen barruan lan-merkatuan egin daitezkeen hobekuntzen diagnostikoan”, amaitu du zinegotziak.

 

 

Share