Prentsa Oharren banner

Udalak dagoeneko bideratu du kirol-instalazioetako urteko abonamenduaren % 25en itzulketa

Gasteizko Udalak beteak ditu kirol-instalazioetako urteko abonamenduaren % 25 itzultzeko izapideak. Banku-entitatearen arabera -ordainagiria helbideratuta dagoen lekua-, atzo bertan sartu zen kontuan dirua, edo datozen egunetan. Osasun krisialdian ekipamenduak itxi behar izan zirelarik, abonatu guztiei abonamenduaren laurdena automatikoki itzultzea erabaki zen irailean, ez dago horri buruzko eskaerarik egin beharrik.

Itzulketaren kopuru nominala 1.568.354,24 euro da orotara. Horri 33.582,91 euro kendu zaizkio, Udalarekin beste kontzeptu batzuengatik zorrak dituzten abonatuei dagozkienak; beraz, 1.534.771,33 euro itzuliko dira berez. Guztira 91.509 itzulketa dira. 97.000 abonatu baino gehiago dira, baina 0 eta 4 urte bitarteko tartean urteko kuota 0 eurokoa da.

Gizarte etxeetako jardueren kasuan bezala, aldez aurretik banan-banan jakinaraztea egin gabe itzuliko da dirua. Itzulketaren egiaztagiria edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, 010 telefonora deitu dezakete abonatuek. Itzulketa urteko kuotari bakarrik aplikatzen zaio, ez matrikula-kuotari edo inskripzio-gastuei.

“Gure gain hartu genuen dirua itzultzeko konpromisoa, eta konpentsazio logikoa da, instalazioak itxiz gero zerbitzua etenda geratu baitzen. Zalantzarik gabe, 2020. urtea kirola egiteko urte zaila izan zelako gogoratuko da, besteak beste; hori dela eta, gure kirol-instalazioen sareko abonatuen konfiantza eskertu nahi dugu”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

 

 

Share