Prentsa Oharren banner

BIZAN sareko zentroek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatu dute

Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatu dute gaur Bizan sareko erabiltzaileek, Andre Maria Zuriaren plazan egindako hainbat jarduera tarteko. Horien artean nabarmentzekoak dira “Jar ezazu adineko bat zure bizitzan” pregoiaren irakurketa, adinekoek gizartearengandik espero dutenaren inguruko eztabaida, aldarrikapen-ibilaldia hiriaren erdialdetik, eta azken adierazpenaren irakurketa.

Gorka Urtaran alkateak eta Gizarte Politiken Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak ongietorria eman diete parte hartzaileei, eta BIZAN sareko zentroetan egiten duten lana eta gizarteari egindako ekarpenak eskertu dizkiete.

Share

Bizan zentroek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute bihar, Andre Maria Zuriaren plazan adierazpen bat irakurriz eta zenbait jarduera eginez

 

BIZAN zentroen sareak (lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalak) Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko du bihar, urriak 1, Nazio Batuen Batzar Nagusiak duela 31 urte ezarritakoari jarraituz.

Horren haritik, adierazpen bat irakurriko da, eta zentroen erabiltzaileek zenbait jarduera egingo dituzte Andre Maria Zuriaren plazan, denbora eta espazioa beste adin eta gizarte-talde batzuetako pertsonekin partekatuz.

“Adinekoak bizitzaren zein unetan dauden ohar daitezen nahi dugu, eta gizartean zenbateko indarra eta pisua duten. Komunitatean ikusgarriago bihurtu nahi ditugu, eta gizarteari egiten dioten ekarpena ikusarazi. Izan ere, adinekoak oso presente daude gure egunerokoan; gizarte aberats eta plural batean, halakoa baita gurea, esku-hartze aktiboa dute, eta esperientzia,  jakinduria, balioak eta bizitzeko modu bat jartzen dituzte“, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Urriaren 1eko jarduera-programa 17:45ean abiatuko da, Andre Maria Zuriaren plazan, musika lagun. 18:05ean, “Jar ezazu adineko bat zure bizitzan” pregoia irakurriko da, adinekoek eguneroko bizitzan duten egitekoa islatzeko asmoz.

Ondoren, jai giroko ibilaldia egingo da hiriaren erdialdetik. Aldi berean, Andre Maria Zuriaren plazan eztabaida antolatu da gai honen inguruan: adinekoek gizarteari egiten dizkioten ekarpenak; zer espero du gizarteak haiengandik, eta zer espero dute haiek gizartetik?

19:15ean amaituko da jardunaldia, adierazpen bat irakurriz.

Jon Armentiak esan duenez, “ekitaldi horiek guztiak aukera paregabea izango dira BIZAN sareren erabiltzaileek aisialdi eta partaidetza arratsalde batez goza dezaten, herritar orori irekitako ospakizun baten aitzakian“.

 

BIZAN sarea

16 zentrok osatzen dute BIZAN sarea. San Martinekoa izan zen sarean sartzen azkena, duela urtebete baino gutxiago. Zentro horien bidez, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 60 urtetik gorako pertsonen eta haien bikotekideen zahartze aktiboa eta parte-hartzea sustatzen dute. Gaur egun ia 36.000 erabiltzaile dituzte, eta txartela doakoa da.

Gasteizen, 65 urte edo gehiago duten 54.500 pertsona inguru bizi dira.

Share

Gizartean dagokien lekua aldarrikatu dute adinekoek

Adinekoen zentro soziokulturalak Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen ari dira

Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen ari dira adinekoentzako zentro soziokulturalak, gizartean dagokien lekua aldarrikatzeko.

Arka plazako Ibiltariaren ondoan hasi dira ekitaldiak. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi Jon Armentiak adierazi duenez, “zahartzea aurrerabide sozial, sanitario eta ekonomiko gisa ulertzeko baliatu beharra dago egun hau. Burutik kendu beharra daukagu zahartzea arazo bat deneko ideia hori, guztiok nahi baikenuke eskubide eta ongizate-berme guztiekin zahartu. Eta, gizarte gisa, hori lortu eta gauzatu betebeharra dugu.”

Orobat nabarmendu du Armentiak: “Erreferente zarete gizartean, berebiziko lekua hartzen duzue bertan. Horregatik, zuen eskubideak baliatzeko aukera izan dezazuen beharrezko diren neurriak bultzatzen ditugu, ez baitugu nahi inor adinagatik baztertuta sentitzea, eta bai baitakigu zuen esperientzia eta ezagutza geure egiten badugu gizartearen mesede izango dela.”

Eguna ospatzeko, elastiko bat jarri zaio Ibiltariari, eta hiriko hainbat kaletan “Guk, pintatu…, gogotik!” idatzi da lurrean.

Share

Adinekoen Nazioarteko Eguna gogoratzeko ekitaldi txikiak egingo dira erdigunean

Adinekoentzako zentro soziokulturalek tamaina txikiko jarduerak antolatuko dituzte urriaren 1a ospatzeko

Urriaren 1ean, adinekoentzako zentro soziokulturalek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, Gasteizko erdigunean tamaina txikiko eta asistentzia murriztuko jarduerak antolatuta.

Covid-19arekin lotutako prebentzio-neurriek baldintzatuko dute ospakizuna, ekitaldietan indarrean dauden higiene eta osasun neurriak beteko baitira, eta pertsonen kopuru txikia bilduko baitute.

Egun horren helburua da “zentro soziokulturalen erabiltzaileen errealitate ezberdinak ikusaraztea, adinekoei buruzko estereotipoak apurtzea, proaktiboak izateko aukera ematea eta beren desioak, errealitateak eta eskaerak ezagutzea“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Zinegotzi ordezkariaren hitzetan, “gizarteak adinekoen ahalduntzea bultzatu behar du, gizartean, ekonomian eta politikan parte har dezaten bultzatuz haien inklusioa lortzearren, eta aurrez aurre dituzten ezberdintasunak eta ahultasun-egoerak ezabatzearren. Haien autonomiaren sustapenak gure helburuen erdian egon behar du; bestetik, haien ezagutza eta esperientzia baliatu behar ditugu. Gizarteari on egingo dio horrek eta, aldi berean, adinekoen bizitza hobetuko da”.

Zehazki, jarduera hauek antolatu dira urriaren 1eko goizean Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta:

  • Manifestu baten irakurketa Arka plazan.
  • “Pintamos y mucho” eta “Gu pintatu gogotik” lemak pintatzea.
  • Pankarta baten erakustaldia Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan, hamar adinekok koreografia bat dantzatuko dute, eta minutu bateko isilaldia egingo dute covid-19a dela eta hil diren adinekoen alde.
  • Adinekoentzako zentro soziokulturaletako jarduera batzordeen ordezkarien arteko eztabaida, adinekoek “normaltasun berrian” duten egitekoaz.
  • Sophik (Psikopompoko kidea) adinekoen omenez konposatutako abestia aurkeztea.

Ekitaldiek gehienez 10 minutu iraungo dute, formatu txikikoak eta jendetzarik gabeak izan daitezen. Gainera, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea eta distantzia gordetzea.

Adinekoak Gasteizen

Adinekoak ia % 21 dira Gasteizen. Hau da, Arabako hiriburuan ia 53.000 biztanle dute 65 urte edo gehiago, eta horien % 67 dira zentro soziokulturalen erabiltzaileak

Adinekoen Nazioarteko Eguna (2018)

Share