Prentsa Oharren banner

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek bere irudia berritu dute eta BIZAN Sarea bihurtu dira, estereotipoei aurre egiteko eta erabiltzaile berriak erakartzeko

Bizi + Izan hitzak elkartzetik sortu da izen berria eta bizitasunaren ideia islatu nahi du

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek irudi eta izen berria dute. Hemendik aurrera BIZAN deituko dira, irudi hurbilagoa eta irekiagoa emateko, erabiltzaileei eta zentroei lotutako estereotipoetatik urrun.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak izen berria eman du ezagutzera eta esan duenez, prozesu luze baten emaitza da, orain dela sei urte, 2015ean, hasi baitzen “erabiltzaileek adierazi zigutenean zentroen irudi positiboagoa helarazi nahi zietela herritarrei, sailaren barruan genuen izena aldatzeko ideiarekin bat etorriz”.

2019an egindako azterketa batek agerian utzi zuen adinekoei buruzko estereotipoak zeudela, eta estereotipo horiek zentroei ere eragiten zietela. Horregatik, erretiratzear edo erretiratu berri ziren pertsonek ez zituzten ez ezagutu ez erabili nahi. AZSKak ez ziren begi onez ikusten haien izena zela eta, ez baitzen erakargarria ez erabiltzaile posibleentzat, ez adin-talde gazteagoentzat.

Ondorio hori ikusita, AZSKei izena aldatzeko prozesu bat abiarazi zen eta bertan profesionalek, adin desberdinetako taldeek eta zentroetako erabiltzaileek hartu dute parte. Prozesu horren emaitza BIZAN izena izan da, Bizi eta Izan hitzak elkartzetik sortua, “adinekoen bizitza eta izatea gogora ekartzeko. Haien benetako izaera islatzen du izenak: parte hartzea, jendea ezagutzea, ondo pasatzea eta gizartean ekarpenak egitea gustuko duen jende aktiboa da”, azaldu du zinegotziak.

Izen berriaren ondoan “Esperientziak bizitasunarekin bat egiten duen tokia” lema agertuko da. Goiburuak, Jon Armentiaren esanetan, “errotik desagerrarazten du estereotipo hedatuenetako bat: adinekoak, bizitzan esperientzia zabala izanik ere, pertsona inaktiboak eta motibaziorik gabekoak direla uste izatea. Ez da hala”.

 

Izena probatu egin da

Apirilean zentroetako 60 erabiltzaileri eta bertako langileei aurkeztu zitzaien izena. “Ilusio handiz hartu zuten. Asko gustatu zitzaien”, azaldu du zinegotziak.

16 zentro soziokulturalen irudi aldaketa ekainetik aurrera egingo da, pixkanaka. Fatxadetan izen berria jarriko da, Koroatzean eta Ariznabarren biniloak jarriko dira elementu grafikoekin, eta Udalaren webgunean baliabide horiei buruzko atala berrituko da.

BIZAN Sareak irailetik aurrera burutuko duen programazioan ere sumatuko da aldaketa hori; izan ere, herritar guztientzako jarduera gehiago egongo dira, bai eta lantegi sortzaile gehiago ere, adinekoek haien ezagutzak beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera izan dezaten.

“Azken batean, helburua da herritarrek toki horiei buruzko ideia argi izatea: harreman berriak hasteko, ikasteko eta ondo pasatzeko aukera ematen duten lekuak dira. Pertsonen ekarpenei garrantzi handia ematen diete, eta adinekoek beren ezagutzak, gaitasunak eta balioak parteka ditzakete bertan beste pertsona batzuekin, estereotipoei eta adinkeriari aurre eginez”, esan du Jon Armentiak.

Share

TVE telebistako “De Seda y Hierro” saioa erreportaje bat grabatzen ari da Gasteizen, adinekoen istorioekin, besteak beste zentro soziokulturaletakoenekin

Urte bukaeran emitituko da, La 2 katean

 

TVEko La 2 kateak emititzen duen “De seda y hierro” saioko lantalde bat adineko pertsonei buruzko erreportaje bat grabatzen ari da egunotan Gasteizen.

Adinekoen zentro soziokulturaletako erabiltzaileek eta hiriko beste kolektibo batzuetakoek beren istorio pertsonalak kontatuko dituzte bertan, erretratu intimo eta positiboak tarteko. Hartara, mendekotasun-egoeran bide daudenen normalizazioa, aniztasuna eta inklusioa sustatzen ditu programak.

Horretarako, protagonisten bizi-esperientziara jotzeaz gain, haiekin dauden senide, zaintzaile eta profesionalen lekukotasuna ere jasotzen du.

Programa grabatzeko, hainbat lokalizazio aukeratu ditu “De seda y Hierro” programak; besteak beste, Lakua-Arriagako eta Txagorritxuko adinekoentzako zentro soziokulturalak, baita Zaramagako eta Koroatzearen auzoko beste zenbait leku ere.

 

Share