Prentsa Oharren banner

Gizarte Politiken Sailak lankidetza-hitzarmenak adostu ditu 4 elkarterekin haur eta nerabeak babesteko programak egiteko  

Tokiko Gobernu Batzarrak 4 lankidetza-hitzarmen onetsi ditu gaur AVAIM, UNICEF, Movimiento Contra la Intolerancia eta Save The Children elkarteekin haur eta nerabeak babesteko programak egiteko; Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 47.000 € inguru jarriko ditu horretarako.

“Hitzarmen hauen bitartez haurren eta nerabeen eskubideak babestu nahi ditugu eta haien ongizatea bermatu. Horretarako, prebentzio-jarduerak eta ekintzak egingo dira, haien eta haien familien premiei erantzuten zaiela bermatzeko”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak.

AVAIM-Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkarteak 11.780 € jasoko ditu, besteak beste, Aktiba(tu) partaidetza-programako ikasturte amaierako jardueran parte hartzeko eta profesionalak haur eta nerabeenganako tratu onari buruz sentsibilizatzeko.

UNICEFi kopuru berdina emango zaio, 11.780 €; Udalak 2020ko aurrekontuetan haurrei zuzendutako gastuaren azterketa egingo du elkarteak, eta, horrez gain, haur eta nerabeen ahotsa izango da azaroaren 20an, Haurtzaroaren Egun Unibertsala.

Movimiento Contra la Intolerancia elkarteak eskola-jazarpena eta -ziberjazarpena saihesteko hitzaldiak eta lantegiak dinamizatuko ditu ikastetxe eta gizarte-etxeetan. Beste ekintza batzuk ere burutuko ditu, hala nola haurren eta nerabeen eskubideei buruzko inkesta bat, edo haurrak komunikabideetan eta sare sozialetan nola azaltzen diren aztertzeko ikerlan bat. Hitzarmen horretarako ere Udalak 11.780 € emango ditu.

Azkenik, Save The Children elkarteak 11.724 € jasoko ditu, eskola-arrakasta eta aisialdi eta denbora libreko jarduerak sustatzeko programa gauzatzeko. Programa hori Pilarreko eta Aldabeko gizarte-etxeetan burutzen du duela urte batzuetatik hona.

Adinekoentzako aholkularitza juridikoa

 Tokiko Gobernu Batzarraren bilkura berean Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren beste hitzarmen bat onetsi da. Kasu horretan, Arabako Abokatuen Elkartearekin sinatutakoa, adinekoei aholkularitza juridikoa emateko.

Zerbitzuaren helburua da adinekoek eta zaintzaileek dituzten eskubideei buruzko aholkularitza espezializatua ematea, abokatuak esku hartzea aginduzkoa ez den kasuetan, prozesu judizialaren aurretik orientabideak eskainiz.

Hitzarmena urtebeterako sinatu da eta udalak 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du.

Share